Alberto Zerain eta Mariano Galván bizirik topetako aukerea baztertu dabe

Bizkaie! 2017-07-01 13:54   Euskaldunak munduan

Mendizale bien arrastoa galdu zaneko lekura joan da helikopteroa eta edur-jausia topau dau.

Joan dan asteko zapatutik, bagilaren 24tik, ez da Alberto Zerain arabarraren eta Mariano Galván argentinarraren barririk egon. Nanga Parbat mendia (8.126 m) igoteko ahalegina egin eben Mazeno ertz arrikutsuan gora, baina euren GPS eta telefonoek astebete daroe amatauta. Eguraldi txarragaitik erreskateko helikopteroak ezin izan dau hegaz egin eguaztenetik. Giroa baretu danean, gaur goizean, Mazeno ingurura joan da, baina ez dau barri onik ekarri handik.

Alex Gavan alpinistea helikopteroan joan da, Nanga Parbateko Behe Kanpalekuan dagoanez laguntzeko prest agertu dalako. Kontau dauenez, Mazeno ertzean ez dabe Zerain eta Galvánen arrastorik ikusi. Edur-jausia egon dala bai, argi eta garbi ikusi dabe. Horregaitik, erreskate taldeen ondorioa gabia da: Galdutako mendizaleak bizirik topetako aukerarik ez dago.

Gitxi gorabehera, 6.000 metroko altueran galdu zan Zerainen eta Galvánen arrastoa joan dan zapatuan. GPSaren azken seinaleak 150 metro jausi zala adierazo eban. Helikopterotik gaur ikusitakoa jakinda, baleiteke edur-jausiak biak bete-betean harrapau izana.

Alberto Zerain mendizale gasteiztar beteranoa hilaren 11n joan zan Pakistanera, Mazeno ertz arriskutsutik Nanga Parbat igoteko asmoz, Mariano Galván argentinarra sokakide ebala. 2x14x8000 proiektuaren parte zan espedizinoa. Aurretik, maiatzean bertan, Annapurna igon eban Zerainek, bere ibilbideko hamargarren zortzimilakoa. Zerainek eta Galvánek sarritan lan egin dabe alkarregaz: Dhaulagirin 2016an eta Manaslun urte berean, esaterako.

Euskal Herriko alpinistarik entzutetsuenetako bat zan Alberto Zerain. Horregaitik, haren heriotzeak zortzimilakoetako beste tragedia batzuk dakarz gogora, Felix Iñurrategirena (2000n) eta Iñaki Otxoa de Olzarena (2008an), esaterako. Zortzimilako baten hildako azken euskalduna Luis Mari Barbero bizkaitarra izan zan, 2009an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu