Alberto Zerain bilatzen laguntzeko prest dagoz euskal mendizaleak eta erakundeak
2017-06-30 07:54 Euskaldunak munduanZapatutik galduta dagoz Zerain arabarra eta Galván argentinarra Nanga Parbaten, baina eguraldiaren erruz bilaketa lanak etenda dagoz asteburura arte.
Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza Gasherbrum I eta II mendiak igoteko ahaleginean dabiz egunotan, WOPeak proiektuaren barruan eta ingurune hori Nanga Parbatetik hur dagoanez, laguntzeko prest agertu dira. Izan be, zapatutik, hilaren 24tik, ez dago Alberto Zerain arabarraren eta haren sokakide Mariano Galvánen barririk. WOPeak espedizinokoek adierazo dabenez, Zerain eta Galván bilatzeko lanetan euren ekarpena egin nahi dabe. Une honetan, Gasherbrumeko Behe Kanpalekuan dagoz, albisteen zain.
Karakorum mendizerran dagoz Gasherbrum mendiak eta Nanga Parbat. Lerro zuzenean 220 bat kilometro dagoz leku batetik bestera eta, beraz, Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzak dinoe ordu gitxian heldu leitekezala Nanga Parbatera. Goi mendian eskarmentu luzea daukie hirurek eta, ganera, beste espedizino baten sartuta dagozanez, ondo aklimatauta dagoz zortzimilakoetan ibilteko.
Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzea be azpiegitura teknikoa atontzen hasi dala dinoe iturri batzuek, Karakorumen behar izan ezkero erabilteko. Orain dala egun batzuk Nanga Parbaten martxan ipinitako bilaketa operazinoagaz bat egiteko beharrezko laguntzinoa eskaini gura dau Jaurlaritzeak. Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak be, Alberto Zeraini babesa adierazoteaz gan, ahal daben guztia egingo dabela azaldu dabe.
Kontuak kontu, bariku honetan, Alberto Zerain eta Mariano Galván topetako operazinoa geldirik dago, eguraldi eskasaren erruz. Eguaztenean helikopteroa bialdu eben Pakistango agintariek, mendizaleen azken seinalea jaso zan lekura, baina lainoak ez eutsen itxi ingurua behar dan moduan arakatzen. Helikopteroari atzera eragin eutsan eguraldiak eta atzo eta gaur be giroak ez dau hobera egin.
Asteburuan eguraldi hobea egongo dala dinoe aurrikuspenek eta, hortaz, zapatuan bertan helikopteroa barriro martxan ipinteko baldintzak egongo dirala dirudi. Asmoa da, GPSaren seinalea galdu zan lekura joatea eta, han hasita, Mazeno ertz guztia airetik ikuskatzea, mendizaleen bila.
Berez, Zerain eta Galván eskarmentu handiko alpinistak dira eta astebeterako jatekoak eroan zituen Behe Kanpalekutik urten ebenean. Ganera, zapatuan Behe Kanpalekuko taldekideei telefonoz esan eutsen ondo egozala. Baina harrezkero ez da hareen barri gehiagorik egon: Telefonoak eta GPSak ez dau seinalerik emoten zapatutik. Ganera, Mazeno ertza arriskutsua eta luzea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!