Gasherbrum I eta II zortzimilakoak igon nahi ditue Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak

Bizkaie! 2017-05-31 11:26   Kulturea

WOPeak proiektuaren azken espedizinoa izango da eta bagilaren 6an urtengo dabe hiru mendizaleek Karakorum aldera.

Hiru mendizaleak, esedizinoa aurkezteko Bilbon egindako aurkezpenean (argazkia: WOPeak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gorbeiako tontorrean hasi zan WOPeak proiektua eta, ahalegin bakotxean beste mila metro gora eginaz, zortzimilakoetara heldu da. Igaz joan ziran Gasherbrum I eta II mendietara Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza. Eguraldi eskasaren erruz ez ziran tontorrera heldu eta, beraz, aurten barriro joango dira leku berera, helburua beteteko asmoz.

WOPeak helburu solidariodun proiektua da, gaixotasun degeneratiboak daukiezan umeen aldekoa. Walk On Project (WOP) egitasmoagaz lotuta dago eta Mikel Renteriak sortu eban, bere semearen gaixotasunaren barri zabaltzeko eta ikerkuntzarako babesa topetako.

Zortzi espedizinotan beste horrenbeste menditara igotea da WOPeaken oinarria: Gorbeian hasi ziran (1.482 m.) eta aldi bakotxean mila metro gorago joan dira: Hiru Erregeen Mahaia (2.428 m.), Taillon (3.144 m.), Copacollo (4.835 m.), Nido de Cóndores (5.570 m.), Aconcagua (6.690 m.), eta Chamlang (7.319). Azken atalean, jakina, zortzimilako bat zapaltzea da asmoa. Igaz Gasherbrumen huts egin eta gero, leku berean ahaleginduko dira aurten Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza.

Pakistango Karakorum mendilerroan dagoz Gasherbrum biak, 8.068 eta 8.035 metroko tontorrak, hurranez hurran. Ohiko ibilbideetatik urrunduta eta Beheko Kanpalekutik pasau barik, tontor batetik besterako bidea egitea pentsau dabe hiru mendizaleek estilo alpinoan. Iñurrategik azaldu dauenez, igaz zalantzak izan zituen bidea aukeratzeko orduan eta aurten, ostera, argiago daukie dana.

Bagilaren 6an joango dira Karakorumera eta hamar egun inguru beharko ditue oinez Beheko Kanpalekura heltzeko. Hiru edo lau asteko aklimatazinoaren ostean, garagarrilaren erdi partean tontorrerako bideari ekitea aurrikusi dabe. Denporaz egin nahi ditue gauzak, ahalegin bi egiteko astia euki ahal izateko. Abuztuaren hasikerarako tontorra zapaltzea da helburua.

Aklimatazinoa oinarrizkoa izango dala uste dabe hiru mendizaleek. Izan be, denpora luzea egingo dabe 8.000 metroen bueltan, tontor batetik besterako bidean. Messner-Habeler bidetik igongo dabe eta Kukuczka-Kurticka izenekoa hartuko dabe tontor batetik besterako zeharkaldian.

Gasherbrum mendietako batera, edo bietara, heldu ezkero, WOPeak proiektuaren fase hau amaitu egingo da, kirol helburua beteta. Dana dala, Mikel Renteriak dino WOPeak ez dala amaituko, kirolagaz eta alkartasunagaz lotuta segiduko dauela gaixotasun degeneratiboen barri emoten. Espedizinoak huts egin baleu, ostera, Iñurrategik ziurtatu dau hurrengo baten barriro ahaleginduko dirala. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu