Maria Vivanco eta Arkaitz Carracedo CIC bioGUNEkoak eta José Galindez enpresaria dira saridunak
2025-11-13 07:46 KultureaBegoñazpi Ikastolako ‘Gazte Role Model 2025’ sariak emon ditue bart.

XVI. edizino honetan, Gazte Role Model Saria, Bilboko Begoñazpi Ikastolak konpromiso soziala eta ekintzailetza autortzeo urtero emoten dauan saria, Zamudioko CIC bioGUNEko ikertzaileak diran Maria Vivanco biokimikariak eta Arkaitz Carracedo biologoak ez eze, injineru, ekintzaile euskaldun eta Beraunberri taldeko presidente José María Galíndezek be jaso dau.
Sari-banaketa ekitaldia bart Ikastolan izan da Joseba Segura Bilboko gotzaina buru zala baina bertan izan dira, beste instituzino-ordezkari batzuen artean, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko Bizkaiko diputadua eta Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzia.
Maria Vivancok eta Arkaitz Carracedok gizarte konpromisoa kategoriari jagokon saria jaso dabe. José María Galíndezek, barriz, ekintzailetza kategoriari jagokona. Sari bi honeek dira ezagutza eta esker ona aintzat hartzen dabenak.
Euskadiko bizitza profesionaleko eta sozialeko zazpi kide garrantzitsuk osotutako epaimahaiak, María Vivancoren ibilbide zientifikoa azpimarratu dau, batez be, bularreko minbiziaren ikerketeari jagokona. Gainera, Euskal Herrian ikerketa biomedikoa egiten dauan irabazi-asmorik bako ikerketa-zentroan, hau da, CIC bioGUNEn, bikaintasuneko ikerketa biomedikoagazko konpromisoa be goresten dau: haren lanak nabarmen lagundu dau biología molekularraren eta medikuntza traslazionalaren ezagutzearen aurrerapenean, batez be minbiziaren arloan, azaldu dau epaimahaiak.
Arkaitz Carracedori buruz, epaimahaiak bere ibilbide zientifiko bikaina eta CIC bioGUNEn izandako biomedikuntzako ikerketa arloan erakutsitako lidergoa azpimarratu ditu. Ondokoa adierazo dau: minbiziaren metabolismoa aztertzen egindao lan barritzaileak, bai bere taldea, bai zentroa bera nazinoarteko abangoardian jarri dau.
Vivanco doktorea, Euskal Herriko Unibersidadean (EHU) lizantziau zan Biokimikan eta 2005ean CIC bioGUNEn hasi zan lanean. Haren ikerketea bularreko zelula amen karakterizazinoan, minbizi-
zelula amen terapiaren aurre erresistentzian daben parte-hartzearen esplorazinoan eta bularreko minbiziaren tratamenduetarako jomugea izan daitekezanak identifiketean oinarritzen da.
Minbiziaren ikerketari buruzko hainbat lan zientifiko argitaratu ditu, baita sari ugari irabazi be.
Arkaitz Carracedo Madrilgo Conplutense Unibersidadean Biologian lizentziau ondoren, Biokimika eta Biología Molekularrean doktoratu zan. Egun, CIC bioGUNEn lan egiten dau, batez be, minbizi-zelulen funtsezko baldintzak azaldu eta argitzen, oinarrizko ikerketatik ezagutza klinikara jasotako ezagutzearen traslazinoan arreta berezia jarriz. Dozena bat sari baino gehiago eta argitalpen ugari ditu.
José Galíndez zelestraren sortzaile eta kontseilaria eta Beraunberri familia-taldeko presidentea be bada eta epaimahaiak haren ibilbide luzea eta etorkizuna sortzeko egiten dauan etenbako ahalegina azpimarratu dau hori lortzeko, jarduera zein enpresei ekingo deutse, horri guztiari enpresariaren gizarte-erantzukizunaren kontzientzia gehituko deutsolarik. Epaimahaiak azaldu dauanez, horrek guztiak hainbat lanen aurrean konpromisoa hartzea eragin deutso: lanok, argi eta garbi adierazoten dabe sortutako aberastasunak ebitauezina dan gizarte-dimensioa dauka.
Galindezek, Beraunberri enpresea sortu aurretik, ibilbide ejekutibo luzea eban, Guascor taldeko kontseilari ordezkari, Sulzer Chemtech AG enpresako presidente eta Sulzer taldeko batzorde ejekutiboko kide izan zan eta. Aurrekoaz gan, ITP, Velatia eta Sener enpresetako administrazino kontseiluetako kide, Euskal Enpresarien Zirkuluko presidente eta Espainiako Alkarte Eolikoko presidente be izan da. Galíndez gizartean eta honegaz dauan konpromisoagaitik ezaguna da. Horren harian, garapen bidean dagozan herrialdeetako eskola eta ospitaleei energia garbia emoten deutsen EKI Fundazinoaren sortzaile eta presidente izan da. Era berean, jagoletza aringarrien esparruan prestakuntza, zabalkunde eta proiektuak egiten dituan Pía Aguirreche Fundazinoaren sortzaile eta presidente be izan da.
Horregaitik guztiagaitik, Gazte Role Model Sarien XVI. edizio honek, sarituen lan profesional eta humanitarioa autortzen ditu. Bego Bañuelos Ikastolako zuzendariak hauxe azaldu dauenez: barrikuntzan zein giza hartu-emonetan, lana autoerrealizazino profesionalaren iturri izan ezkero eta persona behartsuei alkartasuna adierazoz, gazteek jarraitu beharreko eredu dira.
Gazte Role Model 2025 sarietako epaimahaia Euskadiko enpresa eta gizarte-arloko zazpi profesional nabarmenek osotu dabe. Hain zuzen be, Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko Bizkaiko diputaduak; Aitor Cobanerak, SPRIko Teknologia eta Barrikuntza zuzendariak; Leire Bilbaok, Innobasque, Barrikuntzarako Euskal Agentziako zuzendariak; Guillermo Bucesek, CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazioko ordezkariak; Gaspar Martinezek, Bilboko Eleizbarrutiko kultura gaien eta ondasunen arduradunak; Nerea Begoñak, Eleizbarrutiko EBI sareko zuzendari nagusiak eta Bego Bañuelosek, Begoñazpi Ikastolako zuzendariak.
Kontuak kontu, epaimaren arabera, Gazte Role Model Sariko 2025. edizinoko sariak, enpresa arloan daben portaera on, garapen profesionalean daben aldeko jarrerea eta besteakaz daben ardureagaitik, ikasleentzat eredu zuzen eta egokiak dira. Horixe da Bilboko Gotzaitegiaren Eleizbarrutiko Ikastetxe-sarearen menpe dagoan eta 1.700 ikasle baino gehiago dituan Bizkaiko ikastolak 2008tik emoten dauan sariaren azken helburua.
Ikasleentzako esperientzia
Hiru sarituek euren esperientzia agertu eta azalduko dabe Ikastolako geletan. Ikasturtean zehar, ikasleei bizitzan izan dabezan une garrantzitsu eta gogoangarriak agertuz, hitzaldiak emongo deutsiez. Beti be, ikasleei, gaztetatik, gainditze-baloreak, gizarte-konpromisoa, enpresa munduko kemena nahiz ekintza sozial eta humanitarioak bultzatu eta erakusteko asmoz.
Hori dala eta, sarituek Gazte Role Model Sariaren bereizgarria jasoko dabe, Néstor Basterretxea eskultore bizkaitarrak sortutako hezkuntza, fantasia eta mobimentua sinbolizetan dauan estatuatxo originala. Galan zehar, Ikastoleak sari honeek azken urteotan izan daben garrantzia gogoratuko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
