15.000 persona baino gehiago zientziaz disfrutau dabe
2025-11-12 13:51 Kulturea25. Zientzia Astearen barruan.
Lau egoitzetara hurreratu diran edade guztietako 15.000 personak baino gehiagok parte hartu dabe Zientzia Asteak atondutako ia 200 jardueretan. EHUk 25 urteko ibilbidea osotu dau aurtengo edizinoan zientzia modu atsegin eta dibertigarrian gizartera hurreratzen. 6.500 lagunek baino gehiagok bisitau dabe Bilboko Bizkaia Aretoa; ia 2.800 Donostiako Tabakalera; 3.300 inguru Bibat museoa eta Gasteizko beste hainbat leku; eta, beste 2.700 inguru Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikoa.
25. urteurreneko programazino berezia
25. urteurrenerako programazino bereziak 43 txoko zientifiko, 75 tailer, 10 ibilbide didaktiko eta 8 erakusketa, 11 hitzaldi, 6 ikuskizun batu ditu. Besteak beste, ondoko gaiak jorratu ditue: plastikoak eta mikroplastikoak; eraikin eraginkorren diseinua eta energia barriztagarriak; Adimen Artifiziala, robotikea eta konputazino kuantikoa; astronomia; eta, arkeologia. Nabarmentzekoa da Bilboko, Donostiako eta Gasteizko egoitzetako erizaintzako eta osasun-zainketako txokoetan izandako parte-hartzearen arrakastea.
Aurton be, Zientzia Clubek publikoaren arretea erakarri eban. Ia 300 lagunek disfrutau dabe Zientzia Club, EHUko 15 ikertzaileek lau egoitzetan eskainitako bakarrizketetaz.
Azpimarratzekoa da, era berean, konputazino kuantikoari buruzko Qskit Fall Fest jardunaldian izandako parte-hartzeak, izan be, 110 persona batu zituan. Horrezaz gan, Abentura koantikoa umeentzako ikuskizunak 350 persona inguru izan zituan saio bitan (Bilbon 296 eta Gasteizen 51).
5.500 ikasle inguru Zientzia Astean
Ikastetxeek parte-hartze handia izan dabe. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 5.000 ikaslek baino gehiagok bisitau ditue txokoak eta tailerrak lanegunetan, goizez, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko egoitzetan. Gainera, zentro horreetatik Lurraren Zientziekaz lotutako 71 irudi aurkeztu dira Argazki Geologikoaren XVII. Lehiaketan. Horrezaz gan, Barakaldoko egoitzan, lehen hezkuntzako 450 ikasle inguruk zientziaz disfrutau ahal izan dabe programautako tailer eta ikuskizunetan.
Zientzia Astearen barruan, Ur tantetako biztanleak erakusketeak edegita jarraitzen dau. Gasteizko Natur Zientzien museoan egongo da ikusgai, 2026ko urtarrilaren 12ra arte.
Zientzia Astea 2025
EHU da atontzailea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzeagaz eta Arabako Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Barakaldoko Udala, Donostiako Udala, Gasteizko Udala eta Vital Fundazinoaren babesagaz. Jardueretako batzuk Europako Batzordeak finantziauteko G9-Science4All eta ORE4Citizens proiektuetan kokatzen dira, Marie Sklodowska-Curie/(MSCA) ekintzen bidez. Ekimen hori Europan karrera zientifikoak sustatzeko ekimena daa, Horizonte Europa, EBko Ikerketa eta Barrikuntzarako Esparru Programearen barruan kokatzen da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
