Alberto Zerain topau ezinda dagoz Nanga Parbat mendian
2017-06-28 10:35 Euskaldunak munduanMariano Galván argentinarragaz dago Karakorumen, baina zapatutik ez dago euren barririk. Gaur, helikopteroak ez ditu topau.
Mazeno horman gora Nanga Parbat tontorrera (8.125) heltzeko asmoz abiatu ziran Zerain eta Galván orain dala egun batzuk. Zapatuan Summit Karakoram enpresako arduradunakaz berba egin eben telefonoz eta arazorik ez eukiela esan eben. Harrezkero, baina, ez dabe barriro kontakturik egin eta inork ez daki non dagozan eta zer jazo jaken. Satelite bidezko telefonoa amatauta daukie eta GPSaren seinalerik ez da heltzen. Enpresearen arabera, astebete pasautxurako jakiak badaukiez.
Zapatuan 6.500 metroren bueltan egozan. Ez da altuera arriskutsua, baina aukeratu daben bidea gatxa da eta horrek kezkea eragin dau. Atzo, martitzena, eurakaz bat egiteko ahaleginetan ibili ziran eta huts egin ebenez, Sommit Karakoramekoek eta babesleek egoerearen barri emotea eta laguntzinoa eskatzea erabagi eben.
Gaur, eguaztena, goizean goiz helikopteroa bialdu dabe Mazeno hormearen eta Diamir isurialdearen inguruetara. Helikopteroa ez da eroso ibili, eguraldi txarragaitik. Bilaketa horretan ez dabe Zerain eta Galvanen arrastorik topau eta basera bueltau da helikopteroa, bilaketea bertan behera itxita. Antza, eguraldia zantarra izan da eta bisibilidadea eskasa.
GPSaren arrastoa galdu zan lekuan bila hasi da helikopteroa, baina eguraldiak atzera eragin deutso. Alex Gavan alpinista errumaniarra joan da bertan. Izan be, Behe Kanpalekuan dago egunotan eta laguntzinoa emoteko prest agertu da.
Alberto Zerain mendizale gasteiztar beteranoa hilaren 11n joan zan Pakistanera, Mazeno ertz arriskutsutik Nanga Parbat igoteko asmoz. 2x14x8000 proiektuaren parte da espedizinoa. Aurretik, maiatzean bertan, Annapurna igon eban, bere ibilbideko hamargarren zortzimilakoa. Mariano Galván argentinarragaz dago Karakorumen. Zerainek eta Galvánek sarritan lan egin dabe alkarregaz: Dhaulagirin 2016an eta Manaslun urte berean, esaterako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!