Pedro Alberdi: ‘Irakurraldiak poza emoten badau be erantzukizuna gero eta handiagoa da’

Ainhoa Lores 2017-06-05 08:13   Barriketan

Euskal idazlea eta irakaslea Bilbo Zaharra euskaltegian

Bilbo Zaharra euskaltegiak Itxaro Bordaren  %100 Basque  liburuari eskainiko deutso etenik bako irakurraldia datorren eguenean, Arriaga antzokian. Idazleak 2001ean argitaratu eban eleberria eta hurrengo urtean Euskadi Saria emon eutsien.

Irakurketa jarraituaren 10. edizinoa 08:00etatik 20:00etara izango da eta 400 lagun baino gehiagok hartuko dabe parte. Horreen artean euskaltegiko ikasleek eta euskal kultura zein gizarte, kirol, ekonomia edo politikako hainbat lagun ospetsuk. Pedro Alberdi ekimenaren arduraduna da eta berak emongo deuskuz irakurraldiaren ganeko argibide gehiago.


 1.- Zelan otu jatzuen irakurraldia martxan jartea Bilbon?

Esango neuke erreferentzia nagusia Madrilen egiten dan irakurketa etenbakoa izan zala. Jakina danez, Madrilen urteak daroez Don Quijote irakurten. Gure lehen irakurketea Axularren Gero izan zan.


 2.- Zein da helburua?

Ikasturte amaierako jaiaren barruan izaten da. Ikasleek ikasturtean zehar gogotik egiten dabe lan eta haren amaieran jai bat antolatzen dogu. Orain dala hamar urte, guk jai horri beste esangura bat emon nahi geuntsan, ez gendualako nahi ohiko jan-edanera mugatu.


3.- Hamar urte pasau dira, beraz, hasi zinienetik. Zelako garapena izan dau ekimenak?

Gero irakurri ostean, urtero liburuz aldatzea erabagi genduan. Erabagi hori, neurri handi baten, literaturearen aldeko apustua izan zan. Geroren prosea zoragarria izan arren, literaturearen aldetik ez da hain garrantzitsua. Azken finean, eleizako liburua da, helburu dogmatiko zehatza dauena.


4.- Normalean zelan atontzen dozuez saioak? Erraza izaten da hainbeste jente batzea?

Esaera zaharrak dinoan legez, gustuko tokian, aldaparik ez. Gustura egiten dogun lana da, eta aspalditik dihardugunez, ohituta gagoz. Halandabe, dedikazino handia eskatzen dau. Urte osoko lana da.


5.- Irakurraldiaren bezperan, Bilbo Zaharra Forumeko berbaldiak be antolatzen dozuez irakurria izango dan liburuaren ganean. Aurten Itxaro Bordaren %100 Basque liburua aukeratu dozue. Zer emon dau ekimenak egun honeetan? Berbaldiak liburu baten batzen dozuez, ezta?

Forum-aren lana ezinbestekoa da. Alde batetik, liburua eta autorea kokatzen laguntzen dau, eta bestetik, zuk esan dozun moduan, liburu baten jasoten ditu berbaldiak. Lan horrek osotasuna ez eze, sendotasuna eta sakontasuna emoten deutso ekimenari. Datorren urtean hamargarren liburua osotuko dogu, eta uste dogu merezidu leikela bilduma hori Euskal Herriko kulturgune guztietara zabaltzea: unibersidadera, liburutegietara, ikastetxeetara, liburu-dendatara... Arriagan irakurten dabenei liburu bana oparitzen deutsegu.


6.- Irakurraldirako, liburuak aukeratzerako orduan, erespideren bat jarraitzen dozue?

Lehenengo lau edizinoetan kronologia izan zan: Gero (1643), Peru Abarka (1804), Haur besoetakoa (1959), Hamaika pauso (1995). Bosgarren edizinoan hausi genduan erespide ha, beren-beregi emakume-idazle baten liburua irakurteko: Zergatik panpox (1959). Seigarrenean eta zazpigarrenean, barriz, beste erespide bat erabili genduan: urteurrenen ospakizunena; hain zuzen be, Obabakoak (1989) eta Harri eta herri (1964) liburuen 25 eta 50 urteurrenak ospatzeko. Zortzigarrenean, Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak-egaz, literaturearen independentzia aldarrikatzea, baita arazo politikoaren aldetik be. Bederatzigarrenean, itzulpenaren garrantziaren urtea izan zan Kafkaren Metamorfosia-gaz. Eta aurten, Itxaro Bordaren %100 Basque, liburu ausarta dalako, barre eragiten dauelako, estereotipoetatik iges egiten dauelako, bere izaera periferikoa defendiduten dauelako...


 7- Irakurketearen erdia Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasleek egiten dabe. Aurretik atontzen dozue? Erraza da euskeraz ikasten dauen persona batentzat maila altuko holako liburu bat ulertzea?

Bai, aurretik lan handia egiten dabe. Ikasleentzat ahalegin handia da trantze horretatik igarotea, eta askok txarto pasetan dabe. Hor adrenalinearen kontua dago. Estutasun momentu horrek, ondoren, egundoko poztasuna eragiten deutsie. Horregaitik errepetiduten dabe urterik urte.


8.- Zer suponiduten dau ikasleentzat holako ekimen baten parte hartzea?

Euskerearen aldeko konpromisoa, beren euskalduntasuna agertu, erakutsi eta ezagutarazoteko erea, euskerea ikasgelatik ateratzeko aukerea, hizkuntzeagaz olgetako eta gozetako modua,...


9.- Irakurraldiaren beste erdia egiteko, gizarte eragileei konbita egiten deutsazue. Zelako harrerea izaten dau?

Hasieratik izan dau harrera ona, bai erakundeen aldetik bai herritarren aldetik. Eta ederrena da irakurle gehienek urterik urte errepetidu nahi izaten dabela.


 10.- Parte hartzea gero eta handiagoa dala aitatu zenduen behin. Zer suponiduten dau horrek?

Erronkea. Alde batetik poza emoten badau be, bestetik erantzukizuna gero eta handiagoa da. Langea oso goian dago.


11.- Zer egin behar dau irakurraldia entzutera joan nahi dauenak?

Bada, irakurketearen egunean, bagilaren 8an, Arriagara hurreratu 8:00-20:00 bitartean. Han, aukera bi izango ditu: antzoki barruan, aurrez aurre entzun, edo kanpoan geratu, eta pantaila erraldoian jarraitu. Bestalde, Bilboko Alondigeak be emongo dau zuzenean ekitaldia.


12.- Parte hartzen dauanak zer jasoten dau?

Hainbat opari: ekitaldiaren oroigarria ez eze, lehen aitatutako berbaldi-liburua eta mokadua eta edaria Lago, Cafe Bilbao edota Victor tabernatan.


13.- Aurten barrikuntzarik aurreikusi dozue?

Bai. Aitagarriena Sakela izeneko aplikazinoa dogu. sakela bilbo zaharra aplikazinoak %100 Basqueren hiztegia batzen dau, ez bakarrik Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan eta Elhuyarren agertzen diran berbena, baita hiztegi bi horretan agertzen ez diran berbena be.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu