Ekitaldi ugari, Bilbo Zaharraren irakurraldien 10. urteurrenean
2017-05-22 12:43 KultureaBerbaldiak eta saio musikatuak egongo dira, bagilaren 8an Itxaro Bordaren % 100 Basque liburuaren irakurraldi jarraitua egin aurreko egunetan.
Urtero antolatzen dau Bilbo Zaharra euskaltegiak euskal literaturako obra ezagun baten irakurraldi jarraitua. Aurtengo hitzordua berezia izango da, 10. aldia izango dalako. Zenbaki biribil horretarako, Itxaro Bordaren % 100 Basque liburua aukeratu dabe antolatzaileek. Beste urte batzuetan idazle klasikoen edo aspaldikoen obrak aukeratu izan dira, baina oraingoan gaur-gaurko idazle baten testuari egingo jako lekua.
Bagilaren 8an izango da irakurraldia, Arriaga antzokian, eta, egun guztian, 400 bat lagunek irakurriko ditue liburuaren pasarteak, txandaka. Ekitaldi nagusi hori girotzeko asmoz, aurreko egunetan jarduera osogarriak antolatuko ditu Bilbo Zaharrak.
Batetik, Hinka taldeak 1615 izeneko ikuskizuna aurkeztuko dau Bilbon, hilaren 5ean. Iragana eta oraina buztartzen dituan ikuskizun horretan, Hinkako hiru musikarien doinuak eta Itxaro Bordak berak idatzitako testuak tartekatzen dira. 1615ean Islandian euskaldunen kontra jazotako sarraskia gogora ekarten dau ikuskizunak eta Bordaren pasarte autobiografikoak be badaukaz, Islandiagaz maiteminduta dagoalako idazlea.
Bestetik, Luzien Etxezaharreta eta Katixa Dolhare-Zaldunbide idazleek Itxaro Bordaren obrearen ganean egingo dabe berba, % 100 Basque liburutik abiatuta. Hori bagilaren 6an izango da. 7an, ostera, Itxaro Bordak berak emongo dau berbaldia Literatur hizkuntzaren hautua gaiaren inguruan. Ekitaldiak Euskaltzaindiaren egoitzan izango dira, Bilboko Plaza Barrian, 19:00etan.
Bilbo Zaharraren irakurraldi jarraituaren lehenengo edizinoan Axularren Gero (1643) irakurri zan, eten barik. Ekitaldiaren bultzatzaile nagusietako bat dan Pedro Alberdik gogoratu dauenez, Madrilen egiten diran irakurraldiak egon leitekez Bilboko ekimenaren atzean. Han urteak daroez urtero On Kixote irakurtzeko saioa antolatzen eta, antza danez, Bilbo Zaharrakoei idea ona begitandu jaken, euskerea eta euskal literaturea bultzatzeko.
Hasikerako urteetan hurrenkera kronologikoa segidu zan: Mogelen Peru Abarca (1804), Jon Miranderen Haur besoetakoa (1959), Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso (1995). Ondoren, erespide hori albo batera itxi zan. Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Gabriel Aresti, Joseba Sarrionandia eta Franz Kafkaren (azken hau euskerara itzulita) obrak irakurri izan dira. Aurten, Itxaro Borda bihurtuko da zerrendako hamargarrena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!