Eragin Linguistikoaren Ebaluazinorako tresna barritua aurkeztu dau UEMAk
2017-05-17 12:46 Euskerea berbagaiUrigintzeak eta lurralde antolamenduak euskeran daukien eragina aztertzeko sistemea hobetuta dakar Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak.
Gizartearen hizkuntza ohituretan eragin sakona dauka urigintzeak, izan be, herri edo auzo baten egitura urbanoa eta etxe kopurua aldatuta, baldintza soziolinguistikoak be aldatu leitekez. Beraz, udalerrietan euskereari eusteko funtsezkoa da erespide linguistikoak aintzat hartzea plangintza urbanistikoetan. Horretaz konturatuta, Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak antolatzen hasi ziran UEMA, Kontseilua eta Gipuzkoako Foru Aldundia orain dala hiru urte.
Jardunaldien bigarren edizinoan, 2015ekoan, Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoa (ELE) tresnearen lehenengo bersinoa aurkeztu eben. Gero, lege babesa be emon eutsien horri, Euskal Autonomia Erkidegoko Udal Legearen barruan sartu zanean. Urigintza planek eta antzekoek ELE tresnearen bidez ebaluazinoa pasau behar dabe EAEn.
Herri baten egoera soziolinguistikoan eragin leikean edozein proiektuk ELEren moduko tresnaren bat ezinbestekoa dauela ikusita, udal arkitekto, teknikari, euskaltzale eta ikasleei formakuntzea emoteko beharra agirian geratu zan, herrietan eta proiektuetan Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoa modu zehatz eta profesionalean egin ahal izateko. Horretarako, Lurraldea eta Hizkuntza. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa titulua sortu eban EHUk, eta graduondoko horren lehen ikasturtea hasi zan urrian.
Graduondokoan irakasle ibili dira Miren Segurola UEMAko koordinatzailea eta Goizane Arana mankomunidadeko teknikaria, eta bien artean landutako ELE tresnearen bersino barritua aurkeztu dabe egunotan.
Segurolak eta Aranak garatutakoa bersino zuzendua, erabarritua eta eguneratua da. Biek nabarmendu dabenez, EHUren graduondokoan aurkeztu dogun Eragin Lingustikoaren Ebaluazinoa hainbat urtean egindako ibilbidearen ondorioa izan da: Gipuzkoako Foru Aldundiagaz eta Kontseiluagaz hasitako bideari UEMAk emon deutso azken bultzadea, gaiaren ardurea hartuta. Beste eragile askok eta unibersidadeak berak be parte hartu dabe prozesuan.
Ganera, Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoa barritzeko, UEMAko teknikariek hainbat ekarpen jaso ditue hileotan, igazko jardunaldietan ELE garatzeko eta neurri zuzentzaileak zehazteko beharra ikusi zanetik. Batez be, lehenengo ELE egiten jardundako arkitekto, soziologo, teknikari eta hizkuntza aholkularien ekarpenak, eretxiak eta zuzenketak kontuan hartu ditue.
Erantzunak
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
Gai hau, abiarazo ebana, edo lehenetariko bat, neu izan nintzan, Bat aldizkarian argitaratu neban artikulu baten bidez. Gero ez neban horregaz jarraitu guraizan, eta berbaldiren bat emoteko gonbiteari ezetza emon neutsan. Gero gaiaren ganean egin eben biltzarrean nor-nork aitatu ninduan, eta hor geratu zan guztia. Pozten naz ikusita orduan biztutako suak indarra hartu dauela.