Anavi, Hondora, Annie Wonder eta Celia Carrera edo Masquepop Punto de Vistan
2026-04-01 09:38 MusikeaKontzertuak, DJ saioak eta Radio 3 irratsaioak izango dira Iruñeko hainbat gunetan.
Punto de Vistak musika-programazinoa iragarri dau, aurreko edizinoetan bezela, zinema dokumentalaren inguruko proposamenagaz batera. Jaialdia Iruñean egingo da apirilaren 20tik 25era eta kontzertuak, DJ saioak eta Radio 3 irratsaioak batuko ditu uriko hainbat gunetan, zuzeneko musikeagaz. Jarduera horreek Navarra Music Commission eta Radio 3ren kolaborazinoa dabe, baita Txintxarri, Tarantula eta Laba aretoena be.
Programazinoa apirilaren 15ean, eguaztenean, arratsaldean hasiko da Laban. Bertan jaialdiaren aurkezpena egingo dau talde atontzaileak eta Anaviren kontzertuagaz amaituko da. Ana Villayandreren proiektuak musika garaikidearen eta folklore iberiar eta nafarraren arteko esperientzia eskainiko deusku, eta oraingo honetan formatu intimoan, hirukotean.
Punto de Vista Gauak Txintxarri tabernan eta Tarantula aretoan egingo dira batez be, kontzertuak eta DJ saioak buztartuz. Apirilaren 21ean hasiko dira Celia Carreragaz, Iruñean bizi dan DJ kantabriarra; berorren proposamenak dub, house, bass edo techno generoak jorratzen ditu, britainiar eszenako eraginakaz. Hurrengo egunean, Adrian Alegria artista euskal-nafarraren txandea izango da. Houseak eta diskotik, funketik, jazzetik edo souletik edaten daben soinu organikoek markautako saioa eskainiko deusku. Apirilaren 23an, Love’n’Joy taldearen zuzenekoa izango da protagonista Txintxarrin, egungo indie rock ukrainarraren talde nabarmenetako bat. Gau horretan bertan, Masquepopen saioak zabalduko dau programazioa Tarantula aretoan. Barikuan, apirilaren 24an, etorriko jaku hitzordu nabarmenenetako bat Txintxarrin izango diran Bernal eta Comic Sans taldeen kontzertuakaz, euren lan diskografiko barriak aurkeztuko baititue.
Bestalde, Radio 3k barriro hartuko dau parte jaialdian Tres en la Carretera programeagaz, Isabel Ruiz Larak zuzendu eta aurkeztua. Saio horretan, zinemagileei egindako alkarrizketak eta zuzeneko kontzertuak buztartuko dira Konstituzino plazan (Baluarte). Martitzenean, apirilaren 21ean, Hondora taldearen kontzertua izango da, Elisa Bayonak eta Ibai Gallardok osotutako proiektua. Dolua eta barrura begirako prozesuak aztertzen ditu folk, pop eta rocketik hurbil dagozan doinuetatik abiatuta. Apirilaren 22an, Annie Wonder Los Angelesen bizi dan artista estadubatuarraren txandea izango da. Sintetizadoreetan, vocoder-etan eta elektronika esperimentalean oinarritutako soinu-esperientzia psikodelikoa proponiduko deusku, OAO filman protagonista, hain zuzen be, Rocío Mesaren filma, jaialdiko Sail Ofizialean parte hartuko dauena.
Jarduera gehienetan sartzea librea izango da lekuak bete arte, jaialdiaren izaera edegia eta irisgarria indartuz. Programazino honegaz, Punto de Vistak jarraitzen dau zinemearen eta musikearen arteko alkarrizketearen aldeko jarrerea sendotzen, bai eta tokiko zein nazinoarteko proposamen garaikideak ikusarazoten be.
Bestalde, jaialdiak publiko orokorrarentzako sarrerak salgai jarri barri ditu webgunearen eguneroko programearen bidez. Aurten hogeigarren urteurrena beteko dauen ekitaldi honek kulturearen erreferente izaten jarraitzen dau Nafarroan, eta proiekzino nabarmena dau nazinoan eta nazinoartean.
Egitaraua
Jaialdiaren aurkezpena eta kontzertua Laban.
Apirilak 15, eguaztena. Jaialdiaren aurkezpena 19:00retan eta Anaviren kontzertua 20:00etan. Sarrera librea lekuak bete arte. Navarra Music Commission-egaz alkarlanean.
Punto de Vista Gauak
DJ saioak Txintxarrin eta Trantulan
Celia Carrera (Txintxarri, martitzena 21), Adrian Alegria (Txintxarri, eguaztena 22), Masquepop (Tarantula, eguena 23, 22:30ean), 22:30etik Aurrera. Sarrera librea lekuak bete arte Navarra Music Commission-egaz alkarlanean.
Kontzertuak Txintxarrin
Love‘n’Joy, apirilaren 23an, 20:30ean. Sarrerak eskuragarri hemen.
Bernal + Comic Sans, apirilaren 24an, barikuan, 20:00etan. Sarrerak eskuragarri hemen.
Radio 3 programak: Tres en la Carretera.
Apirilak 21, martitzena, 18:00etan, Hondora taldearen emonaldia, Konstituzino Plaza (Baluarte). Sarrera librea.
Apirilak 22, eguaztena, 18:00etan, Annie Wonderren kontzertua, Konstituzino Plaza (Baluarte). Sarrera librea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
