Moxal (Hannot Mintegia) artisteak Gatibu eta ETS taldeei buruzko dokumental biren jatorrizko musikea sortu dau
2026-11-04 10:45 MusikeaMoxalek Jabi Elortegiren Gatibu, agur esan barik eta Fermin Ayoren ETS — Itzal Argitan dokumentaletan parte hartu dau.
Soinu-bandak sortzeaz gan, Gatiburi buruzko dokumentalaren muntaketea egin dau Mintegiak, eta ETSri eskainitakoaren muntaketan lagundu dau. Filmak Zinebiren hurrengo edizinoan aurkeztuko dira.
Moxal musika-proiektuaren bidez ezaguna dan Hannot Mintegia musikari, konpositore eta muntatzaileak Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren 68. edizinoan aurkeztuko diran dokumental bi horreetan parte hartu dau: Jabi Elortegik zuzendutako Gatibu, agur esan barik eta Fermin Ayoren ETS — Argi itzaletan. Euskadiko talde ezagun bien ibilbideko momentu erabagigarriak jasoten ditue filmotan.
Mintegiak produkzino bien jatorrizko musikea sortu dau. Minimalismoa, sintetizadoreak eta gitarren soinu-testurak abiapuntu hartuta, talde bakotxaren kantuakaz loturea daben proposamen bi landu ditu, bakotxaren nortasunari eutsiz. Agertokietatik urrun jazoten danari laguntzeko musikea erabili dau: agurrei, tensinoei, gomutei eta protagonistek bizi dituen emozinoei lekua egiteko.
Konpositore-lanaz gan, film bien muntaketan be ibili da. Gatiburen dokumentalean muntaketearen arduraduna izan da; ETSren kasuan, barriz, muntaketa-lanetan lagundu dau. Lanbide bi horreen arteko hartu-emonak oinarrizkoak dira zinemea lantzeko dauen moduan: «zeozelan, musikearen bidez filma muntetan jarraitzen dozu: planoak, keinuak eta momentua lotuz edo bereiziz, idea batek edo emozino batek zenbat irauten dauen zehaztuz», azaldu dau.
Gatibu, agur esan barik
Hogeita bost urteko ibilbidearen ondoren, Gatibu talde gernikarra agertokiei agur esateko lanetasn dabil, Barakaldoko BECen amaituko dan azken bira bategaz. Jabi Elortegiren dokumentalak ibilbide horretan laguntzen deutso taldeari. Alkarregaz bizitako historia ospatzeko garaia da baina baita barruko tensinoei, galerei eta etapa bat zarratzeak dakarren tristureari aurre egitekoa be.
Bidaia horri musikea jarteko, Mintegiak sintetizadoreakaz eta gitarrakaz egindako konposizino neurritsuak hautatu ditu, taldearen ohiko soinutik aldenduta. Gatiburen zenbait kantutako motiboak eta melodia-zatiak be landu ditu, eraldatu eta kontakizunean txertatzeko.
Horren adibide da Musturrek sartunde kantuaren riff ezaguna. Wurlitzer piano elektriko bat erabiliz soinu-testura barriakaz jantzi dau, jatorrizko izaera dibertigarrian giro barrurakoi bihurtu dau holan. Piezeak taldearen telebistako lehen agerraldiak eta agurraren iragarpena lotzen dituan sekuentzia laguntzen dau.
Konposizinoa eta muntaketea aldi berean landu ditu, musikeak eta irudiek alkar eraldatzeko aukerea emonez: Jabik askatasun handia emon eustan eta emozinoak irudien zein soinuaren bidez lantzeko aukerea izan neban. Artisau-lan xehea izan zan ia: soinu-oinarri bat sortzen neban, irudiak muntetan eta moldaketak probetan nituen, barriro muntetan neban, testurak gehitzen nituan, gauzak kentzen nituan..., gogoratu dau musikariak.
ETS – Itzal argitan
ETSren kantuen jai-giroaren eta produkzino landuaren aldean, Mintegiak soinu-banda ilunagoa eta barrurakoiagoa egin dau, sintetizadoreak eta giroa sortzen daben soinu-testurak nagusi dirala. Protagonistearen emozinoak adierazi nahi ditu musikeak, baita irudietan kontzertuetako ospakizun kolektiboa agiri danean be.
Sorkuntza-prozesu honetan, irudietarako berariaz konponidutako piezak eta zuzendariagaz izandako alkarrizketetatik sortutakoak buztartu ditu. Muntaketeak aurrera egin ahala, musikeak be haregaz batera egin dau bidea, protagonisten ansiedadea, zaurgarritasuna eta barruko tensinoak adierazoteko aukera asko eskainiz.
Hannot Mintegia
Muntatzaile, musikari eta konpositorearen ibilbidean, zinema dokumentala eta musika-sorkuntzea alkarri lotuta egon dira eten barik. Haren ikus-entzunezko lanen artean dagoz «Jai Alai Blues» (Gorka Bilbao, 2015), «Eres tú: de Mocedades a El Consorcio» (Lorea Pérez de Albéniz, 2023) eta «Popel» (Oier Plaza, 2025). Azken hori Donostiako Zinemaldian aurkeztu eben eta «Días de Cine» saioaren dokumental onenaren saria jaso eban.
Audience taldeko kide izan da eta Moxal proiektu personala gidatzen dau. Bertan, euskal folkaren tradizinoa trip-hoparen, abangoardiako elektronikearen eta zinemarako musikearen eraginakaz buztartzen dau. «Zaldikatu» (2019), «Arrebetxe» (2020) eta «Nabar» (2023) diskoak argitaratu ditu eta Anari, Ainara LeGardon, Aitor Etxebarria eta Julio de la Rosa artistakaz ibili da alkarlanean, besteak beste. «Intimidad» eta «Zeru ahoak» telesailen soinu-bandetan be parte hartu dau.
Zinemarako musikeagaz dauen lotueraren aurrekari nabarmenetako bat «SOUNDTRACK #01» (2024) da. Forbidden Colours diskoetxeak argitaratutako albumak «Eres tú: de Mocedades a El Consorcio» dokumentalerako konponidutako jatorrizko hamabi piezak batzen ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
