Euskal musika guztia batuko dauen plataformea landu dau Berriak: Musika Berria

Bizkaie! 2026-11-17 07:40   Musikea

Abenduaren 5etik aurrera egongo da erabilgarri, Durangoko Azokan aurkeztu ostean.

Berriak orain arte ezagutu bako baliabidea jarriko dau euskal gizartearen eskura, euskal kultureagaz dauen konpromisoa berretsiz eta sakonduz. Badok izango dau oinarri, baina proiektu barria izango da. 2009an jarri eban martxan Badok.eus ataria Berriak euskal musika guztia batu eta ezagutarazoteko asmoagaz. Ordutik hona aurrera urratsak egiten joan da proiektua eta orain arteko salto handiena emongo dau aste gitxi batzuk barru: Musikea Berriak-k hartuko deutso lekukoa eta, teknologia aurreratuaren bidez, euskal musika guztia entzuteko, deskubriduteko eta babesteko aukerea be emongo deutso erabiltzaileari.

Ataria barritzea baino gehiago izan da, hasieratik proiektu barria sortzea izan da asmoa eta horren erakusle da musikariek eta musika taldeek modu autonomoan kudeatu ahal izango dabela euren edukia, besteak beste, kantuak, argazkiak, bideoak eta kontzertuei lotutako informazinoa. Halan da be, igondako edukien gaineko edizino lana egingo dau ondoren Berria-k.

Euskal musikearen irudi osoa aurkezteko helburua izango dau Musika Berria-k. Sakabanatuta dagoan irudia modu josi batean aurkeztea eta, batez be, argazki horren askotariko ertzak deskubriduteko aukerea emotea izango dira plataforma barriaren helburuak.

Kontuak kontu, Durangoko Azokako egitarauaren barruan aurkeztuko dabe Musika Berria abenduaren 5ean, barikuan, eta ordutik aurrera egongo da edozeinentzat eskuragarri. Zehetasun gehiago orduan emongo badabe be, aurreratu dabe web bersinoa eta iOS eta Androiderako app-ak izango dituala euskarritzat. Streaming zerbitzu propioa izango dau eta hori da salto teknologikoaren parte inportanteenetako bat. Tresneak zerbitzari-azpiegitura propioa izango dau, Euskal Herrian kokatuta egongo dana, eta ez multinazional baten lainoan. Doban eta edegia izango da plataformea, baina funtzino aurreratuak erabili ahal izateko —gogoko edukiak gorde eta zerrendak osotu, esaterako— beharrezkoa izango da erregistretea.

Aurkezpena abenduaren 5ean

Plataformearen aurkezpen zehatzagaz batera, egun osoko egitaraua be iragarri dabe abenduaren 5erako: Kontzertuak, diskoen azalen gaineko tailerra, mahaiiinguru bat eta beste egingo ditue, eta hilaren 7an, astelehenean, Musika Berria kontzertua be izango da Plateruenan: Verde Pratok, Silitiak eta Malakiasek parte hartuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu