Aita Donostiaren ondare korala barriro be entzungai
2026-11-27 08:48 MusikeaBerreskuratutako lanetatik 89 euskeraz idatzita dagoz, hau da, batutako errepertorioaren % 70 inguru.


Lehenengo aldiz, konpositorearen obra koral ez-liturgiko guztia batuda, euskerazko 89 piezagaz eta argitarabako 17 partituragaz. Lana hainbat erakunderen lankidetzeari esker egin ahal izan da: Eusko Jaurlaritzea, Kaputxinoen probintzia, Eresbil, Belloc Beneditarrak eta CM Ediciones.
Aita Donostiaren ondare korala barriro entzun da Donostian, haren obra koral ez-liturgikoaren lehen edizino osotuaren aurkezpenean. Ekitaldian Andoni Iturbe Kulturako sailburuordeak, Josu Okiñena pianisteak eta KEA Ahots Taldeak —Enrique Azurzak zuzendutako abesbatzak— hartu dabe parte, eta ahotsa eta musikea jarri deutsee euskal musikari eta konpositore ospetsuaren 127 konposizino berreskuratzen dituan proiektuari, horreetatik 17 orain arte argitarabakoak.
Ikerketa, berreskurapen eta edizino-proiektu handia da, eta barriro ber abesbatzen, interpreteen, ikertzaileen eta herritarren eskura jarten dau euskal kulturearen ondare musikal garrantzitsuenetako bat. Argitalpenak 127 obra koraleko corpus bat berreskuratu eta ordenetan dau lehenengo aldiz, horreetako asko sakabanatuak, agortuak edo hartzeko gatxak, Aita Donostiaren sorkuntzearen oinarrizko jarrera baten ikuspegi osotua eskaintzeko. Egindako lanari esker, argitarabako 17 obra gehitzen jakoz eskuragarri dagoan musika-ondareari, orain arte ezagutzen zan euskal abesbatzen errepertorioa zabalduz.
Bestetik, argitalpenak ahozko tradizinoa sorkuntza artistiko bihurtu eban sortzaile bat birdeskubridutea ahalbidetzen dau. Batutako 127 lanetatik 105 aurretik egozan musika materialetatik datoz, batez be kantu tradizionaletatik, eta 22 konposizino originalak dira, Aita Donostiak konpositore lez dauen dimensino ez hain ezaguna erakusten dabenak.
Proiektuaren alderdi nabarmenetakoa da euskereagaz dauen lotura estua. Berreskuratutako lanetatik 89 euskeraz idatzita dagoz, hau da, batutako errepertorioaren % 70 inguru, eta konpositorearen produkzino koralean euskereak eta euskal poesiak izan eben oinarrizko zeregina berresten dau.
Ikerketeari esker, euskal kulturako figura nabarmen bi —Iratzeder (Jean Diharce) eta Gabriel Lerchundi— lotutako lan-multzo ia ezezagun bat berreskuratu ahal izan da. Iratzederren melodien gainean eregitako zortzi konposizino eta Lerchundiren testuak dituen zazpi lan identifiketan ditu azterlanak, baita egile bien baterako zazpi pieza be.
Aurkezpenean, Andoni Iturbe Kulturako sailburuordeak nabarmendu dauenez, ondarea berreskuratzea ez da bakarrik igarotako dokumentuak gordetea, baita gizarteari bueltetea, gure bizitza kulturalaren parte izan daitezan. Edizino honek euskal memoria kulturalaren oinarrizko zati bat babestea eta etorkizunera proiektetea ahalbidetzen dau, musikea, euskerea, poesia eta ahozko tradizinoa batzen baitira.
Beste alde batetik, Josu Okinena pianista eta musika-ikertzaileak zehaztu dauenez, proiektu hau sakabanatuta eta agortuta egoan errepertorio bat batzeko eta ordenetako beharretik sortu zan baina partiturak topau eta horreek aztertzea eta edizino bat prestetea, abesbatzak haorreetara doitasunez hurbildu eta barriro entzungai jarri ahal izateko. Edizinoak Aita Donostiaren ahozko tradizinoaren ezagutza sakona eta sorkuntza propio bihurtzeko gaitasuna erakusten dau. Era berean, ezagutzen ez genduzan obrak deskubriduteko eta gure ondarearen parte diranak beste modu batera entzuteko aukerea emoten deusku. Niretzat, azken helburua ez da partitura horreek argitalpen batera batzea, kontzertuetara eta abesbatzen mundura buelteta baino.
Kontuak konu, lehenengo edizino handi hau hiru liburukitan atondu da, musika-materialaren jatorriaren eta ahots-taldearen arabera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
