Jon Fresco AMA3 martxan
2026-11-13 12:44 MusikeaOndartzape lana plazaratu dabe.
Honako proiektu hau Jon Frescok bere uniberso sortzailea eta emozionala gauzatzeko sentiduten eban beharretik sortu zan. Denporearen porasuz, ostera, Naiel Ibarrolagaz konpartidutako musika-abentura bihurtu da.
Jon Fresco eta Naiel Ibarrolaren arteko lankidetzea AMA proiektuagaz hasi zan, partitura bisualetan oinarritutako inprobisazino librea abiburu dauen horregaz. 2016tik bikotea alkarlanean ibili da Naiel Ibarrolak hainbat film luze dokumentaletarako sortutako soinu-bandetan.
Lankidetzea urte honeetan guztietan, Jon Frescoren kontzeptu erritmikoa eta Naiel Ibarrolaren harmoniak oso modu berezian buztartu ditue. Horri esker sortu ditue alkarregaz lan hau osotzen daben 8 piezak.
Urteetan istorioak inprobisazinoaren bidez kontetako modu propioa landu ondoren, piezok beste musikari batzuekaz olgetako gogotik sortu dira.
Diskoa grabetako nahiz zuzenean egingo dituen aurkezpenetarako, laukotea osotu dabe, Ekain Alzola eta Aingeru Torregaz batera. Ekain Alzola Gatibu taldeko bajistea izan da; eta Aingeru Torre saxofonisteak, berriz, gaur egun jazz eta musika modernoaren irakaskuntza espezializatua buztartzen ditu hainbat proiektutan. Laukoteak, gainera, diskoa grabetako kolaboratzaile-talde oparoa batu dau:
- Eñaut Elorrietak (ahotsa, Ken Zazpi) bere Badakit kantua bersionau dau.
- José Luis Esteban aktoreak Marte, Plutón konposizinoaren sarrerea errezitau dau; konposizino horretan Alex Sarduy (Gatibu) eta Naroa Gainzaren (22 m) ahotsak be entzuten dira eta Jean Mari Ecay gitarristeak sartu ditu.
- Lamiak eta Emaginak konposizinoetan emakumezko ahotsen parte-hartze zabala izan da.
- Gitarristak Haimar Arejita (Gatibu) eta Beñat Serna (Ken Zazpi) izan dira.
- Ivan Allue (Txistuman) txistu, ttun-ttun eta hainbat haize-tresna tradizionalen soinua ekarteaz arduratu da.
- Jon Frescorentzat bada oso pieza berezia, 4 bateria-jotzailek parte hartu baitabe: Ekain Elorza (Morgan, Seiurte), Borja Barrueta (jazz munduan oso baterista ezaguna, besteak beste, Carmen Paris eta Jorge Drexlerregaz lan egin dauena), Rufo Urbina (Mikel Erentxun, Alex Ubago) eta Jon bera.
Lan instrumentala bada be, hainbat konposizinotan ahotsa erabilten da, batzuetan tresna gehigarri bezela, besteetan modu tradizionalagoan.
Inprobisazinoan oinarrituriko lana da hau. Musikarien arteko entzumen aktiboa da hizkuntza komun bakarra. 8 konposizioetan pop, rock, folk, filmetako soinu-banda eta psikodelia alkar kurutzatzen dira. 8 istorio honeek estudioan ez eze oholtzan be eskaintzeko sortu dira.
Marte eta Pluton.
Jon Fresco
Mundakako bateria-joile ospetsua da. Ken Zazpiko kidea izan zan taldea 1996an sortu zanetik 2016an desagertu zan arte. Ken Zazpin ez eze beste hamaika proiektutan be parte hartu dau Jon Frescok, besteak beste, Gatibu, Seiren, Sei Urte, Gozategi edota Javier Corcobado. Gaur egun, Montanako bateria-jolea da. Bilboko indie-rock talde emergentea da Montana, Rafa Sardinak produzidutakoa.
Irakaskuntzan be ibilbide luzea egin dau Jon Frescok, bateria-jole profesional bezela moltsotutako eskarmentua maila askotako ikasleakaz konpartiduta. Haren pedagogia-ikuspegiak teknikea, sormena eta adierazkortasuna buztartzen ditu. Ikasle bakotxak bere estilo eta sensibilidade propioa lantzea dau helburu. Señeak Bizkaia Rock Kanpuseko irakaslea da. 2018an bere bateria-eskolea eta grabazino-estudioa sortu zituan Gernikan: Pelissier Estudioak. Ordutik, maila guztietako 100 ikasle baino gehiago hainbat teknikatan trebatzen ditu.
Naiel Ibarrola
Londresen eta Bilbon bizi eta lan egiten dau. Musikaria, ilustratzailea eta ikus-entzunezko artistea da. BBC3n, British Film Instituten, Cuadernos de Jazz aldizkari ospetsuan, El Norte de Castilla eta beste hainbat mediotan lan egin dau. Manolo Kabezabolo eta Muerte en Amara dokumentaletan animazino lanak egin ditu, baita Troyka talde britainiarraren Arcades bideoklipa be. Bere ikus-entzunezkoak euskal antzerki konpainia nagusien hainbat lanetan txertatu dira. Konpositore lanak be egin ditu En busca de la ciudad perdida, Manolo Kabezabolo, Muerte en Amara, Sumario 3/94 eta beste zenbait dokumentalen soinu-bandak sortu ditu. Horrezaz gan, bere musika zuzenean jo eta soinu-bandak konponidu ditu Arte Eszenikoetako oso artista ezagunakaz batera. Pianoa jo dau Eh! Taldean (hiru disko Bcore Records-en eskutik) eta LeTraste (disko bi, Cuervo Music-en eskutik). Baita Tenebraeh! proiektuan be. Tenebraeh! zuzeneko soinu-banda proiektua da. Tod Browningen Garras humanas filmaren bandea egin eban. 2022an, Naiel Ibarrolak Sobras Completas bikote eszenikoa sortu eban José Luis Estebanegaz batera.
Kontzertuak:
- Abenduaren 12an, Gernikan, Kult Parnasoan.
- Abenduaren 17an, Mundakan, Mundakako BC entzutetsuan.
- Abenduaren 19an, Bermeoko Kafe Antzokian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
