Salgai dagoz Punto de Vista 2026rako sarrerak
2026-03-30 12:00 ZinemeaIruñean, apirilaren 20tik 25era izango da nazinoarteko jaialdia.
Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazinoarteko Jaialdiak salgai jarri ditu aurtengo emonaldi guztietarako sarrerak hemen eta egoitza nagusi dauen Baluarteren leihatiletan. Emonaldi bakoitzerako sarrerak 3 euroan dagoz salgai baina dobako saioak be izango dira.
Sei egunetan, Punto de Vista izango da beste behin nazinoarteko ikus-entzunezko komunidadearen erdigunea. Jaialdia egiten dan uriko areto eta eraikinetan (Baluarte, Golem Zinemak, Oteiza Museoa, Nafarroako Unibersidadeko Museoa, NUP, Nafarroako Filmoteka edo Civivox Sarea), era askotako jarduerak izango dira: film proiekzinoak, barriketaldiak zinemagileakaz, tailerrak, edo familientzako zinema saioak.
Beste urtebetez, hainbat ibilbide proponiduten ditu Punto de Vistak, jaialdiaren sailak zeharkatu eta publikoari ibilbide tematikoak, hain zuzen be: Zatoz Punto de Vista jaialdira, jaialdia deskubriduteko gonbidapena; Lurra, bertako ahots eta kontakizunetan oinarritua; Gure gorputzak, identidadeei eta eraldaketan dagozan gorputzei buruzkoa; Hartzen gaituen planeta, planetearen ingurumen krisia; Mugak saihestu(ezin), migrazinoen eta igarobidean dagozan bizitzen inguruan; eta Bizitza trazuak, kontakizun eta gomuta intimoei eskainia.
Bestetik, aurten be, kontziliazinoaren alde egingo dau jaialdiak, izan be, Punto de Vistako Ludotekea: Puxika Gorria zabalik egongo da sei hilabetetik hamabi urtera arteko umeentzako (Sarrerak erreserbau hemen).
Sei sail nagusi
Aurtengo programazinoak sei atal nagusi izango ditu. Sail Ofizialean emongo dira hemeretzi pelikula —zazpi film luze, film ertain bat eta hamaika film labur—, Amerikan, Asian, Europan eta Afrikan eginikoak. Munduko lau estreinaldi, nazinoarteko estreinaldi bat eta Estaduko hamalau estreinaldi izango dira lehian, jaialdiaren sarietako baten bila: Film Onenaren Punto de Vista Sari Nagusia, Zuzendari Onenaren Jean Vigo Saria, Film Labur Onenaren Saria, eta Ikusleen eta Gazteen Film Onenaren Sari Bereziak.
Fokua sailak hiru programa izango ditu, egungo zinemagintzako bide urratzaileenetan aratzeko: Eulien artean, esplorazino dokumentalagaz lotutako bide urratzaile eta barritzaileenei buruzkoa, Sensory Ethnography Lab-egaz loturea dabenak; Iragankortasunaren iraunkortasuna, Interneteko artxiboaren birmuntaketa artistikoari buruzkoa; eta Alia Syed zinemagilearen lanean oinarritutako programea.
Ricercata saila sortu da hizkuntza zinematografikoaren esperimentazinoan sakontazeko, hainbat programaren bidez: Forever Young: Zinema erliebean, ibilbide bat 3D zinema esperimentalean barrena; Zinema Amankomunean, sortzeko praktika kolektiboei buruzkoa; Termitak, gure inguruko zinemagileei eta euren lan prozesuei eskainia; eta El azul de la distancia zinema instalaznoa, María Hidalgo Nietoren eskutik.
X Films proiektuari jagokonez, Nayra Sanz zinemagileak parte hartuko dau. Uharte Zentroan egindako egonaldiaren emoitzak aurkezteaz gan, jaialdiaren hurrengo edizinoan estreinauko dauen proiektuaren aurrerapen bat eskainiko dau. Gainera, Gaulana be estreinauko da, Pablo Casanuevak 2025. eta 2026. urteetan ondutako proiektua.
Gazteei eskainitako Txinparta sailak jarraituko dau jaialdia belaunaldi barrietara hurbiltzen, hainbat jardueraren bidez: familientzako saio bat, tailerrak, bigarren hezkuntzako ikasleentzako proiekzinoak, jarduerak NUn eta NUPen, eta «Gazte programatzaileak» egitasmoaren beste edizino bat.
Azkenik, Lan izango da barriro be gogoeta eta eztabaida gune, zinemearen joanari, orainari eta etorkizunari buruzko barriketaldi eta topaketakiaz. Aurtengo proposamenen artean nabarmentzekoak dira jaialdiaren zuzendari artistiko izandako0 batzuekaz —Josetxo Cerdán, Oskar Alegría eta Manuel Asín— atondutako barriketaldia, Elsa Fernández-Santosen moderatzaile lanagaz, Mirentxu Loyarte (1938-2025) zinemagileari eskainitako konferentzia ilustratua, eta Napardocs eta DokLab topaketa profesionalak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
