Anne Etchegoyen 'KCANTÀ' diskoa aurkezten dabil

Bizkaie! 2026-10-27 08:49   Musikea

Lusignan eta Lourdesen kantau ostean, Azpeitian izango da zemendiaren 11n.

Anne Etchegoyen eta Leire Martinez. Erretratua. Josu Erviti. | Ikusi handiago | Argazki originala

Anne Etchegoyen euskal abeslariak urriaren 9an argitaratu eban Zabal, Leire Martínezegaz batera interpretautako kantua. Abestia KCANTÀ diskoaren aurrerapena da, diskoa urriaren 16an argitaratu baita. Kantuak bihotza zabaltzeko, persona bakotxak bere barruan dauen baliotsuena konpartidu eta konfidantzatik, eskuzabaltasunetik eta askatasunetik alkarregaz aurrera egiteko konbita dakarsku.

Zabal Anne Etchegoyenek eta Patxi Garatek konponidu dabe. Kantuak Anne Etchegoyen, Leire Martínez eta Francine Massianiren ahotsak batzen ditu, eta Ikastola Paz de Zigandako eta Abesti Taldeko ume abesbatzen eta Una Fiara Novakorsikar polifonia taldearen parte-hartzea be badau. Gitarra, baxu, tekladu, sintetizadore eta programazinoaren ardurea Benjamin Dantèsena eta Patxi Garaterena izan da.

Singlearen izenburuak, Zabal berbeak, edegitearen idea dakar gogora: bihotza edegitea, maitasuna, ontasuna eta argia zirkuletan ixtea eta persona bakotxak bere barruan daroana konpartidutea. Kantuak begirada argitsua dakar, batzuetan zauritua dagoan mundu bati begira; besteakan sinistea eta bihotzez eskaintzea eraldaketarako modu bat izan daitekeela aldarrikatzen dau.

Zabal singlearen argitalpenak KCANTÀ diskoaren etorrerea iragarten dau. Albumak lehenengo aldiz proiektu berean batu ditu hizkuntza minorizatu eta ez-hegemoniko askotan kantetan daben artistak: euskerea, bretoierea, okzitanierea, korsikerea, alsazierea, katalana, galegoa eta kreolerea. Diskoak, gainera, euren ahotsa gehitu nahi izan daben konbidadu ezagunak be baditu, kulturak, lurraldeak eta hizkuntza-ondareak balioan jarteko ekimen honen alde. Proiektuan parte hartzen daben artisten artean dagoz Francis Cabrel, Anne Etchegoyen, Patxi Garat, Dan Ar Braz, Cali, Clarisse Lavanant, Francine Massiani, Xoel López, Itziar Ituño, Leire Martínez, Claire Keim, Valérie Louri, Matskat, Sylvain Duthu, Petru Santu Guelfuccieta Yvan Cujious; baita Tximi Txama ume abesbatza, Ikastola Paz de Zigandako abesbatza eta Una Fiara Novakorsikar polifonia taldea be.

Duo, hirukote, laukote eta interpretazino kolektiboen bidez, KCANTÀk hizkuntza horreek gaur egungo moldaketetan buztartzen ditu, neurri handi batean jatorrizko sorkuntzen errepertorio baten zerbitzura. Proiektuak defendiduten dau hizkuntza horrek ez dirala joandakoak, guztiz bizirik dagozanak baino eta gaur egungo musika-sorkuntzearen parte izan daitekezala.

KCANTÀ diskoagaz, Anne Etchegoyenek musika espazio komun bihurtzen dau, eta desbardintasuna indar sortzaile. Albumak artisten, hizkuntzen eta lurraldeen arteko topaketea proponidu eta kultur aniztasuna aldarrikatzen dau.

Anne Etchegoyen


Iparraldeko gaur egungo musikagintzan eredu. Haren ibilbidean, euskal musikea Euskal Herriko zein Euskal Herritik kanpoko publiko gero eta zabalagoei hurbiltzen lagundu dau, bere ahots gozo, leun eta indartsuagaz.

Agertoki garrantzitsuetan kantau dau Etchegoyenek, berbarako Olympian, Pariseko Kasinoan, Alhambran, Kursaal Jauregian, Victoria Eugenia Antzokian, Bilboko Guggenheim Museoan, BBK Aretoan eta Arriaga Antzokian; gainera, birak be egin ditu, Frantzian, Espainian, Argentinan eta Amerikako Estadu Batuetan. 2013an argitaratu eban Les Voix Basques lanak oihartzun handia izan eban, 80.000 kopia baino gehiago saldu baitziran eta lau miloe ikustaldi baino gehiago izan zituan bideoklipak.

Ondoren kaleratutako lanetan, hainbat gai jorratu ditu Anne Etchegoyenek, besteak beste, transmisinoa, nortasuna, memoria, emakumea eta euskal kulturea. KCANTÀ lanagaz, konpromiso hori sendotzen dau artisteak, eta beste hizkuntza gitxitu batzuetarantz bideratzen dau, musika-sorkuntzea eta kultura-ondarearen aldeko jarrerea batzen dituan proiektu koralean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu