Marte Lasartek 'Kea, Argiak eta Kontraesanak bigarren diskoa argitaratuko dau zemendiaren 3an

Bizkaie! 2026-11-03 08:55   Musikea

Sasoi lainotsuei begiratzeko eta hausnartzeko konbita.

Biolentzia lausotua, nostalgia eta haren kontrako indarrak, itxaropenerako zirrikituak eta kontraesanak ardatz hartuta. Izenburuak aurreratzen dauen bezela, elementu horreek guztiek dabe lekua kantuetan, bai berbetan, bai soinuetan be.

Azken aurrerapen singleak, Profeten Lurraldea kantuak, diskoaren unibersora hurbiltzeko pistak emon euskuzan: itxaropen faltea baina zeozer egiteko beharra, bitarteko barik. Taldeak antiheroiak jarten ditu erdigunean, ertzetik egoerearen ikuspegi osoagoa lortu daitekeelako eta horren adibide da Mario Marmol.

Diskoari hasierea emoten deutson Kea Eta Isiltasuna kantuak, barriz, aspaldiko munstro baten berragertzea eta komunidadeagaz izan nahi ditugun hartu-emonak dira berbagai.

Diskoak aurrera egin ahala, begirada kolektibotik norbanakora hurbiltzen da, norberaren kontraesanak eta errepetiduten diran joera autosuntsitzaileak aztertzeko: Arraila da horren erakusgarri. Ondoren, barriz, norbanakotik masara igaroten da Argirik Balego kantuaren bidez: garraiobide berean doazen ezezagunak, zer garen eta, akaso, zer izango garen galdezka. Instrumental batek zarratzen dau diskoa, eta bonus track berezi batek osotzen dau edizinoa: streaming plataformetan argitaratuko ez daben kanta horretan, taldeak omenaldi txikia egin deutso Rafa Berrio musikari eta idazle donostiarrari, Malakiasen laguntzeagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu