Olatz Salvadorrek 'Zainak Eman' bere hirugarren diskoa aurkeztu dau

Bizkaie! 2026-10-28 07:39   Musikea

Zintzilik (2018) eta Aho Uhal (2021) iraupen luzeko bere aurreko proiektu bien ondoren.

Zainak Eman kantuaren abiaburua fedea izateko beharra da. Dana likidoa eta eferbeszentea dala emoten dauenean, zeozertan konfidantzea izateko beharra. Nork bere buruari eusteko zeozer bilatzea. Harago joatekoa. Zaratearen artean argia edo espiritualtasuna bilatzea dala esan daiteke.

Maila estetikoan, zuzentasunaren eta atseginaren aurreko hausturea bilatzea sentiduten dau Olatzek. Gehiago arriskatzea, zaratea eta oihuari lekua egitea, hainbat efektu erabiliz: saturazinoak, detune, fuzz, delays, autotune male/female... Diskoan zehar erritmo askogaz olgetan dau eta jantza askatzaileentzako lekua egotea be bada asmoa. Joera itxuraz minimalista puntutxua daben abestiak egitea be gura izan dau eta ahotsakaz, geruzakaz eta efektuakaz olgetea.

Olatzek aparteko inportantzia emoten deutse bere berbei eta horreekaz konforme egotea da gehien kostetan jakon gauzetako bat. Salvadorren abestien letra gehienak berak idazten ditu, baina batzuetan laguntzea eskatzen dau, aurreko disko bietan bezela eta gogoratuko dozuez hainbat bertsolarik egindako letrak. Disko hau ez da salbuespena eta Itziar Ugarte lako idazleen lanean oinarritutako berbak dagoz.

Zainak Eman horretan esperientzia hobeto ulertzeko, Katixa Agirre idazleak Olatzen album barriari buruzko berba batzuk eskaini deuskuz: Orain arteko bere lanen artean elektronikoena eta basatiena. Mugak aztertzen dituan lana, duda barik. Zainak eman izenburupean, gainera, sare semantikoa ezin aberatsagoa zabaltzen dau astiro-astiro Olatzek, kanten barruko askotariko geruza eta sonoridadeak zabaltzen dituan bezela.

Spoken word estiloko Haragi bizitan kantuagaz zabaltzen da diskoa, aldarrikapen estetiko eta kontzeptuala zinez: abestea eta errezitetearen arteko muga horretan, diskoaren maminaz dabil, ikusgai geratzen dan maminaz. Berez barrukoa dana, hau da, haragia edo okelea, kanpotik ikusgai geratzen danean esaten baitogu zeozer geratu dala haragi bizitan. Mugak hankaz gora, beraz. Eta hortik aurrera, ebagidura horretatik, sortzen dira zanak: beste hizkuntza batzuetan tripek berba egiten daben bezela, euskereak zanari leporatu deutso lan hori.

Intuizinoa, bihozkadak, nerbioak eta hasarrealdiak... horreek guztiak zanei esker ei ditugu. Arbolearen zanen antzera, ikusten ez diran, baina galtzera erresistiduten garen (edo esan beharko neuke zan eta muin defendiduten dugun) esentzia batera lotzen gaituen zutabe organikoak dira zanak. Gure gorputza eta munduaren arteko bidezidorrak, zubiak, xendrak.

Bigarren kortean, Zarataz harago, diskoaren lehenengo kolaborazinoa dago, Alba Morena kantari kataluniarragaz, alkarregaz isiltasunaren beharrari kantetan deutse, mugako beste ariketa bat.
Dagoeneko hilabete batzuk bolo-bolo dabilen kantua da Basan, hirugarren oparitxua, Olatz libre eta basatienaren erakusgaia. Horrezaz be badabilelako disko osoa, zanetara buelteteaz, bidean galdu dogun askatasun baten erreskatean ibilteaz.

Lurralde ilunagoetara eroaten gaituen kantuak be gordeten ditu diskoak. Askatasunak be badauelako bere prezioa: etorkizun ziurbakoa, bestearen borondatea ezin kontroletea eta arabere gehiago norberaren barruan biztuten diran zanak ezin baretzea. Horrezaz dabil, erritmo elektronikoak abandonau barik, Gerorik Balego, Zaldi Zuri Bat edo Zerbaiten Zain kantuetan. Azken honek diskoaren bigarren kolaborazinoa dakar eta ez edozelakoa, Izaroren ahotsagaz egiten baitau bat Olatz Salvadorrenak hor, modu zoragarrian bat egin be.

Azken eguzki printzak da kanturik sensualena, izozki bat urtu bitartean disfrutetako moduko kantua: plazer efimero baina totala. Zanak lasai dagoz kantu horretan, hor ez dago etorkizunaren aurreko bildurrik, oraina da inporta dauena, eta eguzkia laster sartuko dan arren, azken eguzki printzak aprobetxetea da kontua.

Bestearen galerara eta bestearen beharrera bueltetan gara diskoa amaitzeko, malenkoniaz zipriztinduta datozen Nahi gabe eta Etzidamuz abestiakaz. Munduak zeozer zain dauka, dino azken kantu honek, eta hortxe agertzen jaku zain berbearentzako mundu barri bat.

Nahi gabe zenbait zauri ikutuko deutsuzan diskoa da Zainak eman eta, aldi berean, nahi barik (edo akaso nahita!) jantzan jarriko zaituana. Non dago euforia eta malenkonia banatzen dauen lerro hori, muga hori? Ezin dogu jakin.

Olatzek albumeko hiru kantu argitaratu zituan uda aurretik: Basan, Gerorik Balego eta Azken Eguzki Printzak. Orain, bere azken aurrerapena diskoa kaleratu aurreko egunean aurkeztu dau: Zerbaiten Zain. Kantu hau Izaro artista bizkaitarragaz izango da eta bere erritmo elektrikoagaz albumeko kanturik indartsuenetakoa da.

Olatzen disko barria aurkezteko ekitaldia irailaren 25ean izan zan La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea 9, Bilbo) baina etorriko dira beste hitzordu batzuk be (Erretratuan begiratu).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu