Nøgen taldearen agurra

Bizkaie! 2026-10-23 11:38   Musikea

Azken diskoa iragarri eta 2027an ekingo deutse agurreko bireari.

Talde donostiarrak Onak eta Txarrak kaleratu barri dau, hamar urteko ibilbideari amaierea emoteko albumaren lehen aurrerapena, eta 2027an hasiko dan azken bira bategaz agur esango deutse publikoari.

Berba daniar horreekaz emon deutso izena Nøgenek, diskoz disko, bere hamar urteko historiaren etapa bakotxari. Orain azken kapitulua idazteko momentua heldu da: talde donostiarrak iragarri dau 2027 hasieran argitaratuko dauen laugarren albuma bere agurrarena be izango dala. Lehen aurrerapen kanta bategaz emon dau barria: Onak eta Txarrak, gaurtik plataforma digitaletan entzungai.

Etxera nola heldu izeneko agur birea diskoa argitaratu ondoren hasiko da, 2027. urtearen hasieran:

  • Zezeilaren 20an, Errenteriako Lekuona Fabrikan.
  • Zezeilaren 27an Bilboko Kafe Antzokian.
  • Martiaren 6an Madrilgo Café La Palman.
  • Maiatzaren 1ean Bartzelonako Razzmatazz 3 aretoan.

Bilbo, Madril eta Bartzelonako sarrerak salgai dagoz eta Errenteriakoak, barriz, abenduaren 10ean.

Edozelan be, azken bidaia horri ekin aurretik, taldeak hamargarren urteurreneko birea zarratuko du aurten, kontzertu bigaz: urriaren 31n Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean eta zemendiaren 13an Iruñeko Gayarre Antzokian.

2016an ekin eutsen Danimarkan, Erasmus egonaldi bateko gau luzeetan. Han, ukelele bategaz, Markel Idigorasek lehen melodiak idatzi zituan, eta handik ekarri eban izena be: nøgen berbeak biluzik esan nahi dau danieraz, eta ordutik taldearen asmo-adierazpena da: kantu zintzoak, hurbilak eta apaingarririk bakoak. Donostiara bueltaukeran, Alex Irazusta eta Ane Negueruela batu jakezan, eta 2017an, Olatz Cuevas eta Jokin Guilisagastigaz, boskote bihurtu zan Nøgen.

Ordutik, etapa bakotxak izan dau bere berba daniarra: Lys EParen Argia (2017), Liv Til Døden diskoaren Hil arte bizi (2018), Under Alt-en Guztiaren azpian (2020) eta Åben Cirkel-en Zirkulu irekia (2023), orain, laugarren diskoagaz, zarratuko dana. Lan horreei 2025ean Galdu baino lehen bersino-EPa plazaratu eben.




Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu