Mendietxe Museoa, naturea eta historia buztartuz
2025-10-20 10:19 Ibilian-ibilianAlex Txikon da museoaren sustatzailetako bat.
Alex Txikonen istorioak eta bizipenak nabarmen ezagunak ditugu. Himalaian eta mundutik egin ohi dituan abentura guztietan jarraitu deutsagu, baita beragaz luze eta zabal berba egin, bizitakoen barri izanik. Oraingoan, barriz, ez gara haren espedizino baten barri emotera etorri, haren bizitako proiektu garrantzitsuenetako bat erakustera baizik, Mendietxe Museoa.
Alpinistearen sormenak ez dau etenik: segundoro, minuturo, idea barriak jasoten ditu eta horreek egi izateko egin beharreko ahalegin guztiak gogoz egin ohi ditu. Bizitza osoan zehar, jakin-min berezia izan dau historia ezagutzeko, beraz, jakin badakigu, gertakarien data guzti-guztiak buruz dakiela. Asko irakurten dau eta idaztea be asko gustetan jako; beraz, gordeak ditu haren ibilbidean zehar ikasitakoak, baita aurreko belaunaldiek eginak be.
Orain arte, Lemoan izaten zituan topautako eta deskubridutako aspaldiko materialak, objektuak, argazkiak edo inskribuak. Orain, haren proiektuak izan diran espedizinoak hurreratu eta indar eta ahalegin guztian Azpeitiko konbentu batean jarri ditu. Zeinek esango leuke Txikon pareta artean sartuta horrenbeste denporan? Holan da, lehenago be, igeltsero izandakoa da eta hainbat obretan ibilitakoa, beraz, haren jakintzea eta pasinoa buztartu ditu, leku, benetan, zoragarria sortuz.
Mendietxe berezia da, erabat gomendatzen deutsuet gerturatzea, Alex ondo baino hobeto ezagututa be, guztiz harritu eustan ikusitakoa. Diseinu aldetik sekulakoa da, berezia, begirada gidatzen dau eta zur eta lur gelditu nintzan. Oso ondo aukeratuta egoan kontaketa bakotxaren kokalekua: historia, abenturak, mendia, zaletasuna, eskertzea, naturea eta bidaia.
Emozinoz betetako bidea da, edade eta maila guztietarako erakargarria. Bertan dagoan bildumea ez dago inon jasota. Pioleta lortzeko Suitzara joandakoa be bada Alex, haren ibilbideko material guztiaz gan, eskalatzaile eta alpinista ezagunen objektuak ditu, baita istorioak be, animalien ezaugarriak edota Himalaian senti ohi dan budismoak eskaintzen dauen bibrazinoa be. Museo kanpoaldean koloretako banderak dagoz, jarraian jakingo dozue museoa bertan dagoala.
Oraindino be, etenbako sortze-prozezuan dago, museoan sekulako espazio barritzaileak sortzeko. Ez dot ezer aurreratuko, hatan dabiz-eta, baina urte amaierarako dana amaituta izatea espero dabe. Merezi dau joatea. Disfrutau!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!