Llançà, Costa Bravan barrena
2026-10-16 09:03 Ibilian-ibilianCastellar eta Port de la Selvara bidean.
Kataluniako kostaldea aukera ona dogu beti. Aldiro, kostaldea eta mendia buztartuz aukera bereziak topetan ditugu Ibilian-ibilian gure atal honetan, hau da, naturea, bere horretan. Costa Brava horretarako aproposa dogula jakin badakigu, halan da be, pentsa baino zabalagoa eta anitzagoa da inguru hau. Hurrengo artikulu batean, Costa Bravaren beste alde eta ikuspegi eder bat izango dogu aztergai baina, oraingo honetan, Frantziatik gertuago dagoan Llançà izango dogu ardatz.
Ekin daiotsegun hondartzearen eta pasealekuaren gertutasuna nabarmenduz, berezia iruditu jatan eta, oso gertu dagoz. Zarautzen, esate baterako, malekoia nahikoa hur egon arren, badago gitxieneko tarte bat; hemen, ostera, ondo-ondoan dagoz. Era berean, lasaitasuna eta giroa be badira. Costa Bravako ohiko lekuetako masifikazinoa ez da hain begi-bistakoa eta halan da be, turisten lekua be bada. Llançàn, bertan, egun bat do bi eginda nahikoa da ingurua ezagutzeko, ez neuke egun askotarako egonalditzat joko, egia esanda. Aukera bikaina da Roses edota Empuriabravagaz alkartzeko eta inguru berezi hau ezagutzeko, 20 eta 25 minutu ingurura baitagoz.
Behin, Llançàn, beraz, Castellarrera igotea da nire proposamena, malekoitik aurrera egin eta portuan gainekaldean dagoan menditxo txikira, hain zuzen be. Sekulako ikuspegi polita dozue bertatik, bai herriarena, bai inguruko hondartza txiki eta mendiena. Oinez edota korrika igon daiteke bertara, eta goizean goiz edota iluntzean sekulako argi politaz gozetako edota Port de la Selva Ronda bideari ekitekoo hasiera ederra.
Zazpi km inguruko ibilbidea dogu Port de la Selvara GR-92 bidea, Far d s’Arenellatik be igaroten dana. Mediterraneoan barrena dihoan ibilbide erraz hau, maila guztietarako aproposa da, norberak aukeratu leikelako osorik egin edota bidean hondartzaren batean edota leku polit eta zoragarriren batean geldialdia egin. Argazkiotan dituzuen seinaleek gidatuko zaitue eta eskaileretatik gora eginda, etxeetatik igarota, ikuspegi ederrei bidea emoten jake. Behin, Cap de Bol ingurura helduta, aurrera egin eta Balleu hondartzearen gainetik igaroko gara, s’Arenellako itsasargira helduz. Cap de Creuse edota Pirinioen hasierearen ikuspegiaz gozetako aukerea izango dogu bertatik, nahiko gertu baitago Transpirenaicaren ikur dogun ingurua.
Amaitzeko, Port de la Vall hondartza eta hondartza txikiak igarotean, Port de la Selvara heldu ahala, ikuspegi zoragarriak eta esanguratsuak ikusi ahal izango ditugu. Danetara, ordu bi ingurukoa da joaneko ibilbidea. Norabide batean zein bestean eginda, garraio publikoa badago batetik bestera bueltau ahal izateko, norberaren denporearen eta gogoaren arabera. Beraz, gozau egizue inguru erraz eta gustagarri honetan!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
