Zeberio Harana mendi martxa ikusgarria

Amaia Larruzea 2026-05-20 10:39   Ibilian-ibilian

Arratiako bailaran barrena.

Mendi martxen denporaldian sarru gara daborduko eta, aurten, Austarri Mendi Taldeak atondutako Zeberioko mendi martxara bueltau gara. Arratiako Bailaran, Bizkaiko azken herrien artean dago
Zeberio, mugan, hain zuzen be. Errepideen eta probintzien artean dagoan herri txiki honek badau bizia, bere horretan, eta horren adibide dogu, bertan, egoten dan giroa.

Danetara, hiru ibilbidek osotzen dabe mendi martxea. Norgehiagoka izaerarik barik herrikoiak dira, halan da be, ez pentsau horrek ibilbidea erraztuko dauenik, aldatzean gora eta behera ibilteko bide ederrak baititu.

Batetik, ibilbide luzea dugu, zeina Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuiturako baliagarria den, eta honetan, Zeberion hasi, Piku Bikotxera igo (616 m), handik, Garaigortara abiatu (662 m), Aibelabera (638m), Arrugaetara (669 m), handik, Untzuetara (770 m), Artandara jaitsi (550 m), Upora igo (573 m), Tontorrandira (522m), Mandoiara igo (638 m), bertatik, Argiñaoko Atxara (524 m), eta orain bai, ibilbideari bukaera eman Zeberio herrira iritsita. Guztira, 43 km eta 2.400 metrokodesnibel positiboko ibilbidea. Horretarako, 11 ordu edo behar dira.

Bestetik, ibilbide ertaina dugu, jende dezente bildu ginen bertan, eta Zeberiotik hasita, Mintegira abiatu ginen, handik, Upo mendira igo ginen (573 m), San Segismundora (407 m), Tontorrandira (522 m), Mandoiara (638 m) Arratian oso kuttuna den mendia, bertatik, Argiñaoko Atxara (524 m), eta bukatzeko, Zeberio herrira jaitsiera. Guztira, 25 km eta 1300 metroko desnibel posiiboko ibilbidea.

Azkenik, ibilbide laburra izan genuen, eta bertan, Zeberiotik Zeberioganara igo (300 m), Mandoia mendira altza (638 m), Argiñaoko Atxara abiatu (524 m), eta bukatzeko, gainontzekoen lerro beretik, Zeberiora jaitsiera. Guztira, 15 km eta 600 metroko desnivel positiboa.

Gauzak holan dirala, ibilaldiaren zehar, jan-edanak, anoa-postu onak eta mokadutxo ederrak izan genduzan. Giro ederra, parebakoa, herrikoia eta Arratiako bailarako herri txiki eta berezi honetako txokoak ezagutzeko aukera izan genuen. Datorren urtera begira, hortxe proposamena, eta bestela be, urtean zehar ibilbideak egiteko aukerea, bertan, bazkari eder bategaz borobilduz, astegoien bateko hitzordu ederra!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu