Dinamartxi, Ondarroa lorez jazten dauen Zapato Azule
2026-07-07 11:04 Ibilian-ibilianGesalaren eta garoaren kolorez jantzi dogu aurten be, Dinamartxi.
Hemen da, beste urte batez, ondarrutarrek Dina Bilbaoren omenez, egindako martxa herrikoi eta historikoa. Oinezkoek eta txirrindulariek, bere horretan, egiten dabena eta herriaren harrera beroagaz eta hunkigarriagaz amaierea emoten jakona, aldi berean, Zapato Azularen jaiari hasierea emonez. 300 bat lagun batu gara, aurten, Dinamartxira. Giro bikaina, beroa, hezetasuna, musikea, jana, edana eta hanketan eta bihotzean kilometro gosea, mueta guztietako uneak, sentipenak eta bizipenak, horrexek aurtengo menuaren osogaiak.
Barikuko gaueko 22:30ean, Ondarruko portu ondoko geltokian, hantxe ziran autobus handia eta txikia oinezko parte-hartzaileon zain; 70 lagunetik gora baiginen oinezko ibilbidea egiteko prest. 23:45ean, Tolosako Bonberenea aparkaleku ingurura heldu eta bertatik, ibilbideari hasiereari emon.
Olamuño/Artzubirantz joan eta Lizarbakarreta leporantz abiatu, eta handik, Herniozabalera eta Hernio mendian gora. Gau oso beroa, hezetasun handikoa, gehiegizkoa danon gusturako, eta aurrera eta atzera begiratuz, une oro, ibilbidea markauta ez dagoanez, danok alkarrekin joan behar dogulako. Behin, Hernio mendian gora eginda, Zelatungo bordara joan eta berau Dinamartxiko parte-hartzaileontzat edegiten dabene, hantxe jana eta edana hartu eta kamisetea aldatu, danok hezetasun betean ibiliz, izerditan.
Ibilbidearen lehen zatia eginda, desnibel dezentekoa, momentu honetatik aurrera, basoz basoz, asfalto tartera egin genduan salto. Zestoa dogu, jarraian, hurrengo helmuga. Luze egiten da tarte hau, asfaltozko bide hau nahiko monotonoa baita, barriketarako aproposa, asteko nekea eta logura faltea ez igarteko. Ondarrutarrentzat hori, halan da be, ez da nekez egiten dan zeozer, abilezia baitabe momento horreek eroangarri egin, dibertimenduan ibili eta alkarrizketa sakonetan sartzeko, saltsa eta giro itzelean. Behin, Zestoara helduta, ohikoa dan legez, bertako Ogi Berri edegiten dabe eta Dinamartxiko parte-hartzaileontzat sekulako gosaria prestetan dabe: kafea, croissant egin barriak, napolitanak, fruten ura..., tripeak hanketara indarra eroateko aproposak eta umorerako, zer esanik ez!
Behin, ondo gosalduta, bagoaz aurrera alkarregaz eta hemendik aurrera taldea gehiago sakabanatzen da, aukera bi baitagoz ibilbideari aurre egiteko; batetik, Endoian Saltsamendi eta Andutzerantz hartu beharrean, errepidetik Itziarrera joateko aukerea, eta bestetik, Endoiatik, Salsamendira, eta handik, Andutz mendira igon, eta Itziarrera bajau. Batean zein bestean, Dinamartxiko hainbat eta hainbat lagun batzen dira. Beraz, bata zein bestea aukeratuta, hautu ona izango da. Handik, Itziarrera bajau eta herriko erdiko tabernan, barriz, danak batu, geldialdia egin eta bigarren eta azken txanpeari ekiteko. Donejakue bidean be, bertan egiten da geldialdia nahi izan ezkero, eta egia esan, aukera ona da Itziarren dagoan lasaitasunaz gozetako eta pintxo eder bat jan, eta herri giroan, ondo hidratetako.
Handik, Debarantz egitea da onena eta horretarako, aitatutako Done Jakueko bide bera hartzen da, herrira bajatuteko. Berau zeharkatu eta trenbidetik harago eginda, Mutrikurantz bidea hartu. Behin, Bizkaiko mugan dagoan herri gipuzkoarrera helduta Galdonara igotean izango dogu azken aldatza. Bertako kanpinera heldu eta, Dinamartxiko oinezko guztiek bertan alkartu, alkarri itxaron, kuadrillaka batu, jana eta edana bermatuta dago, eta kamisetea aldatzeko garaia momentua da, barriro be, denbora luzez egongo baikara hemen, Ondarroako plazarantz joan arte arte. Momentu honetan, bertan, bizikletaz dabizenakaz komuniketan dira atontzaileak. Zapatu horretako goizeko 07:00etan, bizikletariek edota txirrindulariek ekin deutselako bideari. Horreek be autobusez doaz Tolosara eta bizikletak garraiotzen deutsee atontzaileek. Aurten, 230 lagun inguru ibilidira bizikletako martxan be.
Tolosatik Bidania, Azpeiti, Zestoa, Endoia, Lastur eta Kalbaixutik barrena, ibilbide ederra egiten dabe bizikletan. Mutrikutik errepidetik aurrera egin, eta bitartean, oinezkook, 13:30ean, Galdonatik beherantz egin eta Ondarrurantz jatsiereari ekin. Saturraran hondartzara heldu, Gipuzkoako eta Bizkaiko mugea pasau eta itsasoaren kresal berezia sentidu, pasealekutik barrena abiatu, zubi ikonikoa zehartu eta Alamedara heldu. Orain bai, bizikletako dinamartxikoakaz alkartu eta Zapato Azuleri ondoetorria egiteko Dinamartxiko helduereagaz Zaharreko kaleak zeharkatu, jantza betean bizi eta jentearen txalo artean, Ondarroak dauen egunik berezienetakoari hasierea emon!!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
