Euskalgintza soziala Euskararen Aholku Batzordetik kanpo
2025-07-04 13:21 Euskerea berbagaiKontseiluak harridurea adierazo dau.

Euskalgintzearen Kontseiluak harridurea eta kezka adierazo nahi ditu Eusko Jaurlaritzeak osotutako Euskararen Aholku Batzorde barrian ez dagoalako gizarte ekimeneko euskalgintzearen ordezkaririk.
Bagilaren 23an lehen aldiz batu zan Aholku Batzorde barriko 27 kideen artean ez dago, esaterako, egunerokoan euskerea herritarrei emoten ibilten diran helduen euskalduntze-alfabetatze sektoreko ordezkaririk, hezkuntzearen arloan helburu horren bila lanean dabilen gizarte eragileetako kiderik, lan munduaren euskalduntzean egunero-egunero ibilten diran aholkularitzetako ordezkaririk, euskerearen erabilerearen aktibazinoan herriz herri eta egunez egun dabizen eragilerik, euskerearen ezinbesteko ekosistemea dan kultur arloko eragilerik. Euskalgintzearen Kontseilua horreen guztien topagune eta bateratzaile da hizkuntz politiketan egin beharreko proposamenei jagokenean. Horrenbestez, Euskerearen Aholku Batzordeko kide izan da azken urteetan eta, orain, harriduraz jaso dau osoera barritik kanpo geratzea.
Kontseiluaren eretxiz, gizarte ekimeneko euskalgintzea ezinbestekoa da euskerearen normalizazinoak eta bizibarritze prozesak aurrera egin deien. Beraz, beharrezkoa da eguneroko jardunean herritarrak euskalduntzen, euskerearen erabilerarako espazioak sortzen, sustatzen eta atxikimendua bultzatzen dabizen eragile nagusiak aholku eta erabagiguneetan presente izatea.
Halanda ze, euskalgintzea egunero dabil hartu-emonetan gizarteko errealidadeakaz, euskalduntzen dabizen personakaz, euskaldunduko diranakaz, euskeraz bizi gura dabenakaz, baita gura eta ezin dabenakaz be. Ekimen sozialeko euskalgintzearen jakintzea eta ekarpenak bateratzeko eta bideratzeko sortu zan Kontseilua eta metatutako ezagutza horren ekarpena egin gura dau orain be.
Ondoko honeek Kontseiluaren parte dira:
- Euskerearen erabilerea soziala egunez egun eta herriz herri sustatzen dabizen euskaldunen eta euskaltzaleen alkarteak.
- Urte osoan zehar lanean dabizen gizarte ekimeneko euskaltegi eta barnetegi sare nagusiak.
- Euskal kulturearen ekosistemea eta transmisinoa sustatzen jarduten daben kultur eragileak.
- Aisialdian, hezkuntza ez formalean eta barrikuntza pedagogikoan ibilten diran alkarteak.
- Hezkuntza sisteman belaunaldi barriak euskalduntzen ibilten diran ikastetxe sare eta guraso alkarteak.
- Euskerazko hedabideak, arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiten daben aholkularitzak.
Euskalgintzearen ezagutzea eta esperientzia metatua eta erakundeen eskumenak erabat bateragarriak dira, eta ezinbestekoa dogu alkar entzun eta alkarregaz lan egitea. Euskerearen berreskurapen, normalizazino eta bizibarritze prozesuek gizarte ekimenaren beharra dabe eta hizkuntza-politiketan euskalgintzeak batzen dituan dozenaka mila euskaldun eta euskaltzale aktiboren ahotsa, ekarpenak eta erabagiak aintzat hartzea da asmoa.
Horregaitik, Euskalgintzearen Kontseilua prest dago egoerea bideratu eta lankidetzea emonkorrari jarraipena emoteko. Larrialdi linguistiko betean, guztion ekarpenak ezinbestekoak dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!