Euskararen Aholku Batzordea lehenengoz batu da Euskaltzaindiaren egoitzan

Bizkaie! 2025-06-24 08:10   Euskerea berbagai

Bilkura amaitu ostean, Akademiaren Ohorezko Liburuan sinatu dau Pradales Lehendakariak.

Imanol Pradales, Andres Urrutia Ibone Bengoetxea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Andres Urrutia euskaltzainburuak harrerea egin deutse Imanol Pradales Lehendakariari, Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta lehen lehendakariordeari eta batzordekideei. Euskaltzaindiaren egoitzan batu da Euskararen Aholku Batzordea. Legealdi barriko lehen osoko bilkurea egin dabe. Imanol Pradales Lehendakaria izan da batzarburu, Ibone Bengoetxea, lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuagaz batera.

Andres Urrutiak gogoratu dau Euskararen Aholku Batzordeko batzordekide izan dala Akademia hasieratik bertatik, eta hor eginiko bidea onuragarria izan dala autortu du: orain erronka barriak jatozkuz eta horreei aurre egin behar deutsegu. Gure ustez, berehala egitekoa da euskereak biziberritze azkar horren eraginez, bizibarritzeagaz segiduteko, hizkuntzearen presentzia eta erabilerea indartzeko, orain arteko eremuetan sakondu eta, ahul dagoanetan, ahaleginak bizkortu eta indartu behar dirala, besteak beste, herri-erakundeetan, eremu sozioekonomikoan, aisialdian, kultur zein kirol eskaintzan, bai eta ingurune digitalean be. Jakinik, hori bai, Euskal Herri osoa dogula eginkizun, lurralde eta herrialde bakotxak dauen historia, ikuspegia eta errealidadea aintzat hartuta. Alderdikeriak baztertu eta adostasunak barritu behar dirala gaineratu dau euskaltzainburuak.

Lehendakariak batzordekideei ondoetorria emon deutse eta euskerearen etorkizunari begira, salto kualitatiboa emoteko preminea azpimarratu dau: egoereak ez dau zerikusirik orain 40 urtekoagaz. Asko aldatu dira gizartea, gazteen bizimodua, eta komunikazino eta hartu-emon moldeak eta euskerea bizibarritzeko koordinautako ahalegin planifikatua behar dogu.

Testuinguru horretan, Lehendakariak normalizazino prozesuan aurrera egiteko beste paradigma bat ezartzeko beharra azpimarratu dau: konfrontazinoari aurre eginez. Gizartearen aktibazinoa da gakoa, baina euskereak be legeria eta segurtasun juridikoa behar ditu.

Beste alde batetik, Ibone Bengoetxeak Euskararen Plan Estrategikoaren eduki nagusiak aurkeztu ditu. Planak helburu nagusi bi ditu: euskerearen ezagutzan eta erabileran salto kualitatiboa emotea. Horretarako, 9 ardatz estrategiko identifikau dira, besteak beste, euskera-gaitasuna, transmisinoa, lan mundua, aisialdia, ingurune digitala eta etorkinak. Planak baliabide ekonomikoak, gobernantza eredua eta jarraipen-mekanismoak be aurreikusten ditu.

Bileran, Euskararen Aholku Batzordeko 21 kidek hartu dabe parte, tartean, Miriam Urkia euskaltzain osoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu