Galdakaoko Maskaradea Pagolan egingo dau Andra Mari Dantza Taldeak apirilaren 12an

Bizkaie! 2025-04-01 08:26   jantzea

Goizeko 10:30ean hasiko dira barrikadak Pagolan.

Pasa dan zezeilaren 22an publikoaren erantzun bikainagaz plazaratu eban lehenengoz Maskaradea osorik Andra Marik. Orain, hile bi aurrerago, Pagolan egingo dau bigarrenez, apirilaren 12an, pagolarren konbita onartuta. Pagolakoak igaz Galdakaon egin eben euren Maskaradea eta ordutik aurrera herri bien arteko hartu-emonak sortu eta sakondu egin dira, bertako gazteen laguntzea ezinbestekoa izan dalako Andra Marirentzako Maskaradea atara ahal izateko.

Goizeko 10:30ean hasiko dira barrikadak Pagolan eta 15:30ean izango da ofizioen saioa eta Galdakaon bezela, oso-osorik atarako dau plazara lekura moldatutako antzerki eta bertsoedo bertsetekaz. Gogoratzearren, azken bizpahiru urtetan ibili izan da Andra Mari Zuberoako Maskaradan buru-belarri, eta hogeita hamar bat personaren inplikazinoa eskatu dau. Dana dala, 1988an hasi zituan Andra Marik Zuberoako Maskaradako jantzen ikerketa eta ikasketa lana. Taldearen 35. urteurrenaren ospakizunean bertan plazaratu eben lehenengoz jantza sorta osoa.

Apirilaren 12an Pagolan plazaratuagaitik be, bere garaian ikerketearen zatirik handien Altzain egin zan, Jean Pierre Rekalt maisuagaz. Ostean etorriko zan Larraineko, Mauleko eta Pagolako jantzarien laguntzea, eta beste behin, errespetu eta miresmen guztiagaz plazaratuko dau Andra Marik Maskaradea.

Beste behin, Andra Mari Dantza Taldeak eskerrak emon nahi deutsoz urte honeetan guztietan bidelagun izan diran guztiei eta, era berean, konbita egin nahi deutse maskarada zaleei Pagolan be geure maskaradaz gozau deien.

Andra Mari Eusko Dantzari Taldea

Ondokoak dira Pagolan parte hartuko daben personaiak:

• Txerreroa: Julen Diez.
• Gatuzaina: Ainara Bilbao.
• Kantiniersak: Uxue Bejarano eta Iraia Aspuru.
• Zamaltzaina: Julen Sagarminaga.
• Entsenaria: Aitzol Zamalloa.
• Jauna: Imanol Etxebarria.
• Anderea: Goizane Sot.
• Laboraria: Jaime Zubero.
• Laborarisa: Garazi Azurmendi.
• Marexalak: Ariane Unamunzaga, Oiane Perez, Itziar Etxebarria, Izaro Estrada eta Eihartze Pulido.
• Kukulleroak: Elisa Bikandi, Gorane Euba, Marta Ortiz de Pinedo eta Oiana Telleria.
• Xorrotxak: Irene Gutierrez eta Olatz Sagastigordia.
• Kherestua: Garazi Maeso eta Amaia Carregal.
• Kauterak: Jon Eguskiza (Kabana), Aritz Zamalloa (Pitxu), Iñigo Larrea, Ander Orueta eta Unai Granado.
• Bedezia: Aritz Granado.
• Buhameak: Garatz Unamunzaga (Buhame jauna), Nerea Ereño, Garazi Maeso eta Amaia Carregal

Musikariak

• Txirula eta ttunttuna: Ibon Askargorta eta Mirentxu Lako (Pagola)
• Atabala: Josi Basterretxea
• Biolinak: Ainara Artetxe eta Asier Balentzia

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu