San Esteban, Saint-Sauveur eta Ábalos, II. Developpe Jantza Nazinoarteko irabazleak

Bizkaie! 2026-01-26 07:28   jantzea

Lander Otaolak eta Oizeder Mayok aurkeztu dabe galea BBK Aretoan.

Euskaditik, Estadutik eta Europatik etorritako 300 jantzarik parte hartu dabe Developpe Jantza Nazinoarteko II. Lehiaketan, urtarrilaren 22tik 25era, Bilboko BBK Aretoan. Berton inskribidutakoak nazinoarteko epaimahai baten aurrean parte hartu dabe lau egunetan zehar. Ondoko honeek izan dira epaimahaikideak: Charles Jude (Parisko Operako izarra, Lifar Fundazinoko presidentea eta Nureyev Fundazinoko Zuzendaritza Konsejuko kidea), Muriel Romero (Espainiako Jantza Konpainia Nazinonaleko zuzendaria), Leire Ortueta (Royal Ballet Schooleko irakaslea eta Royal Ballet Companyko jantzaria) eta Mónica Zamora (Birmingham Royal Balleteko jantzari nagusia eta Londresko Royal Balleteko gobernadorea) eta Mikel González Pujana (lehen jantzari barkalaria eta Ballets Olaetako irakaslea).

Kontuak kontu, palmaresa holan geratu da: Luján San Estebanek jaso dau lehen saria ume hezkuntzan (10 - 12 urte); Sara Saint-Sauveur junior kategorian (13 - 15 urte); eta, kategoria nagusian, Claudia Ábalos izan da irabazlea (16 - 19 urte).

Bestalde, edade mugarik bako taldean kategorian, Studio 84 konpainiak irabazi dau. Ondoren, ex aequo Grupo aLKance eta Danza libre dagoz. Euskal jantzetan, barriz, Egape Jantza Taldeak irabazi dau, bigarren postuan Olaeta Ballet Alkartea geratu da eta hirugarrenean Las Sardineras de LK.

Bigarren edizino honetan Serge Lifar koreografoaren ondarea babesteko izen bereko alkarte frantsesagaz batera sortutako Lifar Saria emon barik geratu da.

Ekitaldian agintari ugari izan dira, besteak beste, Leixuri Arrizabalaga (Bizkaiko Euskerea, Kulturea eta Kirol Saileko foru diputadua), Gonzalo Olabarria (Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzia), Koldo Bilbao (BBK-ko ordezkaria), Igor Yebra (jantzaria) eta Jone Goirizelaia (Ballets Olaetako zuzendaria).

Lander Otaola eta Oizeder Mayo aktoreek zuzendu dabe galea. Sari guztiak iragarri eta emoteaz gan, Jantza Konpainia Nazinonaleko Gaizka Morales eta Alejandro Polok ikus-entzunezkoa eskaini dabe, baita Martin Diaz (Basauri, 2003) bizkaitar jantzariak be. Argazkiak Ibai Armentiak atera ditu.

Irabazleen zerrendea

- Ume kategoria indibiduala (10 - 12 urte)

  • 1. Luján San Esteban.
  • 2. Ane Collazo.
  • 3. Ainhize Ribadulla.

- Junior kategoria indibiduala (13 - 15 urte)

  • 1. Sara Saint-Sauveur.
  • 2. Mariona Espuny.
  • 3. Ariadna García.

- Banakako kategoria nagusia (16 - 19 urte).

  • 1. Claudia Ábalos.
  • 2. Ex aequo: Jurgi Errandonea eta Raelle Marino.

- Edade mugarik bako taldeen kategoria

  • 1. Studio 84 .
  • 2. Ex aequo: Grupo aLKance eta Danza libre.

- Euskal jantzen kategorian

  • 1. Egape Jantza Taldea.
  • 2. Olaeta Ballet Alkartea.
  • 3. Las Sardineras de LK.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu