Nafarroa Behereko eta Lesakako inauterien antzezpena Bilboko Kastañosen
2020-02-26 10:59 jantzea200 lagunek parte hartuko dabe martiaren 1eko antzezpenean.
Nafarroa Behereko eta Lesakako Inauterietako antzezpena izango da datorren domekan, martiaren 1ean, Kastaños auzoko kaleetatik, Salbatzaile Jantza Taldearen eskutik. Edade guztietako (14 eta 63 urte bitartekoak) 200 bat lagunek parte hartuko dabe goizeko 10:30ean hasita. Lesakako inauterietako personaia nagusia tarteko, 11:30ean kalejireak urtengo dau, auzoko eta Campo Volantingo kaleetan zehar, eta 13:30ean amaituko da Funikular plazan, amaierako antzezpenagaz. Ondoren, bertaratzen diranek taloa eta txorizoa probetako aukerea izango dabe.
Ikuskizunean ume, gazte eta jente helduak parte hartuko dabe, astero jantzan egiten joaten diranak, modu aktiboan parte hartu ez arren holako kasuetarako barriro batzen diran beteranoakaz batera. Musikarien fanfarre bi eta jantzien joskintzaz, eta emonaldietarako elementuak prestatzeaz arduratzen dan persona-taldeak be parte hartzen dabe muntaketan. Holako jarduerakaz, taldeak Euskal Herriko Inauteri ezbardinen ospakizuna auzora hurreratzeko tradizinoagaz jarraituko dau (aurrekoetan Lapurdiko, Lantzeko, Oriako, Mundakako edo Zuberoako Maskaradako inauteriak irudikatu dira) eta, aldi berean, auzoko bizitzea dinamizetan lagunduko dau.
Salbatzaile Jantza Taldea (1978an sortua) 1991n hasi zan Euskal Herriko inauteriak antzezten. Ordutik, taldeak leku horreetako jantzak sartu ditu urtean zehar eskaintzen dituan saioetan eta eten baten ondoren, 2014an, inauteriak auzoan ospatzeko ekimena berreskuratu eban barriro, jente ugari tartean sartuz.
Lesakako Zakuzaharrak
Domekan, 10:30ean hasiko da Lesakako inauterietako personaia tipikoen, Zakuzaharren, prestaketea. Horretarako, Funikularreko plazan batu eta zakuakaz eta lastoagaz janzten hasiko dira, Nafarroako herrian egiten daben legez. Amaitzen dabenean, auzoko kaleak zeharkatuko dituan desfileagaz bat egingo dabe, mairuek lagunduta, kapela zabal eta kolore askogaz.
Kalejirea auzoan zehar
11:30ean, kalejireak, musikarien (20) fanfarre bik lagunduta, Funikularreko plazatik urtengo dau; Salbeko plazatik eta Campo Volantinetik igaro ondoren, Tiboli kaletik sartuko da barriro Kastañoseko kaleetatik, personaia ezbardinek (Bolantak, Zaldizkoak, Zapurrak, Makilariak, Banderariak, Basa Andereak...) eta jantzariek osotuta.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!