Lekuz Leku 2023ren barruan hamabost jantza-ikuskizun izango dira aire librean Abandoibarran
2023-05-24 09:31 jantzeaKanada, Ekuador, Txile eta Italia izango dira konbidautako herrialdeak.
Bagilaren 21etik 24ra, Lekuz Leku, XIX. Uriguneetako Nazinoarteko Jantza Jaialdia egingo da Bilbon eta bertoko, estaduko eta nazinoarteko konpainien hamabost pieza labur programau ditue. Jaialdia 21ean eta 22an hasiko da jantza-zinemeagaz La Fundición Aretoan -Lekuz Leku jaialdiaren sustatzailea-, baina barikuan, 23an, eta zapatan, 24an, urtengo dau jantzeak kalera eta Guggenheimetik Euskalduna Jauregira doan erriberako zatia hartuko dau. Ama (museoko aramoa) eta Lekuak eta tokiak (Katiluak eskulturea) arteko Abandoibarrako pasealeku berdea aire libreko antzoki handi bihurtuko da eta ezusteko hamar bat eszenatoki izango ditu: Guggenheimetik Salbeko zubira igoteko eskailerak, Pedro Arrupe pasabidea, Evaristo Churruca kaiko nasea eta beste batzuk. Helburua da egungo jantzearen askotariko lengoaiaren lagina ohikoak ez diran espazioetara eta publiko orokor eta espezializau bakoarengana eroatea.
Kalean egingo dan lehen piezea creAcción23 izango da. Pedro Berdäyes Jantza Sari Nazionalaren irabazleak Mutis Espaziorako egindako koreografia da, Matxalen Bilbaok eta Natalia García Murok orain urte bi Leioan sortu eben prestakuntza eta sorkuntza-zentrorako. Euskadikoak dira baita Manu Gaigne eta Jone Amezaga (Remedios Vals) eta Ethan & Cía. Kolektiboa be. Azken horrek zortzi interpreterentzako jantza urbanoaren ikuskizuna aurkeztuko dau (Feeling The Vibe).
2023ko lekuz Leku jaialdian flamenkoa be izango da (Loca, La Venidera madrildarrena -Sílvia Pérez Cruzen musikearen erritmora), jantzi dotoreak (Efecto siam, Sin Par andaluziako kolektiboarena), hiru giza lore (Flowershead, Elías Aguirre madrildarrarena) eta baita amaierako jai parte-hartzailea be, Denis Martínez Kubako Jantza Konpainia Nazionaleko jantzari ohiak emongo dauen Karibeko jantzen ikastaro edegiagaz.
Nazinoarteko proposamenen artean, nabarmentzekoa da Italiako COB Compagnia Opus Ballet konpainia ezagunaren Behind You lana, White Room produkzino handiaren lagina. Masdanza jaialdian (Kanariak), estaduko nazinoarteko jaialdirik garrantzitsuenean, Publikoaren Saria irabazi eben 2022an. Saria jaso daben beste batzuk Marcelo Javier Guaigua eta Lemia Boudhiaf ekuatortarrak dira, Me fui con tu nombre lanari esker; 2020ko Sólodos Jantza Saria be irabazi eben, izen bereko Latinoamerikako jaialdian.
Baina gehien espero dan nazinoarteko bisitea Txiletik helduko da. Alluitz Riezu García bizkaitar koreografo eta zuzendariak hamarkada bat daroa Amerikako herrialde horretan biziten eta bere herrira bueltauko da. Valdivian, Esperimentazino Eszenikoaren Zentroa sortu dau, sensibilizazino-jantzan espezializautakoa eta oinarri politiko-sozial handiko proposamen artistikoak eta komunidadeagaz konprometiduta dagozanak sortzen ditu. Riezu Garcíak jantza ulertzeko modu berezia dau, jantzea sozializetea baitau helburu. 2023ko Lekuz Leku jaialdira De alta densidad obrea ekarriko dau. Lau jantzarik eta zeinu-hizkuntzako interprete batek osotutako lanak gure itsasoetako plastikoaren presentzia arriskutsuaz ohartarazotera da asmoa.
Aurreko urteetan lez, ikuskizuna Abandoibarrako zein puntutan izango dan jakiteko, publikoak Lekuz Lekuren heliozko globo zuri handia bilatu beharko dau. Inguru horretan izango da barikuan eta zapatuan 19:00eratik aurrera. Aire libreko piezen ostean, 21:30etik aurrera, La Fundición Aretoan dobako mokau informalak izango dira publikoarentzat eta artistentzat (pizzak eta Oro garagardoa, Bilboko markearen babesari esker). Ganera, zapatuko amaierako topaketan, azken ikuskizuna egingo dabe aretoan bertan: Charles Brecarden “Soliloquy”. Kaledonia Barrian (Ozeania) jaio eta Montrealen (Kanada) bizi dan artistea eta berezko teknikea sortu dauen jantza garaikidea, jantza urbanoak eta hainbat kulturatako jantza tradizionalak buztartuz.
2023ko Lekuz Leku jaialdiko jarduera guztiak libreak eta dobakoak izango dira, baita lehen egun bietan La Fundición Aretoan programautako zinema proiekzinoakbee. Eguaztenean, 21ean, My lunch with Anna proiektauko dabe. Alain Buffard koreografoak zuzendutako dokumentala da eta Anna Halprin (1920-2021) Ipar Amerikako jantza postmodernoko figura nagusiagaz izandako alkarrizketea jasoten dau. Eguenean, 22an, Zinegoak jaialdiko Anaís Córdova-Páezek egingo ditu komisario-lanak. Chega de fiu fiu (Kaleko jazarpenik ez) Brasilgo filma emongo dabe. Ondoren, alkarrizketa bat egongo da norberaren gorputzaren arabera espazio publikoko presentzia ezbardina izatearen inguruan. Bilboko arkitekto etoekin bat eta euskal aktibista bat izango dira protagonista.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!