10 eta 19 urte arteko 300 jantzari I. Developpe Lehiaketan
2025-01-27 13:40 jantzeaLander Otaolak eta Oizeder Mayok aurkeztu dabe galea BBK Aretoan.
Euskaditik, Estadutik eta Europatik etorritako 280 jantzarik parte hartu dabe Developpe Jantza Nazinoarteko I. Lehiaketan, urtarrilaren 24tik 26ra, Bilboko BBK Aretoan. Berton inskribidutakoak nazinoarteko epaimahai baten aurrean parte hartu dabe hiru egunetan zehar. Ondoko honeek izan dira epaimahaikideak: Charles Jude (Parisko Operako izarra, Lifar Fundazinoko presidentea eta Nureyev Fundazinoko Zuzendaritza Konseiluko kidea), Muriel Romero (Espainiako Jantza Konpainia Nazinonaleko zuzendaria), Leire Ortueta (Royal Ballet Schooleko irakaslea eta Royal Ballet Companyko jantzaria) eta Mónica Zamora (Birmingham Royal Balleteko jantzari nagusia eta Londresko Royal Balleteko gobernadorea) eta Mikel González Pujana (lehen jantzari barkalaria eta Ballets Olaetako irakaslea).
Kontuak kontu, palmaresa holan geratu da: Intza Canok eta Sofia Mariak ex aequo jaso dabe lehen saria ume hezkuntzan (10-12 urte); ondoren, Mara Uriguen (bigarren) eta Sophia Garitano (hirugarren) izan dira. Juniorretan (13-15 urte), barriz, Clara Hacardiaux izan da lehena, Jhoane Mahieu bigarrena eta Violeta Fernández hirugarrena. Azkenik, kategoria nagusian (16 eta 19 urte bitartekoak), Kaiet Amezua izan da irabazlea, Olatz Casuso (bigarrena) eta Claudia Valero (hirugarrena). Bederatzi ikasle horreen artean 7.000 euro banatu dira eta egonaldiak eta ikastaroak egiteko aukerea izango dabe ondoko akademietan: Jantza Konpainia Nazionalea (Madril), Alberta Balletea (Kanada), Sodreko Ballet Nazinonala (Uruguai), Jude & Mikhaelev Ballet Academy (Bordele) eta Academie Internationale d 'Eté (Niza).
Horrezaz gan, edade mugarik bako taldean kategoria bi egon dira(estilo librea eta euskal jantzea). Baby Stars izan da estilo libreko irabazlea, Mini Shock eta Boom Lights (bigarren saria ex aequo) eta Dance Madrid eta Start Lights (hirugarrena be ex aequo). Euskal jantzan, Ollaeta Ballet Alkartea Aupa Maurizia lanagaz nabarmendu da.
Lander Otaolak eta Oizeder Mayok aurkeztutako itxiera galan banatu dira sariak BBK Aretoan. Berton, artista konbidaduen emonaldiak izan dira: Kukai Jantzako eta Ertza konpainiako jantzariak eta Jantza Konpainia Nazinonaleko izar bi (Cristina Casas eta Jon Agirretxe). Ekitaldian agintari ugari izan dira, besteak beste, Leixuri Arrizabalaga (Bizkaiko Euskerea, Kulturea eta Kirol Saileko foru diputadua), Begoña de Ibarra (Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusia), Gonzalo Olabarria (Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzia), Iñaki López de Aguileta (Bilboko Udaleko Kultura Arloko zuzendaria) eta uriko Udaleko talde politiko guztietako ordezkariak.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta BBKk bultzauta, Developpe Jantza Nazinoarteko Lehiaketearen lehen edizinoa da, talentu gazteak topetako eta euren ibilbidea sustatzeko asmoz egina. Igor Yebra jantzari bilbotarrak eta Jone Goirizelaia Ballets Olaetako zuzendariak sortua.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!