IxA euskal eta galiziar konpainiaren 'Nik-Eu 2.0' lanaren Euskadiko estreinaldia Bilbon
2025-10-21 08:50 jantzeaUrriaren 26an amaituko da BAD Bilbao.
Harrobiak IxA euskal konpainiaren Nik-Eu 2.0 jantza ikuskizuna hartu dau, BAD – Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren barruan. Lan honen euskal estreinaldia izan da honakoa eta Bilboko Udalak atondutako BAD Jaialdiak eskaini du.
Nik-Eu 2.0 publikoaren ni-rik intimoenagaz konektau nahi dauen gomuta, esperientzia eta bizi izandako errealidadeen lagin bat da, gizabanakoaren maskulinotasuna deseregiz gizarte-egitura heteropatriarkalak umezarotik heldutasunera gizakiaren hazkundeari zelan eragiten deutson hausnartzeko. NIK, ni euskerazko jaubetza ekintzan, eta EU, ni galegoz, batu egiten dira kutsu autobiografiko argia dauen lan baten izenburuan, publiko guztiei zuzendua, baina LGBTIAQ+ perspektibeagaz.
IxA Euskadiren eta Galiziaren artean konpartidutako nortasun-konpainia bat da. Haren ardatz artistikoa eszena-sorkuntza garaikidea da, espezialistak ez diran publikoentzat berariaz pentsauta, eta dramaturgia irisgarriakaz eta imajinario kolektiboagaz bat egiten daben elementuakaz lan egiten dau. 2025ean bost urte bete ditu eta bere ibilbideak Estaduko panorama artistikoan sendotzea ekarri deutso. Horren erakusgarri da igaz 40 emanaldiko bira luzea egin ebela konpainiaren produkzino eta beste plataforma batzuetarako enkarguen artean. Gaur egun pieza bi ditu aretoz areto biran eta bat kalerako.
BAD Bilbao jaialdiak urriaren 26ra arte jarraituko dau eta bere egitarauak Euskadiko lau estreinaldi, Europa mailako estreinaldi bat eta hiru erabateko estreinaldi batzen ditu. Estreinaldi horreek aurtengo egoitzetan antzeztuko dira: Bilborock, Harrobia, La Fundición, Campos Antzokiko Kupula Aretoa eta San Frantziskoko Udaltegia. BAD Bilbaoren programa osoa eskuragarri dago hemen.
Ikuskizun bakotxerako sarrerak leihatilan erosi daitekez 10 euroan, emonaldiaren egunean bertan edota BAD badbilbao.eus webgunean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
