Jantzea, arte autonomoa
2020-04-29 08:33 jantzeaApirilak 29: Jantzearen Nazinoarteko Eguna.
Gero eta gehiago egin behar dogu jantzan munduari gizateria oraindino existiduten dala gogorarazoteko, azpimarratu dau Gregory Vuyani Maqoma aurten nazinoarteko mezuaz arduratzen dan koreografoak.
Jantzearen Nazinoarteko Egunaren harian, Autore eta Argitaratzaileen Alkarte Nagusiak (SGAE) kolektiboko profesionalen lana autortu eta eskertu nahi dau alkarteko 1.500 koreografo baino gehiagoren lana. Efemeridea aukera ona da erakundeei laguntzino handiagoa eskatzeko, inoiz baino beharrezkoagoa COVID-19ren krisiaren aurrean eta adierazpen artistiko honen presentzia Espainiako kulturgintzan nabarmenagoa izan daitela eskatzeko. SGAEk gogorarazo dau gurean eta Estadu mailan ospe handiko figura handiak ekarri deutsozala jantzeari, baita gure mugetatik kanpo aintzat hartzen eta estimetan dan estilo propioa be.
Diziplina independentea
Koreografia izakera autoraleko jarduera artistikoa da; horregaitik, sektoreak aldarrikatzen dau diziplina autonomo lez onartua izatea, nahiz eta antzerkiagaz eta musikeagaz batera egon daitekeen. Alde horretatik, SGAE da Espainian koreografoen egile-eskubideak defendiduten eta kudeatzen dituan soziedade bakarra eta horreen obrak Zuzenbide Handiko obrak izenekoen multzoan sartzen dira. Erakundeak konpromiso sendoa hartu dau koreografia-lanen ezagutza eta ustiapena sustatzeko eta zerbitzu eta prestazino barriak jorratzen dabil, egileek XXI. mendeko sektorearen erronkei aurre egin deiotsezan.
Koreografiaren izakera autonomoaren aldeko jarrereari jagokonez, María Pagés koreografo eta erakundeko Zuzendaritza Batzordeko kideak kolektiboarentzako mugarri garrantzitsu bat nabarmendu dau: 2019an, beste koreografo batzuekaz batera, gure sormen-lan organikoa zehazten dauen testu bat idazten lan egin dot, hari justizia egiteko eta antzeko beste diziplina batzuekazko independentzia finkatzeko, azaldu dau. Beharrezkoa zan pausu hau, garenaren autorpena lortzeko gaineratu dau Sevillako koreografoak; koreografiaren definizino barri bat sartu da erregelamenduan, obra autoral legez, gure sektorearen egungo errealidadeagaz bat datorrena. Aldaketa hori aurrerapausu garrantzitsua izango da gure kolektiborako, izan be, koreografia musikearen edo literatur testu baten menpean egoteari itxi eta sormen lan legez autortua izatera pasauko da.
Sektorearen egoerea
Sektorearen erradiografiaren arabera, azken urteetan erregistrautako obren kopuruak gora egin dau (% 3); holan, dagoeneko 2.100 koreografia-lan baino gehiago erregistretan dira SGAEn eta, urtero, 900.000 sarreratik gora saltzen dira. Jantza ikuskizun gehien hartzen dituen erkidegoak Madril (emonaldi guztien % 25), Katalunia (% 20) eta Andaluzia (% 14) dira.
Jantzearen Nazinoarteko Egunaren mezua 2020
Apirilaren 29an Jantzaren Nazinoarteko Eguna ospatzen da Jean-Georges Noverreren jaiotzearen omenez, hau da, arte honen barritzaile eta aztertzailea, ballet modernoaren maisu eta sortzailea. Urtero, kolektiboko persona ezagun batek zabaltzen dau jantzearen aldeko mezua nazinoartean, mundu osoan irakurri eta konpartiduteko. Aurten, Gregory Vuyani MAQOMAri egokitu jako aukera: Imajinau ezin diran tragediak igarotzen gagoz, gizakiaren osteko aro bexzela hobeto deskribidu neikean garai batean. Inoiz baino gehiago, helburu bategaz jantzan egin behar dogu, munduari gizatasuna oraindino existiduten dala erakusteko.
Irakurri hemen mezua euskeraz.
Jantzearen ospakizuna etxetik bertatik
Derrigorrezko konfinamendua dala eta, jantzako profesionalek etxetik jantzan eginez ospatzen dabe euren efemeridea, jantzagintzearen aldeko mezuez sare sozialak beteteko asmoagaz. Espainiako Ballet Nazionalaren (BNE) eta Jantza Konpainia Nazionalaren (CND) ekimena da eta herritar guztiak gonbidatzen ditu Maurice Ravelen El bolero filmaren erritmoan etxeko bideoak grabau (Carlos Nuñez gaitariaren bersinoan) eta #YoBailoEnCasa #DíaInternacionalDanza #ChallengeDanza etiketapean konpartidu deiezan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!