Lekuz Lekuk hamar ikuskizun eskainiko ditu Abandoibarran

Bizkaie! 2024-06-12 09:23   jantzea

Bagilaren 26tik 29ra izango da.

Bilbok Lekuz Leku 2024 hartuko dau bagilaren 26tik 29ra. Uri Paisaietako Nazinoarteko Jantza Jaialdiaren eta Zine-jantza Erakustaldiaren XX. edizinoak barriro atarako dau jantza garaikidea kaleetara, ibiltariek eta turistek disfrutau deien. Guggenheim eta Euskalduna artean itsasadarraren ertzetik doan pasealekuan agertoki txiki batzuk egongo dira, eta hamar konpainiek pieza laburrak eskainiko ditue.

Aurten, proiektu berezia egingo dabe jaialdiaren barruan eta bertara konbidaduten ditue jantzari amateurrak, zaletuak eta baita publikoa be. Alemania eta Euskadiren arteko senidetasuna izango da, Düsseldorfeko Theater del Klänge taldearen eta Natxo Montero eta Eneko Galdós euskal jantzari eta sortzaileen gidaritzapean. Bien artean, Alemaniako jantzea tradizinonalei, euskal folkloreari eta jantzari begirada garaikide bat emongo deutsee.

Bal moderne izeneko jantzean oinarrituta dago eta arratsalde bitan dobako tailerreak eskainiko ditue jantza ikasteko; bagilaren 27an eta 28an La Fundición Aretoan hain zuzen be. Bertaratzeko izena emon behar da hemen.

Ekitaldi berezia, barikuan eta zapatuan (hilak 29) ikusi ahal izango da, Guggenheim Museoaren kanpoaldean.

Ekitaldiak

Jarduera nagusi horrezaz gan, jaialdiak hamar pieza labur programau ditu, ezohiko hainbat txokotan ikusi ahal izango diranak, Abandoibarrako espazio publikoan bertan, bagilaren 28an (barikua) eta 29an (zapatua), 19:00etatik aurrera. Euskal artistak (Matxalen Bilbaoren Mutis proiektua, Gorputz bulkada), Estadukoak (Laura López eta Pablo Pérez artisten Bailaban las perolas edo Àngel Durán Performing Arts kataluniarraren Clinch) eta nazinoarteko artistak izango dira. Azken kategoria horretan, lehen aitatutako Theater del Klänge alemaniarraz gan (West-Land-Tänze aurkeztuko dabe), Paulina Espinosa mexikarrak eta Mariana Oliveira portugaldarrak osotutako bikotea nabarmentzen da, Drauma izeneko sorkuntzagaz.

Urtero lez, Lekuz Lekuren logoa dauen helio zurizko globo handi batek adierazoko dau une bakotxean non eskaintzen ari dan ikuskizuna. Ganera, egun bietako emonaldien ondoren (21:30etatik aurrera), artistak eta publikoa La Fundicion-en egingo diran topaketa informaletara konbidaduta dagoz.

Horreezaz gan, Lekuz Leku 2024 lehenago hasiko da zinemeagaz, izan be, bagilaren 26an, eguaztenean, Les Indes galantes (Philippe Béziat, 2021) proiektatuko dabe La Fundición aretoan. Eguenean, hilak 27, ordu berean eta espazio berean, zinema-jantzak ikusi ahal izango dira pantaila handian.

Hautaketearen komisarioa Samuel Retortillo izan da, Fiver nazinoarteko plataformaren zuzendaria. Horren helburua da jantzearen ikus-entzunezko alderdia babestea, hedatzea, produzituea eta artxibatzea.

Lekuz Lekuko jarduera guztiak doban dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu