Garatz Unamunzaga: 'frankismoan batutako talde atrebidu bati zor deutsagu Andra Mari'
2025-02-17 08:00 BarriketanGaldakaoko Anda Mari Jantza Taldeak 70. urteurrena ospatzen dau aurton. Halanda ze, 25 ekitaldi baino gehiago atondu ditue, horreen artean, zezeilaren 22an Galdakaoko Maskaradea; hogeita hamar persona baino gehiagoren inplikazinoa eskatuko dauena. Beraz, aktibo dagozan jantzariez gan, taldekide ohiek eta belaunaldi barriek be hartuko dabe parte ikuskizunean.
Taldearen historia eta joan-etorriak ezagutzeko asmoz, Garatz Unamunzagagaz izan gara, Andra Mari Jantza Taldeko kideagaz.
1.- Zorionak, Andra Mari Jantza Taldeak 70 urte bete ditualako. 1955. urtean, eleiza katolikoaren babesagaz, Galdakaoko zenbait gaztek Andra Mari Eusko Jantzari Taldea sortu eben. Sorrerako esentziari eta filosofiari eusten jarraitzen deutso? Asko aldatu da Andra Mari?
Eskerrik asko. Esan dozun moduan, Andra Mari orain dala 70 urte sortu zan. Sortzaileak, herriko hainbat gazte izan ziran. Ganera, kontuan izan behar da, frankismoko zailtasun guztiak gainditu zituela. Hasieran, eleizako lokal batean egiten zituen saioak, baina hortik bota eta Pontzi Zabala herriko medikuaren garajean hasi ziran jantzan.
Gazte talde horrek, kulturearen eta herriaren alde lan egiteko helburua eban. Halanda ze, gaur egunerarte transimidu dala esango neban. Andra Mari Jantza Taldeak beti izan dau helburu oso zehatza; jantzea, kantua eta tradizinoa herriari transmitidutea. Taldearen ardatzak, euskal kulturea eta Euskal Herria dira. Guzti hori, gure nortasun propioagaz defendatuz.
Egun, gure lokal propioa daukagu eta 70 urte honeetan, asko dira taldetik pasau diran jantzari eta musikariak.
2.- Zeintzuk izan dira taldearen momentu onenak? Zer nabarmenduko zeunke taldearen inguruan?
Momentu onenak, nire ustez, atzerrira egindako bidaiak dira, berton emoten direzelako alkartruke aberasgarrienak eta taldearen hartu-emon handienak. Horrezaz gan, urteurrenaz gan, urtean zehar egitasmo ugari atontzen dituguz eta hori nabarmentzeko dala pentsetan dot, izan be, horrek behartu egiten gaitu denpora asko alkarrekaz pasetea.
Alkarbizitza horren barruan, jantza taldeak aurrera jarraitzeko dauen jarrerea eta lan egiteko gogoak aldarrikauko nebazan, baita gauza barriak ikasteko eta ikerteko interesa, tradizinoari eta folkloreari emoten deutsagun garrantzia eta baita taldeak berak transmitiduten dauen jakintzea, herrigintzea eta euskal giroa be.
3.- Zelan ikusten dozue etorkizuna? Zeintzuk dira taldearen erronkak?
Gatx ikusten dot. Globalizazinoaren erruz, gazteek aukera asko ditue esku artean, halanda ze, gitxik hartzen dabe euskal folklorea zaletasun bezela. Esaten dan moduan, horrek barik ez dago etorkizunik. Halanda be, gazteak erakartzeko lanetan gagoz, umeetatik hasita nerabeetara helduz. Hortik, Andra Mari Txikik aurton estreinau barri dauen logoaren esanahia, taldearen osotasunean, gazteenak identifikauta sentidu daitezan.
Beraz, gure erronka nagusiak, ondokoak dira: batetik, herrian euskal kulturea transmitiduten jarraitea; eta, bestetik, gazteak gure kulturara eta folklorera erakartzea.
4.- Beraz, gazteei jagokenez, antzemoten dozue jantzearen aurreko konpromisorik belaunaldi barrien artean?
Gu lako hainbat taldeekaz berba eginez, joera bardina identifiketan dogu: gaur egun, ez dago aurreko belaunaldietako konpromisoa. Askok, egoerearen ardurea pandemiari botetan deutsie, beste batzuk, barriz, gizarteak bizi dauen erritmo frenetikoari. Halanda ze, ez dakigu zein dan formula egokiena joereari aurre egiteko, baina, lehen aituta dodan bezela, horretan gagoz. Aurton, esaterako, aurreko urtean baino ume gehiago lortu doguz Andra Mari Txikirako.
5.- Zenbat jantzari daukaz Andra Marik gaur egun?
Galdakao moduko herri batek, hau da, 25.000 biztanle dituan herri batek, merezi dauen baino jantzari eta musikari gitxiago daukala esango neban. Gaur egun, 25 bat ibiliko gara eguneroko lanetan. Halanda be, laguntzinoa behar dogunean, Andra Mari Jantza Taldeak komunidade ederra dauka, beti be, laguntzeko prest. Askotan, horreei esker ateratzen dituguz gauzak aurrera, izan be, egunerokotasunean, askotan indar faltea sentiduten dogu.
6.- Neska eta mutilen artean badago orekarik?
Kontu horretan, beti izan dogu desorekea, izan be, historikoki neska gehiago dagoz mutilak baino. Halanda be, lehen, ez zan hain nabarmena.
Gaur egun, nagusien taldean orekeari eusten deutsagu, mutil beste neska gagozelako. Umeenean, barriz, mutil askoz gitxiago dagoz neskak baino.
7.- Aurreko urtean, Momotxorroak: Kaos baten istorioa dokumentala estreinau zan, Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi taldekideek zuzendutako dokumentala. Zein zan horren helburua?
Proiektua, orain dala 5 urte hasi zan 65. urteurrenaren harira. Dokumentala transmisinoaren beharretik sortutako lana izan da. Belaunaldi barriei transmitidu nahi genduan Altsasuko inauterien esanahia, izan be, sarritan entzun izan dogu Andra Mariko zaharrenengaitik taldeak berak berreskurau ebala 1976. urtean. Hori bai, agian ez genduan erreparau berreskurapen hori nola emon zan.
Halanda ze, alkarrizketa batzuk egin genduzan hura batzeko asmoz. Ikus-entzunezkoa Durangoko Azokako Irudiena sailean aurkeztu zan eta orain, gure asmoa, herrietatik zabaltzea da.
8.- 70. urteurrena ospatzeko, egitasmo ugari atondu dozuez, horreen artean, Galdakaoko Maskaradea hilaren 22an. Zer ikusiko dogu berton?
Bai, urte bi bueltaka izan dogun proiektuaren emoitzea ikusiko dogu. Maskaradea, hutsetik sortutako lana da, Pagola eta Altzaiko herritarren laguntzinoakaz.
Zuberoan egiten dan lez, maskarada osoa ikusi ahal izango da: goizean barrikadak egingo dira herriko hainbat plazatan; eta, arratsaldean, ofizinoak, tarteko herri bazkaria izanik. Goizeko 10:00etan hasiko gara programazinoagaz.
9.- Horreezaz gan, aurton autondutako ekitaldien artean zeintzuk nabarmenduko zeunke? Izan be, 25 ekitaldi inguru atondo dozuez...
Bai, hori da, hainbat ekitaldi atondu doguz, gehienak urtero egiten ditugunak. Halanda be, 70. urteurrena ospatzeko, zezeilean Maskaradak aterako ditugu lehenengoz.
Maiatzean, Euskal Herriko alboka eguna atondu dogu Galdakaon, halanda ze, herriak beti izan dau albokarekiko loturea. Azken erreferenteetako bat izan dogu Mariano Barrenetxea, izan be, haren ikerketak abiapuntu izan ziran beste hainbat albokarirentzako. Ganera, txapelketa eta topaketa ugari atondu ziran 1970 urteen inguruan.
Horri eutsiz, nabarmendu gura izan dogu herriak dauen loturea albokarekiko, hain zuzen be, alboka eguna atonduz. Euskal Herritik etorriko diran albokari ugari izango doguz herritik zehar. Hori aprobetxauz eta Marianoren senideekaz alkarlanean, biografia liburua prestau da eta alboka egunean aurkeztuko dogu.
Euskal Herriko musika tresna esanguratsuenetakoa da eta Andra Mariren ikurra. Beraz, behar dauen lekua emon gura deutsagu.
Horrezaz gan, beste liburu bat aurkezteko asmoa daukagu, halanda ze, gazteendako Euliren misterioa ipuina prestetan gagoz. Lehen aitatu dodan lez, taldearen helburuetako bat gazteak erakartzea da. Liburuak, Euli, momotxorro bihurri eta bitxia, dau protagonistea. Euli gatxaren irudikapena da, alboka izeneko instrumendu tradizinonala topetako abenturean sartzen dana. Ibiltaldi horretan, hainbat euskal ohitura eta ospakizun biziduten ditu eta horretako bakotxa, primeran dago islatuta narratibean. Entrenidua ezeze, gure ondasun kultural parebakoa erakusten deusku.
Zemendian, Atzoko, gaurko eta biharko Andra Mari ekitaldia egingo dogu. Ekintza bereziena dala esango neban, izan be, taldea 1955. urteko zemendian hasi zan martxan eta emonaldian taldeko partaide izan ziran jantzari guztiok alkartuko gara. Taldearen iragana, oraina eta etorkizuna irudikatuko dogu.
10.- Mezu berezirik?
Bai, nabarmendu 1955. urte hartan, frankismoaren garaian batu ziran atrebidu gazte kuadrilla hori gaur egun ezagutzen dogun Andra Mari Eusko Jantzari Taldea sortzeagaitik, ez zan bape erraza izan.
Bestetik, eskerrak emon gura deutsodaz zazpi hamarkada honeetan Andra Marin kulturearen transmisinoan lanean egon diran taldekide guztiei, baita aktibo jarraitzen dabenei be. Besterik gabe, kriston erronkea da aurtongoa, lan asko egin beharko dogu, baina indarrak soberan ditugu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!