Bost kilometroko ibilbideaz disfrutetan
2025-03-31 13:59 Ibilian-ibilianZarautzetik Oriora egingo dogu.
Eguraldi gorabeheratsua dogu udabarri hasiera honetan. Egun goibela edo eguzkitxua, inoiz ez da hitzordu makala itsasoaren ondoan egiten dana. Zarautz beti da aukera ona, izan be, ez dau sekula kantsetan. Aurreko artikulu batean, Getariarantz egin genduan, ikusgai dozue hemen, Ibilian-Ibilian atalean. Oraingoan, barriz, kontrako norabidea hartu eta Oriorantz joango gara, gehien gustetan jatan Santiago edota Done Jakue bidetik hain zuzen be.
Aukera bi izango ditugu, batetik, malekoitik hasita, Kanala hondartzako pasarelatik Talaimendi mendirantz, kanpinera igoteko eskaileren azpitik. Bigarren bidea, barriz, oraintsu deskubridu dodana. Zarautzeko sarreran dagozan etxe barrien ondoko errotondatik, bidetxoa hartu eta Zubi Ondo erretegiaren aldamenetik, basoaren eta lakuaren enkantuagaz, bide barri bati ekingo deutsagu, erromes askok aukeratzen dabena. Bide horrek sekulako poza emon eustan, ederra da-eta.
Bidean aurrera eginez, kanpinera igoteko eskaileretara helduko gara eta tipi-tapa oinez, korrika edota biak tartekatuz, Zarautzeko ikuspegi ederrenez disfrutauko dogu; itsasoa eta naturea. Handik, Mollarrira joan, egunero begira eta begira egongo nintzan paisajea disfrutetan.
Kanpinera igon, handik iturrira bajaui, ur tragua hartu eta aurrera. Handik, aterperantz jo eta ibilbide gorabeheratsura pasauko gara, mendi bidearen barruan.
Basatzea dago, izan be, euria egin dau. Tunelean eguzkirik ez eta basa gehiago. Oriora hurreratzen gagoz eta antzemoten da. Ikuspegi ezbardina, polita be, arrantzaleagoa, bestelako kutsu bategaz, itzela da Orio zeharkatzea.
Guztira, 5 km inguru, baina ibilbide ederra, benetan! Halanda ze, disfrutetako ibilbidea. Animau! Bueltea, bide beretik, trenez edota autobusez egiteko aukerea dago.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!