Zarautz-Getaria-Zarautz: Kresala eta gorabeherak bete-betean

Amaia Larruzea 2022-04-29 11:22   Ibilian-ibilian

Talaimendi ingurura igotean, Zarauko panoramikarik zoragarrienaz gozauko dogu.

Ba ete dago inor Euskal Herrian kostaldeko bide hau ezagutzen ez dauenik? Beharbada ez da inoiz bertatik ibili, baina autoz edo garraioren batean ingurutik pasauta bai, seguruenik. Atzerritarrek be ziur nahiko ezaguna daben ibilbidea dana, eta Zarauzko edo Getariako kaleren batetik abiatzea da ohikoena. Oraingoan, ostera, aldatz gehitxuago emongo deutsagu ibilbideari, bestelako ikuspegi batzuk eskaini eta ibilbide zoragarri hau pixka bat luzatzeko!

Zarauzko Dama izeneko eskulturan hasi naz. Mila aldiz ikusi dot eskultura hau, Zarautzera joaten nazen guztietan, baina orain dala gitxi, Oihanak, nire Zarauzko lagunak, esan eustan arte, ez nekian holan deitzen zanik. Nire ingurura ekarriz, Anbotoko Dama jatort burura, eta ederra, berba joko hori kresal zaporeko eskultura honegaz. Marcos Hernandok sortua da eta hainbat lekutatik ikusgai izatea ei eban helburu, bai malekoitik, bai itsasotik, bai hondartzatik, bai paseotik be. Zarautzen zaindari kuttuna.

Behin bertara helduta, orduantxe bai, bideari ekiteko unea da. Kasu honetan arineketaldia egin dot, baina beste edozein egunetan oinezean be egingo neuke. Batera zein bestera, aproposa izango litzateke. Eskumalderantz abiatuko gara, Kanala hondartzarantz. Horretarako, Karlos Argiñanoren jatetxera heldu  eta handik aurrera egingo dogu kostaldetik, golf zelai ondoko ibibide estalitik igaroz, eta orain bai, preparau egingo gara, laster gorantz egingo dogulako. Eskailerak zenbatgura, hemen ezin hain bizkor arineketan egin, lasaixeago hartu behar, badauka desnibela eta.

Talaimendi ingururantz igotean, Zarauko panoramikarik zoragarrienaz gozau ahal izango dogu; malekoitik bertatik polita baldin bada, handik goitik zer esanik ez. Ikaragarri gustetan jat beti hona igotea, ez da jente asko egoten, eta egun euritsu honetan zer esanik ez, persona bakarra ikusi neban txakurragaz, beste inor ez. Ikuspegi hau, halan da be, ez da han goian dogun altxor preziadu bakarra. Mollarri edo Malla Arria dogu bertan ikusgai eta gozagai. Ugartea eta bertako mea biltegiaren aztarnak ederrak dira, eta badirudi beste leku batean zagozala, bertatik ez dalako ohiko ikuspegia atzemoten. Badirudi, XX. mendeko lehen urteetan, Frantziara edo Ingalaterrara joaten ziran itsasontziek Mollarriko cantilever edo zubi zamatzailean beteten zituela upategiak. Berau inguruetatik ikustean, kanping ingurura igongo dogu eta ikuspegiaz gozau eta gero, jatsi egingo gara, etorri garen leku beretik, hain zuzen.

Badago aukerea bertatik Oriora joateko, gehiago luzatu nahi badozue be. Eguraldi ona baldin bada, aukera ederra izan daiteke. Lehen aitatu lez, bide beretik jatsita barriro Zarauzko Damara bueltauko gara. Arretea eskilaretan jarri, egun honetan lez bustita baldin badagoz; kontu handiz jatsi, gero izango dozue bizkorrago joateko aukerea eta. Behin eskulturara helduta, orain bai, begien aurrean, eskumaldean dogun Getariara joko dogu, eta oraingo honetan, autoen errepidearen alboan dogun paseo zoragarritik abiatuko gara.

Euriagaitik, ez ebilen jente askorik, Done Jakue bideko ibiltariak baino ez, zira handi-handiakaz eta irribarreak alkar trukatuz geure artean; miseriak pasetan genbizala konturatuta, baina aldi berean, gozetan. Normalean, jente asko ibilten da hemendik, eta oinezean lasai joan edota arineketan egiteko gatxagoa izaten da, beraz, aukeratu hainbeste jente ez dabilen orduak, goizean goiz edo eguerdian.

Amaieran, Getariara heldu eta portu guztia zeharkatuko dogu. Arratoira igongo dogu, handik ikuspegi ederraz gozau ahal izateko, eta aurretiaz egon garen Zarauzko tontor kuttuna lekutan ikusiko dogu, handik gatozala konturatuta. Bigarren perspektiba honetatik begiratu eta gozauta, barriro Zarautz aldera goaz, geure Zarauzko Dama dagoan abiapuntura bueltau arte. Ederra ibilbidea, ederrak gorabeherak, kresala gozagarria, estualdi eta korrikaldi latza, baina a ze gozatua!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu