Kresala koloretan, Zarauztik Debara, itxaspetik
2025-06-24 13:40 Ibilian-ibilianEkin deiotsagun, bada, horretarako aproposa dan ibilbide ederrari.
Baso magikoetan barrena ekinez, kresala begiz begi dago eta gure barruko pentsamendu eta egunerokotasuneko buruhauste guztiak lausotu egiten dira. Momentu horretan, geure energia eta bibrazinoa biztuten doa, eta ibilbideaz gozetea izango dogu helburu bakarra.
Zarauztik urten eta Ur Bare hotelaren atzetik doan ibilbidetik gora joango gara. Oso jente gitxik egiten dau hemendik gora, gehienak bidegorri edo antzekoetatik joaten baitira. Gozau, beraz, lasaitasun honetan, ez baita erraza horren turistikoak diran herrien artean.
Aurrera egin eta Getariaren goiko aldeti pasauko gara, txakolinaren ibilbidetik, Donejakue bidetik edota Elkano upategirantz joan aurretik, zuzen aurrez egiten dauen bidetik, biak baleko eta biak zoragarriak dira. Behin, batetik ekitea, eta beste batean, bestetik joatea gomendatzen deutsuet, izan be, nik be, holan egin neban eta. Sensazino ezbardinak bietan eta paisaiari erreparauta ez dago atxakirik, benetan. Atzerrian, kanpoan, leku ederrak dagoz baina ez hemengoak lakorik. Horrenbeste bide egoteak egiten dau, hain zuzen be, anitz eta aberats inguru hau.
Hurrengoan, Txakolinaren ibilbidea bere horretan egiteko gogoa dot, Zumaiatik Aizarnazabalera eta Azpeitira joateko aukerea baitago. Hurrengo batean ekarriko deutsuet, Ibilian-Ibilian gure atal kuttun honetara! Orain, jarraitu daigun, Zumaiarako bidean. Bertan, giro bizia poteo kalean, herriaren erdigunean, zelako bizitasuna Zumaian eta ze polita dan mendi ingurutik najau eta pintxo goxo bat jan, kalean bertan, edota Itzurun tabernan eta indarrak hartuta, eguzki azpira, barriro, Flyschetik barrena. Elorriagara heldu eta a zelako jentetzea! Bertan, streetfood erako furgoneta bat egoten da terraza txiki bategaz, Samprubusaren erakoa, eta jentea merenderoan olgetan, bazkaltzen eta eguraldi onaz gozetan. Handik, normalean, Itziar ingururantzat egiten dot, oraingoan, barriz, Itxasperantz egin neban; sano ederra, xarma berezia dau inguru honek be, Itziar asko gustetan jat, baina Itxaspek be baditu gordeleku bikainak. Kanpinera bidean, kalatxoak, erakusleiho naturalak, hostoen artean itsasoa, parez pare. Ederra.
Ibilbidearen amaierara heltzeko, Itxaspe ingurutik Debarantz egingo dogu, Donejakue bideko ohiko bidezidorretik, eskaileretan behera egin eta Debako plazara helduko garaz. Harrituta gelditu nintzan zenbat turista, motxilero eta ibiltari ebizan ikustean. Aro ederra egoan eta hondartzearen inguruan be, gauza asko atontzen ditue bolada honetan. Debak sekulako bizia hartu dauela esango neuke, lehendik be baeukan baina Hiru Uhinak hotela, Ipar Skate Surf alkartea eta ondoko taberneagaz, malekoiak bestelako kolorea hartu dau. Surfa, kirola eta skatea buztartzen dira eta hainbat gauza dagoz bertan eskura. Heldu gara, bada, gure helmugara. Zelako kresal saborea, eguzkia bidelagun hartuta!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!