Grottes the Betharram kobazuloek zurtz eginda itxi gaitue
2025-09-15 13:10 Ibilian-ibilianDeskubridu daigun lur azpiak zer gordeten dauen!
Lourdes ingurura joango gara. Formigaletik Portaletera, Artoustetik igaro, Ossau bailarea zeharkatu eta lurrazaletik lur azpira pasauko gara. Horretarako, Saint Pé de Bigorrera joango gara, hain zuzen be, Chemin Leon Rossera. Egun euritsu batean egiteko plana, halanda ze, deskubridu daigun lur azpiak zer gordeten dauen!
Hasteko, kanpoan dagoan tenperatureari begiratu barik, eroan jersea, urte osoan zehar, 14 graduko tenperatura dago-eta. Koba bereziak dira horreek. Guztira, 8 kilometroko luzerea dabe, eta oinez, txalupaz eta trenez pasetan dira.
Denporan atzera egin ezkero, 1819an deskubridu zituan Napoleonen soldadu batek, baina 1836ra arte ez eutseen merezidutako arretea eskaini Mermet irakasleak esplorazino sakona egin arte. Ondoren, Larryk, Campanek eta Ritterrek, Pauko Club Alpinoko kideek behar bezela esploretako ahalegina egin eben. 1900an, Leon Rossek kobak prestau zituan eta, haren margolariak, Pirinioetako paisajeak argazkietan islatzen lehenetarikoa izan zan. Garai horretatik aurrera, kobazuloak jenteak be ikusteko prestau zituan. 1903an heldu ziran lehenengoak. 1907an, esplorazinoak jarraipena izan eban eta Edouard-Alfred Martel lurrazpian aditua zan esploratzaile frantsesak errekea erdigunean jarri eban.
Ordutik hona, mende batetik gorako esplorazinoa bizi izan dabe kobazuloek eta hainbat belaunaldien pasinoa nabarmena da. Ahalik eta baldintzarik onenetan, bisitaldi ederra sortzeko ahaleginak egin dira eta egun, sekulako esperientzia eskaintzen da. Horretarako, 1955an Edmondek gidek emondako azalpenak soinu bidez entzutea lortu zan eta bost hizkuntza ezbardinetan eskaini ziran, mugarri garrantzitsua Frantzian garai haretan. 1973an, barriz, tren elektrikoa sortu eta eregi eben azken 700 metroak pasetako eta bisitariak urteerara joateko. Gauza berezia oso.
2000. urtean, Albertek koben lehen maila elbarrientzat egokitu eban, eta 120 eskaloiak aldapa baten ordez ordezkatu zituan, danek disfrutau ahal izateko. 2003. Urtean, Ghislainek kargua hartu eta abentureari jarraipena emon eutson.
Ordutegiei jagokonez, zezeilaren 10etik martiaren 7ra bitartean, astelehenetik barikura bisitau daitekez. Martiaren 24tik zemendiaren 2ra bitartean, barriz, asteko zazpi egunetan. Bisita guztiak gidatuak dira eta ordu eta 20 minutuko iraupena dabe. Webgunean aurretiaz erreserbea egitea gomendetan da eta urteerea ordua baino 30 minutu lehenago heltzea komenidu da, autobusez eroaten dabe-eta bisitariak koben sarrerara.
Hasiera puntu horretan, kafetegi polita dago, Frantzian ohikoak diran crepe eta grofre ederrakaz, eta bertan dagoan dendan era guztietako harribitxiak dagoz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!