Bergarako Laboratorium Museoan euskal balearen hazurdura osoa ikusi daiteke

Bizkaie! 2025-03-28 09:34   Kulturea

Tekniker fotogrametria prozesua egiten dabil hazurdura guztia digitalizetako.



Laboratorium Museoak erakusketa iraunkorra handitu dau Ipar Atlantikoko sardako balearen (Eubalaena glacialis) inguruan sakontzen dauen modulu barritzaile bategaz. Erakusketa iraunkor barriko moduluan, museoko piezarik nabarmenetako bat egongo da ikusgai, euskal balearen hazurdura osoa. Zaharbarritze tratamendua egindako orno bat erakusgai jarri da, Euskal Herriko historian eta kulturan oinarrizkoa izan dan animalia baten neurri erreala ikusteko aukera eskainiz.

Zaharberritze lanak Artez Zaharbarritze estudioan egin dira. Maite Fernandezek piezearen konserbazino egoeraz eta egindako esku-hartzeaz egin dau berba eta zehaztu dau ornoak zituan zikinkeriak garbitu eta pitzadurak egonkortzea izan dala euren lana.

Wasabi Produccionesek modulua diseinau eta elementu interaktiboak produzidu ditu, Expomon fabrikazino fisikoaz arduratu da eta Tecnoradio instalazinoaz. Beste zenbait kolaboratzaile be ibili dira lanean proiektuan, besteak beste, Fernando Baptista, National Geographicegaz (gaur egun Disney) loturea dauen ilustratzaile zientifiko ezaguna; bere ilustrazinoek balio zientifikoaz gan, maila bisualean erakargarri egiten dabe erakusketea. Bestalde, Tekniker, Artez Zaharbarritze estudioa eta Donostiako Aquariuma be alkarlanean ibili dira.

Donostiako Aquariumeko Alex Larrodék azaldu dau Laboratorium Museoak daukan eskeletoaren tamainua neurtzeko, Aquariumeko eskeletoagaz eginda eben neurketeagaz konparazino anatomiko bat egin dabela. Masailazurreko hazurren neurketea eginda, eskeletoaren luzerearen datuak eta kazako momentuko datuak alderatzeko aukerea izan dabe. Erakusketa iraunkorreko modulu interaktibo barri hau Laboratorium Museoak ospatzen dauen 10. urteurrenaren barruan kokatzen da. Urteurrenaren harian, datozen hilebeteetan jarduera bereziz betetako programea dau museoak.

Modulu honek bat egiten dau museoaren identidade eta misinoagaz. Gauzak holan dirala, ornoak, balearen tamainura hurreraketa erreal bat egitea ahalbidetzen dau eta, aldi berean, zetazeoak tokiko tradizinoan zein ikerketa zientifikoan izandako garrantziaren barri emoteko be balio dau.

Modulu interaktiboa 3Dn

Balearen biologia lantzen dauen modulu interaktibo honek zetazeoaren anatomia dau ardatz. 3Dko eredu birtual bat oinarri, balearen hazur bakotxa jagokon lekuan kokatzeko olgeta bat landu dabe. Dibulgazino-baliabide honek, entreteniduteaz gan, Euskal Balearen eboluzino-egokitzapenak ulertzen laguntzen dau. Itsasoko espezieen artean kasu berezia zergaitik dan jakingo dogu.

Bigarren atala euskal balearen kazeari buruzkoa da. Euskal Herriko balearen kazeari buruzko galdetegi baten bidez, bisitariak Ternuako bidaietan sartzen dira. Aldi berean, balearen kazea zelan egiten zan, orioaren garraioa eta erabilerak zeintzuk ziran ezagutzeko aukerea eskaintzen da.

Tekniker fotogrametria prozesua egiten dabil hazurdura guztia digitalizetako eta, horrek, ikerketa, dokumentazino eta zabalkunderako aukerea ekarriko dau. Hazur bakotxa zehaztasunez aztertzeko aukerea emongo dau 3D eredu zehatz bat izateak, eta informazino hori beste profesional batzuekakaz eta itsas biologian interesa dauen publikoagaz konpartidu ahal izango da.

Teknikerreko hiru ikertzaile dabilza balearen eskeletoaren digitalizazinoa lantzen eta Alberto Mendikuteren hitzetan, eskeleto osoaren berreraikuntza birtuala etorkizuneko azterketetan lagungarri izateaz gain, kontserbazio digitala bermatuko dau.

Laboratorium Museoa - 10 urte zientziari ateak zabaltzen

Ezagutzearen eta barrikuntzearen sustatzaile izanik, euskal balea-industriaren joana ezagutarazoteaz gan, itsasoko ugaztun bat babesteko erantzukizunari buruzko gogoetea egitea dakar. Museo hau ezagutzearen eta barrikuntzearen motorra da gizarte hobe eta jakintsuago baten alde lanean. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu