Rosa Errazkin: 'Alkarlanaren emoitzea da Laboratorium Museoa'.
2025-01-27 07:55 BarriketanKimika Zientzietan lizentziaduna da, polimeroen espezialidadean (UPV/EHU). Bergarako Laboratorium Museoko zuzendaria, Euskalerriko Adiskideen Elkarteko kidea eta 1992tik Bergarako Errege Seminarioko antxinako instrumentu zientifikoen bildumako arduraduna da eta Elhuyar anaien eta Wolframa topetearen historian espezializautakoa. Esperientzia sendoa dau XVIII. mendearen amaierako eta XIX. mendeko tresna zientifikoen historian eta konserbazinoan, baita museoen kudeaketa orokorrean be.
Makinatxu bat gauza Errazkinegaz jorratzeko. 10 urte zientziari ateak zabaltzen, zientzia gizartera hurreratu eta gizartea zientzian sartu goiburupean ekitaldi ugari iragarri ditue, besteak beste, bisita gidatuak, erakusketa bereziak, tailerrak, mahai-inguruak, aurkezpenak, hezkuntza eskaintza barraitzailea, udako eskaintzea, musikea, jantzak eta berbaldiak, danetarik urtarriletik abendura. Izen-emotea zabalik dago (laboratorium@bergara.eus edo 943 76 90 03).
Laboratorium Museoa da euskaltzaletasuna eta unibersaltasuna. Ekintzailetzea eta ezagutzea. Eraginkortasuna, gizartegintzea eta jakinmina. Aurrerabidea. Hori eta gehiago da Errekalde Jauregian kokatutako museoa. Euskal Herriko zientziaren erdiguneetako bat da, ondarea batu, jagon, ikertu eta ezagutzera emoten dauena. Zientzia bildumen, kimikearen, fisikearen zein zoologiaren bitartez.
Laboratorium Museoak, jakintza eta barrikuntzea bultzatzeko bere ahaleginean, gizarteari teknologia aurreratuen eta etika arloko hausnarketearen inguruko ikuspegi zabala eskaintzen jarraitzen dabil, izan be, museo hau ezagutza eta barrikuntzearen motorra da. Historian zehar izandako ekarpen horreek gogoratuz, etorkizunera begira jarraitzen dau, gizarte hobe eta jakintsuago baten alde lanean.
1.- Zorionak 10. urteurrenean. 10 urte zientziari ateak zabaltzen. 3.650 egun. Hamar urte. Di-da joan dira ala gauzak ondo hausnartzeko astia izan dozue?
Eskerrik asko. Urte askotako lana da baina azkar joan dira, lan asko egin dogu eragileok, ilusinoa, pasinoa izan dira nagusi eta holakoetan gustora ibiltea da botikarik onena.
2.- Hamar urteko balantzeari jagokonez, pozik zagoze, jentea hurreratu jatzue? Zelako jentea izaten da?
Pozarren gagoz. Aurrekoan alkateak esan eban prentsaurrekoan ez dala 10 urteko lana, ikaragarri ibili gara danok. Hamar urteotan bildumak batzen, ikertzen eta holako lanez gan, dibulgazinoa be ezinbestekoa izan da.
Gurera datorren jenteari jagokonez, zaleak eta edadekoak izan dira gehienbat baina gure erronka nagusia izan da publiko gaztea erakarri behar genduala. Eta, esangura horretan, eskoletako arduradunakaz eta beharrean gabiz eta atontzen doguzan jarduerak eta sano aproposak dira gazteentzat.
3.- Zientzia gizartera hurreratu eta gizartea zientzian sartu goiburua erabili dozue. Museoa zer dan ondo jasota dago eta iruditegi barria be plazaratu dozue, Euskal Herriko zientziaren dibulgazinorako topagune Nagusia zarie ala asko esatea da hori?
Bai. Zientziari ateak zabaltzen irudia gogoan, horretan ibili gara eta bagabiz; joandako denporak erabilten doguz, altxor zientifiko ikaragarria geurera ekarri eta publikoak disfrutau deian. Gizartearen, herritarren museoa gara, adi gagoz gaur egungo gai zientifikoetan bisitariak informauta egon daitezan. Bisitariaren eretxi kritikoari erreparetan deutsagu. Adimen artifiziala be lantzen dogu egun pil-pilean dagoan gaia dalako.
4.- Urte osorako programazinoa atondu dozue baina ohikoez gan, taula periodikoaren erakusketea, erakusketa iraunkorra eta Black Boxa iragarri dozuez. Zer da Black Boxa?
Bartzelonako Unibersidadeko katedradunen eskutik dator gurera, adimen artifizialeko kutxea, hain zuzen be; 2x2 metro koaroko kutxea da eta alde bakotxean gai bat jorratzen da eta bisitarien lana izango da adimen artifizialagaz konektau eta disfrutetea. Konekzino muetearen arabera, erantzunak be ezbardinak izango dira eta hortxe dago olgetearen esentzia. Kutxa hau erabilten dogu adimen artifizialaren inguruko formazinoa eskaintzeko.
5.- Laboratorium Sekretua atari digitala be martxan ipini dozue. Zergaitik? Zeintzuk dira berezitasunak?
Zientziaren askotariko arloak topauko ditu bisitariak, besteak beste, natur-zientziak, fisikea eta kimikea, mineralak, fosilak; kimikearen arloan, indar didaktiko handiko 12 instrumentu hartu ditugu eta auren funzinonamendua eta historia ezagutarazotea da asmoa eta horretarako plataforma digitala eregi dogu ikusgarriagoa danez, olgeta moduan planteetan dira ideak eta gaiak. Irakurtea eta entzutea oso inportantea da galderak ondo erantzuteko. Bisitaria mailak lortzen joaten da eta saritxuak be jasoten dituenez, motibazinoa izaten da hori aurrera egiteko.
6.- XVIII. mendetik, gitxienez, barrikuntzearen alde egin da Bergaran eta gaur egun be 35 euskal erakundek bat egin dabe Emakumeak Zientzian proiektuagaz. Zelan baloretan dozu herritarren jarrera hori?
Bikain. Bat egiten dogu bete-betean. Gizon eta emakumeen arteko bardintasuna be oso presente dago Museoan eta, gaiaren harian, mahaingurua aurreikusi dogu, leihaketa berezia be bai eta aukerea emongo deutsegu parte-hartzaileei jaubetu daitezan zein dan esentzia.
Ganerakoan, Emakumeak Zientzian 2025: jarduera txikiak, aldaketa handiak... Hogeita hamabost euskal erakundek bat egin dabe Emakumeak Zientzian proiektuagaz eta, holan, ekimenaren helburuen aurreko konpromisoa berretsi dabe: zientzian dabizen emakumeen lana ikusarazotea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua diralako ustea indarrik barik ixtea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hautatu deiezan sustatzea; helburu horreek kontuan hartuta, erakundeek indarrak batu ditue jarduera-programa bat alkarregaz atontzeko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko Eguna dala eta (zezeilaren 11n izaten da urtero).
7.- Laboratorium Museoak Historic Site izentapena be jaso dau European Physical Society-ren eskutik. Donostia International Physics Center (DIPC) erakundeari esker, 2018an Laboratorium Museoa Europako zientziaren arloan kokatuz. Estaduan autorpena jaso duen hirugarren lekua. Holako autortzakaz harro egongo zarie...
Zelan ez. Europatik datorren autortzea da eta zeresan handikoa da. Esan dozun lez, Donostia International Physics Center (DIPC) erakundeari esker, 2018an Laboratorium Museoa Europako zientziaren arloan kokatu da eta harro gagoz, oso pozik.
8.- Wolframa topetea upealakoa izan zan, gogoan hartuta, hori izan dala Euskal Herrian, historian, topautako elementu kimiko bakarra...
Atara kontuak. Upealako ekarpena izan zan baina ez bakarra. Testuingurua gogoan, azpiegituretan eta egindako lana be ezin ahaztu, kanpoko zientzialariak ekarri zituen, Marcel Proust hemen egon zan, kimika modernoaren aita eta horren guztiaren eraginez etorri zan wolframarena.
Horrezaz gan, platinoaren purifikazinoari jagokonez, teknika horren gainekoak bideratzeko be gurean ibiliakoek zeresan handia izan eben. Pierre François Chavenauk, irakasle eta ikertzaile frantsesak, platinoaren erabilpenak iragarri zituan.
9.- Bergarako Udalaren Laboratorium Museoa alkarlan eta sinergien emoitzea da; holan hasi zan eta horretan jarraitzen dau gaur be. Besteen artean, Euskalerriaren Adiskideen Alkartea, Euskal Herriko Unibersidadeko Kimika Fakultadea, Donostia International Physics Center (DIPC), UNED Bergara, Miguel Altuna Lanbide Heziketa, Euskal Herriko Unibersidadeko Ilustrazino zientifikoa edota Emakumeak Zientzian egitasmoa ditu bidelagun....
Bai. Alkarlanaren emoitzea da Laboratorium Museoa. Aitatu dozuzan horreen danen eta beste batzuen babesari esker gara Euskal Herrian zientziaren erdiguneetako bat da, ondarea batu, jagon, ikertu eta ezagutzera emoten dauena.
10.- Bateren batek pentsau leike dana dagoala eginda baina seguru buruan bueltaka izango dozuzala erronkak. Zeintzuk?
[Barreka]. Zientzia gaietan gauza asko topau, deskubridu eta ikertu da eta nork jakin bihar-etzi zer etorriko dan. 2025eko programearen hazurdurea egin eta azken ikutuak emoten ibili arreneta, orain Kimika Fakultadearen 50. urteurrena datorrenez, argi esan genduan alkarregaz joatea dala onena eta horretan gabiz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!