'Pause' ikuskizuna Loraldia Festibalean
2025-03-05 12:37 MusikeaXabier Zeberioren bakarkako lehenengo lana.

Martiaren 20an, eguenean, Loraldia Festibalaren barruan, Xabier Zeberiok bere bakarkako lehen lana, Pause izeneko musika-ikuskizun berezia, aurkeztuko dau Bilboko Sociedad Filarmónica aretoan. Xabier Zeberio, Iñar Sastre, Aitor Etxebarria eta Eñaut Zubizarreta musikariak dagoz taldean eta kontzertu honetarako sokako beste boskote bategaz etorriko dira. Ikuskizuna 19:30ean hasiko da eta 90 minutuko iraupena izango dau. Loraldia Festibala lehenengoz izango da Sociedad Filarmónica de Bilbaoko egoitzan.
Harkaitz Canok berba hunkigarriakaz deskribidu dau Xabier Zeberioren lana: intimistea, pausatua eta barea, sakona eta era berean lebitatzailea, emozinoen ertzak kili egin eta leuntzen dituan lan biribila da -Pause-. Atmosfera hori egiten da atrezzo soiletik eta gure arretearen erdigunean ipinten da: lanbroz ehundutako animo egoera horreek inguratu eta katigatu egiten gaitue ezustean, eta daborduko ez dogu giro horretatik urten gura; trikimailurik bako zirrarea. Aitor Etxebarriaren lemeak behelainoz batutako bibrazinoa emon deutso ontziari. Iñar Sastreren pianoak seinalau eta askatu egin ditu kostaldeko paisajearen korapiloak.
Eszenan lau musikari handi alkarregaz agertuko dira: Xabier Zeberio izango da proiektu honen lemazaina, nyckelharpa, biolea eta bibolina eskuetan; Iñar Sastre pianistea; Eñaut Zubizarreta txelloa; eta Aitor Etxebarria, gaurko musika garaikidearen maisua, tekladu, diseinu sonoro eta elektronikearen gidaria izango da. Horrezaz gan, Loraldiak eta Xabier Zeberiok Loraldia Festibaleko kontzertu hau benetan bakarra eta berezia bilakatzea nahi izan dabe.
Xabier Zeberio
Esperientzia eta barrikuntzea buztartzen dituan artista orain 46 urte Tolosan jaioa, Oskorri taldean hasi zan 18 urte bete barritan eta oraindino be talde horren arima sortzaileetako bat da. Aurrerago, Alos Quartet taldeko kide be izan zan, musika garaikidean espezializautako laukotean. Beraz, lehen lan bakarkako hau oso personala bada be, Zeberio artista esperientziaduna eta jakintsua da, mundu zabala ezagutzen dauena.
Hori dala eta, kamerako eta minimalismoko hizkuntzea lantzeko dauen erraztasuna nabarmena da. Baliabideen ekonomiaren bidez emozinoa bilatzen dauen estilo hori Ludovico Einaudiren zaleentzat ezaguna egingo da, baita Aitor Etxebarria lako musika-bandetako egileak maite dituenentzat be. Etxebarriak, adibidez, Netflixen El cuerpo en llamas seriearen soinu-bandea sortu eban.
Zehaztasun horreen artean dabil Zeberio eta bere tresna nagusia nyckelharpea da, Eskandinaviako Erdi Aroko tresna zoragarri eta zaharra.
Sarrerak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!