Xabier Zeberio: ''Pause'-k harrera bikaina izan dau, benetan hunkigarria'

Andoni Mugica Lopez 2024-01-08 07:55   Barriketan

Xabier Zeberio (Tolosa, 1978) biolinista eta musikagileak Pause izeneko lehen disko kaleratu dau. Oskorriko kide ohiak eta Alos Quartet taldeko musikagileak, bakarka ataraten dauen lehenengo diskoa aurkeztu dau.

Zeberioren lehen albumak, 9 pieza barri batzen ditu. Bertan, Iñar Sastre (pianoa), Aitor Etxebarria (pianoa eta soinu diseinua), Liam Ó Maonlai (ahotsea eta harpa zeltiarra), Markel Zeberio (biolontxeloa) eta Alos Quarteten, Francisco Herrero (biolina), Lorena Núñez (biola), Ivan Carmona (biolontxeloa), kolaborazinoak entzun daitekez.

Lehenengo kontzertuak eskaintzen hasi da, eta Bizkaie! beragaz berbetan egon da.

1.- Pause Disko barria aurkeztuta, kontzertuak emoten hasi zara. Zer moduzko harrerea izan dau?

Egia esan, oso ona. Hasierean, beti egoten da ziurbakotasun puntu bat, izan be, errepertorio barria da. Ganera, lehenengo aldiz bakarkaka egin dodan diskoa da, hori bai, bakarka baina ez bakarrik. Oso talde potentea izan dot alboan.

Puntu horren ostean, egia esan espektatiba guztiak bete ditue kontzertu guztiek. Sekulakoak izan dira. Jentearen harrerea izugarria izan da, espero baino askoz beroagoa, alde guztietatik feedback oso onak jaso doguz eta oso pozik nago. Horrek kriston indarra emoten dau holan jarraitzeko eta bireari ekiteko. Lanak harrera bikaina izan dau, benetan hunkigarria.

2.- Lehenengo kontzertuetako bat Markina-Xemeinko Arretxinagako Migel Deunaren baseleizan izan da. Zelakoa da soinua leku hain berezian?

Bai. Oihartzun natural bat dauka, oso potentea, txundituta itxi gintuan. Kontzertuaren aurretik esan euskuen batetik eta bestetik espezio oso berezia zala. Sekulako hiru harrien inguruan ermita bat eregi eben XVIII. mendean. Emoten dau orain dala 3.000 mila urte errito paganoak egiten zituela bertan. Akustikoan jo genduan, buztandun piano bategaz eta harizko instrumentuakaz eta oso giro berezia sortu zan.

Pause proiektua, musika lasaia da eta holako espazioetan oso ondo funtzionetan dau eta giro polita sortu zan, ezbardina, antzoki batek emoten dauenagaz  alderatuz.

3.- Zein izan da diskoa bakarrik kaleratzearen arrazoia? Gustora egon zara prozesuan?

Egia esan, ez da aurreikusi gendun zeozer izan, beti daukat kantuak sortzeko gogoa. Orain arteko sorkuntzea, Alos Quartet taldera bideratua izan da. Diskoa, konfinamendu garaian idatzi neban eta hasieran, inork ez daki konposautakoa zelan bideratuko dan edo ze formatu hartuko dauen. Posible zan Alos Quarteten disko barria izatea edo dokumental baterako abiapuntua.

Beti gustetan jat materiala izatea, hortik tira egiteko eta konfinamendu garaian musika asko egin neban. Material hori, Aitor Etxebarria musikari eta lagunari aurkeztu neutson: Horrek, aparteko proiektu bat egoala ikusi eban, bakarka kaleratzekoa hain zuzen be. Duda barik, Aitorrek konbentzidu eustan proiektua aurrera eroateko.  

Azken urte bietan formea emoten ibili izan gara, biok.

4.- Beraz, bakarrik kaleratu arren, betien laguntzinoa izan dozu?

Beti esaten dot, bakarka baina ez bakarrik. Esan bezela, Aitor izan da bultzatzaile nagusia, izan be, bere diskoetxeagaz kaleratu dogu, Forbidden Colours. Horrezaz gan, Alos Quartet-eko lagunak izan ditut parte hartzen eta Iñar Sastre be pianoan. Azkenean, bidaian dodazan lagunak. Beti gustetan jat gertukoak ondoan izatea. Beraz, talde lana izan da eta zuzenekotan be igarten da.

5.- Aitor Etxebarria musikariaz be dexente denpora daroazu lanean. Zelakoak dira zuen arteko hartu-emonak?

Bai, azken zazpi urteak batera gagoz lanean. Alkarregaz ondo moldatzen gara, haren proiektu gehienetan hartzen dot parte eta baita berak neureetan be, jakina.

Bata bestearen hutsuneak ondo beteten doguz eta uste dot geure arteko hartu-emonei esker ondorio bikain asko emoten gabizela. Oso ondo konpontzen gara biok, izan be, oso intuitiboa, oso ikuspegi zabala dauen musikaria eta diskoan hori iigarten da, halanda ze, sekulako eremuetara eroan ditu doinuak. Oso pozik nago.

6.- Bakarlari bezela atara arren, taldeagaz jarrituko dozu? Kontzertuetan holan zabizie ezta?

Zuzenekoak formatu bitan eskiniko doguz: Formatu txikian, akustikoan, Iñar Sastregaz, dagoeneko kontzertu bi eskaini doguz (Beasainen eta Markina-Xemeinen), kontzertu intimo horreek biak oso ondo funtzionau dabe; eta formatu handian, laukotean, Iñar eta neugaz batera, Eñaut Zubizarreta eta Aitor Etxebarria izango dira. Beti be, espazioaren arabera.

Lehen esan bezela, Aitor Etxebarria da diskoko sustatzailetako bat, produktorea izateaz gan. Itziar Garaluceren proiekzinoak be izango dira zuzenekoetan. Holan egin doguz lehenengoko zuzenekoak, Aitzina Folk-en eta Tolosako Leidor Antzokian, sekulako harrera ona izanez, oso-oso pozok nago emoitzeagaz.

7.- Beraz, ze espero dozu 2024an?

Diskoak ibilbide luzea egitea espero dot. Lehengoko aurkezpenak egin ostean, udabarritik aurrera ibilbide luzea izatea eta geure musikea ahalik eta jente gehienen belarrietara eta bihotzetara hurreratzea. Orain arte jaso dodan harrerea ezustekoa izan da, batetik, espero baino oihartzun handiago izaten dago eta bestetik mezu piloa jasoten dodaz, bai prensan, baita kritikan be.

Orain, jarraipen hori kontzertuetara eroatea da asmoa.

8.- Horrezaz gan, ze proiektu dozuz esku artean?

Pelikula biren soinu-bandea grabau barri dogu, hala nola, Galder Gaztelu-Urrutiaren pelikula barria, Rich Flu izenekoa. Hori bai, diskoa kaleratu ebanetik lan da lan nabil eta urtarrilean deskantsau gura neuke. Zoramena izan da, oso polita baina gogorra aldi berean. Dagoeneko, diskoak bere bidea hartu dau eta indarrak hartu behar dira kontzertuetarako [barreak].

Horrezaz gan, aurtengo udan, Alos Quartet taldeagaz Kolonbiara joango gara. Udabarrian kontzertuak emongo doguz eta pelikula batzuk be badaukaguz kasik hitzartuta.

9.- Jarraitzaileentzat mezu berezirik?

Pause entzutea, harrituko dira. Publiko zabal baten mezua jaso dot eta gustura hartu dan errepertorio bat da. Gaur egun, kontzeptu hau, eskertzen dan musika muetea da, izan be, saiatu izan naz entzule bezela gustoko dodan musikea egitea. Garaiotan, Pause-rako momentu egokia da, barrura begiratzekoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu