'Dureza de cuero' erakusketea ikusteko azkenengo egunak

Bizkaie! 2024-08-27 10:42   Kulturea

Abuztuaren 30era arte, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko Erakusketa Aretoan.

Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Arte Ederren Fakultadeko Zeramika: Artea eta Funzinoa Masterra egin daben hamasei ikaslek barikuan amaituko dabe euren prestakuntzako ibilbidea, garagarrilaren 3tik Bizkaiko Batzar Nagusietan Bilboko egoitzako Erakusketa Aretoan doban edegita dagoan Dureza de cuero baterako erakusketea amaitzen danean.

Alkarrizketa iradokitzailean atondutako erakusketak, buztinak eta zeramika-prozedurek dituen aukera amaibakoak aztertzen dituen proposamen personalak batzen ditu. Leioako campusean emondako graduondoko ikastaro espezializauaren promozino barriko protagonistak dira. Lorena Aduna Larriba, Estefanía Aragón Orduz, Jone Córdoba Esteban, Efrén-Carlos García María, Victoria Garza Salazar, Antton Goikoetxea Ayastuy, Camila Gómez Echavarría, Sandra Gutiérrez Aldao, Claudia Hernández Bolaños, Ángela Lozano Álvarez, Lara Otiura Canepa, Alba Rodríguez Cadena, Arrate Rodriguez Martin, Nerea Ruiz Puente, Jon Soroa Ruz eta Clara Zubía García del Pino dira.

Artista talde hau Europako eta Latinoamerikako hainbat lekutatik dator. Hizkuntza ugari berba egiten ditue edo azentu desbardinakaz mintzatzen dira. Horrek guztiak Masterrean euren sorkuntza-prozesuetan eta fase desbardin eta liluragarrietan bat egin dauen talde kulturanitza bihurtzen dau. Euren esanetan zeramikearen eta garapen artistikoen bilakaerearen metaforea izan daiteken eta beti hain zalantzazkoak eta aldi berean hain zirraragarriak diran kontrastez, gaiztasunez eta pozez betetako bidaia bizi izan dabe. Euren promozinoaren ezaugarri nagusia intensidadea eta grina dira, eta emaitzak, taldeko personak besteko anitzak dira adierazo dabe.

Erakusketea izentatzeko, Dureza de cuero terminoa erabili da. Izen horregaz alde batetik gogortuta dagoan baina oraindino hezetasun maila jakin bat dauen buztinaren egoerea deskribiduten da. Fase horretan akaberako zenbait teknika lantzen dira, esaterako, leuntzea, bihurritzea edo ebagiak egitea. EHUko Zeramika Masterra: Artea eta Funzinoa izenekoaren belaunaldi hori termino horregaz definidu daiteke, izan be, zeramikea lan baten garapenaren faseetako bat da, eta bertan materiala, daborduko forma izanda be, oraindino aldatu egin daiteke. Etenbako aldaketea eta eraldaketa-prozesuak lotzen dau itxuraz hain anitza dan taldea.

Erakusketea Bizkaiko Batzar Nagusiak Erakundeak EHUko Arte Ederren Fakultadeagaz orain hamarkada batetik daukan akordinoaren parte da, Bizkaian trebautako talentu gazteen lana erakusteko. Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak uriaren erdigunean daukien erakusketa aretoa lagatzen dabe, lana Bizkaiko ikusleengana errazago gerturatzeko. Dureza de cuero erakusketea abuztuaren 30era arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko Erakusketa Aretoan (Hurtado Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara. Sarrera doban da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu