Itziar Okariz, Beatriz Olabarrieta eta Kampai Espazioa, 2026ko Gure Artea saridunak
2026-10-19 12:59 KultureaSaridunak euskal arte-sistema anitz, sendo eta bere garaiagaz konektatuaren adibide dira.
Gaur goizean egindako prentsaurrekoan saritutako persona eta erakundeak eta epaimahaikideek parte hartu dabe. 2026ko Gure Artea sarien epaimahaia honako honeek osotu dabe: Catalina Lozano Moreno komisario eta ikertzaileak —epaimahaiko presidentea izan da—, eta Ane Abalde Amezaga, Jon Mikel Euba Arrue, Josu Bilbao Ugalde eta Miriam Alzuri Milanes bokalek.
Persona eta erakunde saridunek 20.000 euro jasoko ditue urriaren 28an Tabakaleran (Donostia-San Sebastián) egingo dan ekitaldian.
Andoni Iturbe Kultura sailburuordeak nabarmendu dauenez, aurtengo saridunak euskal arte-sistema anitz, sendo eta bere garaiagaz konektatuaren adibide dira. Arte garaikidea oinarrizko tresnea da munduari azaltzeko Euskadik identidade edegi, anitz eta dinamikoa proiektetan dauela sorkuntzearen bidez.
Era berean, Itziar Okarizen eta Beatriz Olabarrietaren nazinoarteko ibilbideak eta Kampai Espazioak tokiko ekosistema artistikoa indartzeko egiten dauen lana azpimarratu ditu Iturbek eta erakunde publikoek sorkuntzea, ikerketea eta kultura-eragileen lana babesten jarraitzeko konpromisoa berretsi dau.
- Ibilbide artistikoa autortzeko saria: Itziar Okariz.
Epaimahaiak Itziar Okariz (1965) donostiar sortzaileari emon deutso ibilbide artistikoa autortzeko Gure Artea saria. Erabagi horren bidez, azken hamarkadetan euskal testuinguru artistikoko eragin handiko ibilbide sendoenetako bat autortzen da. Performance, ekintza, bideo, instalazino eta testu-piezen bidez, Okarizek hogeita hamabost urte baino gehiago daroaz arkitektura, lurralde, gorputz, erritual, sexualidade eta hizkuntzearen arteko hartu-emonak ardatz dituan ikerketa artistikoa lantzen. Lengoaia propioa eregi dauen eta dimensino performatibo eta kontzeptualak integretako ahalmena dauen lanaren kalidade artistikoa nabarmendu dau epaimahaiak.
Era berean, zorroztasuna, koherentzia eta esperimentetako borondate etenbakoa oinarri dituan ibilbidea azpimarratu dau. Epaimahaiaren eretxiz, elementu performatiboa esangurea sortzeko oinarrizko tresna lez txertatu eban artista-belaunaldikoa da Okariz, eta hori performance garaikidearen esparruan nazinoarteko erreferentzia bilakatu zan.
Epaimahaiak haren lanak hainbat artista-belaunaldirengan izan dauen eragin sakona nabarmendu dau —batez ere performance, idazketa eta eskulturearen arloetan—, baita prestakuntzeagaz eta ezagutzearen transmisinoagaz dauen konpromisoa be. Esangura horretan, Kalostra eta Jardun Artistikoen Institutua (JAI) ekimenetan eta Euskal Herriko Unibersidadeko, Elías Querejeta Zine Eskolako eta New Yorkeko Cooper Unioneko hainbat irakaskuntza-programatan parte hartu dau.
Nazinoarteari jagokonez, erakusketa-jarduera eta jarduera performatibo bizia izan dau Europan, Amerikan eta Asian erreferente diran erakunde eta zentroetan. Veneziako 58. Bienalean be parte hartu eban.
- Sorkuntza-lana autortzeko saria: Beatriz Olabarrieta.
Epaimahaiak Beatriz Olabarrieta (Bilbo, 1979) artisteari emon deutso sorkuntza-lana autortzeko Gure Artea saria.
Epaimahaiaren balorazinoaren arabera, Olabarrietaren jardun artistikoa esperimentazino-eremu lez garatzen da; objektuek eta materialek, txertatzen diran egoerearen arabera, sentikortasun berezia hartzen dabe. Haren lanaren ezaugarri nagusia hurbilketa intuitiboa eta erlazionala da: testuinguru bakotxaren berezitasunei erantzuteko ahalmena dauen ezagutza-tresna lez jarduten dau inprobisazinoak.
Jatorrizko egoeratik hurbil dagozan materialetan keinu txikiak eginez eta eraldaketa sotilak eginez esku hartzeko gaitasuna nabarmendu dau epaimahaiak. Esku-hartze horreen bidez, objektuek elementu material izateari ixten deutse, eta hartu-emonak aktibetako, pertzepzinoak aldatzeko eta esperientzia-forma barriak sortzeko ahalmena daben mekanismo bihurtzen dira.
Olabarrietaren instalazinoetan errepetizinoa, hauskortasuna, higadurea, zirkuituak edo prozesu automatikoak lako kontzeptuak agertzen dira behin eta barriro. Elementu horreek
denpora-dimensino bati emoten deutse bide eta, horren bidez, momentu eta leku bakotxean jazoten danaren arabera egokitzen da erakusketea. Epaimahaiaren ustez, 'edegitasun eta egokitzeko gaitasun horretan dago bere lanaren berezitasun nagusietako bat.
Euskadin eta Londresen bizi eta lan egiten dauen artisteak nazinoarteko testuinguru artistikoakaz hartu-emonetan bideratu dau ibilbidearen zati handi bat. Epaimahaiaren arabera, esperientzia horrek aberastu egin dau artistearen jarduna, eta zubiak eregiten lagundu dau euskal testuinguruaren eta egungo panorama artistikoaren ikerketa eta esperimentazio-arlo nabarmenetakoen artean.
Beatriz Olabarrieta Filosofian lizentziau zan Deustuko Unibersidadean eta, ondoren, eskulturan trebatu zan Londresen. Nazinoarteko hainbat gune eta erakundetan erakutsi dau bere lana eta, holan, arriskuak, ikerketak eta lan-metodoak etenbarik berrasmetako gaitasunak markautako ibilbidea sendotu dau.
- Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana autortzeko saria: Kampai Espazioa.
Epaimahaiak Kampai Espazioari (Bilboko gune autogestionatua) emon deutso arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana autortzeko Gure Artea saria. Proiektu honek sorkuntza garaikidearen alde egiteko lana autortu nahi izan dau epaimahaiak, batez be, praktika eszeniko eta performatiboen eta ikusizko arteen eremuan. Martxan jarri zanetik, Kampai Espazioak hainbat belaunalditako artista, kolektibo eta kultur eragileentzako topaketa, produkzino eta erakusketa-gune bultzatu ditu. Epaimahaiak praktika emergenteakaz dauen konpromisoa eta sortzaile barriei garapen eta ikusgarritasun-aukerak eskaintzeko gaitasuna azpimarratu ditu. Era berean, erakusketa, bitartekaritza eta akonpainamendu artistikoa buztartzen dituan programearen koherentzia nabarmendu dau, arte garaikidea gero eta publiko gehiagorengana hurbiltzen laguntzen baitau.
Epaimahaiaren arabera, Kampai Espazioak gaitasun handia erakutsi dau testuingurua sortzeko, eragileen arteko lankidetzea bultzatzeko eta euskal gazteen arte-sarea indartzeko. Etenbako lan horri esker, espazioa erreferentea da Euskadiko ekosistema artistiko garaikidearen arloan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
