'Zientzia Kalean' erakusketea hartuko dau Mungiak urriaren 19tik zemendiaren 2ra
2026-10-20 10:45 KultureaTorrebillela Kultur Etxeko patioan egongo da.
Formatu handiko 11 infografia izango ditu, eguneroko produktu eta egoeren atzean dagoan zientzia azaltzeko.
Mungiako Udalak eta Euskal Herriko Unibersidadeak (EHU) alkarlanean atondutako ekimena Zientzia Astea 2026 bereziaren barruan kokatzen da, Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzearen Astearen barruan.
Erakusketea Torrebillela Kultur Etxeko patioan egongo da ikusgai, euskeraz eta gaztelaniaz eta azalpen bisual eta ulergarrien bidez, bisitariek egunerokoan ohikoak diran hainbat elementuren funtzionamendua ezagutu ahal izango dabe, besteak beste, eskuko telefonoek, barra-kodeek, automobilek edo indukzino-plakek zelan funtzionetan daben azalduko da, baita txertoakaz lotutako zenbait prozesu zientifiko be.
Horrezaz gan, eguneroko elikagai eta elementuakaz lotutako gaiak landuko dira: ogiaren hartzidurea, jogurtaren elaborazinoa, iturriko ura, garagardaoa, zuhaitzen hostoak edo frutea. Panel bakotxak QR kode bat izango dau, infografiak euskeraz zein gaztelaniaz deskargetako aukerea emongo dauena. Holan, erakusketako edukiak konsultetako eta eskuratzeko aukerea izango dabe bisitariek.
Erakusketea Mungiara helduko da Udalaren, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrearen eta EHUko Ikerketea Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzearen arteko alkarlanari esker.
Zientzia Kalean EHUko Kultura Zientifikoko Katedrearen eta Nafarroako Unibersidadeko Zientzia Museoaren dibulgazino zientifikoko ekimena da, Euskampus Fundazinoaren eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibersidade eta Barrikuntza Sailaren laguntzeagaz. Jarduera honen bidez, Mungiako Udalak ezagutza zientifikora hurbiltzeko aukerea eskainiko deutse herritarrei, edade desbardinetako personei zuzendutako erakusketa dibulgatzaile eta ulergarri baten bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
