Eli Tolaretxipi, Matias Mujika, Jon Gerediaga eta Mikel Ayestaranek jasoko ditue 2026ko Euskadi Literatura Sariak

Bizkaie! 2026-10-22 08:07   Kulturea

Lau obra honeek literatureak hartu leikezan adierazpide askotarikoak erakusten ditue.

Gaztelaniazko Literatura, Euskerarako Literatura Itzulpena, Euskerazko Saiakera eta Gaztelaniazko Saiakera modalidadeetan saritu ditue, hurranez hurran, Cuerpos pasajeros, Odisea, Izena eta izana: (hitz poetikoari buruz) eta Historias de Gaza: la vida entre guerras lanakaitik.

Kulturako sailburuorde Andoni Iturbek zabaldu ditu 2026ko Euskadi Literatura Sarien Gaztelaniazko Literatura, Euskerazko Literaturearen Itzulpena, Euskerazko Saiakera eta Gaztelaniazko Saiakera modalidadeetako irabazleen izenak, Gasteizko Montehermoso Kulturunean egindako aurkezpenean. Ekitaldian Ana López Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariak eta saritutako egileek be parte hartu dabe.

Andoni Iturbe Kulturako sailburuordearen eretxiz, lau obra honeek literatureak hartu leikezan adierazpide askotarikoak erakusten ditue, poesiatik eta itzulpengintzatik saiakerara eta lekukotzara arte. Euskadi Literatura Sarien bidez, egileak ez eze, literatura-sorkuntzea posible egiten dauen kultur ekosistema osoaren ekarpena be autortu nahi dogu. Literaturea ez baita kultur adierazpen hutsa; errealidade desbardinak ezagutzeko eta mundua hobeto ulertzeko tresna be bada.

  • Gaztelaniazko Literaturaren Saria: Eli Tolaretxipi.

Eli Tolaretxipiri jaso dau, Ediciones Trea argitaletxeak argitaratutako Cuerpos pasajeros lanagaitik.

Epaimahaiak poemategiaren kalidadea eta egilearen gaitasun linguistiko eta sortzailea nabarmendu ditu, sustrai surrealistako zenbait irudi iradokitzaile eta eguneroko errealidadeagaz lotutako erretratuak buztartzeko dauen trebetasunagaitik. Era berean, lanaren kalidade linguistikoa, poemen erritmoa eta sorkuntza metaforikorako gaitasuna azpimarratu ditu.

Epaimahaiaren arabera, sakonera handiko lana da, zenbaitetan kutsu metafisikokoa, gogoeta eta irudimenaren ahalmena buztartzen dituana, irudietan oinarritutako pentsamendu poetiko eta sortzailea jorratuz.

Eli Tolaretxipi (Donostia, 1962) Donostiako HEOko ingeleseko irakaslea, poeta eta itzultzailea da. Hainbat poema-liburu argitaratu ditu, besteak beste, Amor muerto-Naturaleza muerta, Los lazos del número, El especulador, Edgar, Incidental eta Clapotis. Itzultzaile lanetan, Sylvia Plath, Elizabeth Bishop, Patti Smith, Aurelia Arkotxa eta Itxaro Borda alako egileen lanak ekarri ditu gaztelaniara.

  • Euskerarako Literatura Itzulpenaren Saria: Matias Mujika Franco de Medinaceli.

Matias Mujika Franco de Medinacelik jaso dau, Balea Zuria argitaletxeak argitaratutako Odisea lanagaitik.

Epaimahaiak «literatura unibersaleko monumenturik handienetako baten itzulpen monumentala» dala adierazo dau. Itzultzailearen trebetasun traduktologikoa ez eze, testu erraldoi bati euskerazko forma literario bikaina emoteko erakutsitako sormen-gaitasuna be nabarmendu dau.

Era berean, epaimahaiak azpimarratu dau itzulpenak euskal klasikoen eta bertsogintza tradizionalaren ezagutza sakona erakusten dauela, eta greziar literatura klasikoko obra nagusietako bat irakurleari modu atsegin eta erakargarrian hurbiltzea lortzen dauela. Berbaurrean itzulpen-prozesuari buruz egindako hausnarketea balioan jarri dau.

Matias Mujika Franco de Medinaceli (Iruñea, 1961) itzultzailea eta editorea da. Filologia Klasikoko ikasketak egin ondoren, Itzulpen Masterra egin eban. Frantsesetik, ingelesetik, alemanetik eta italieratik hainbat egileren lanak itzuli ditu euskerara, besteak beste, Goethe, Boccaccio, Maupassant, Joseph Roth eta Louis-Ferdinand Céline-renak. 2017an Euskadi Literatura Saria jaso eban modalidade berean, François Villonen Testamentua lanaren itzulpenagaitik.

  • Euskerazko Saiakerearen Saria: Jon Gerediaga.

Jon Gerediagari emon jako, Pamiela argitaletxeak argitaratutako Odisea lanagaitik.

Epaimahaiak azpimarratu dau egileak berba poetikoaren boterean sartzeko eta esangurak eregiteari buruzko hausnarketea konpartiduteko dauen gaitasuna. Lanak poesiari buruzko gogoetatik harago joten dau, identidadea, izatea, denporearen joana, heriotzea, maitasuna, naturea eta gizakiaren existentzia bera lako gaiak jorratuz.

Epaimahaiaren ustez, kalidade handiko literatur saiakerea da emoitzea, tradizino poetiko jakin baten ezagutza sakona erakusten dauena eta irakurlea hausnarketara batzea lortzen dauena.

Jon Gerediaga Goitia (Bilbo, 1975) poeta, antzerkigilea eta antropologian doktorea da. Literatura eta antzerki-sorkuntzeari lotutako ibilbide zabala egin dau, eta Filosofiako irakaslea da Lauro ikastolan. 2024an Euskadi Literatura Saria irabazi eban Euskerazko Literatura modalidadean, Zeru-lurren liburua lanagaz.

  • Gaztelaniazko Saiakerearen Saria: Mikel Ayestaran.

Mikel Ayestaran saritu dabe Gaztelaniazko Saiakera modalitatean, Península argitaletxeak argitaratutako Historias de Gaza: la vida entre guerras lanagatik.

Epaimahaiaren arabera, lanak kazetaritzaren zorroztasuna eta kalitate literarioko narrazio-eraikuntza uztartzen ditu. Gaurkotasuneko kronika edo erreportajeen bilduma izatetik harago, Gazako errealidadea ulertzeko proiektu koherente eta bateratua proponiduten dau, norbanakoen bizipenetan oinarritutako kontakizunen bidez.

Epaimahaiak nabarmendu dauenez, lanak gatazkearen erdian bizi diran personakaz jarri dau arretea, errealidade historiko eta politiko konplexu bati buruzko hurbilketa etiko eta gogoetatsua eskainiz. Heriotzeak inguratutako testuinguruan be, egileak bizitzaz berba egiten dau.

Mikel Ayestaran (Beasain, 1975) kazetaria eta idazlea da, Ekialde Ertainean espezializautakoa. El Faro de Ceuta eta El Diario Vasco hedabideetan lan egin ondoren, freelance dabil eskualde horretako gatazkak bertatik bertara kontetan. Gaur egun, Istanbulen bizi da, eta handik egiten dau lan Vocento taldearentzat eta EiTBrentzat. 5W nazinoarteko informazino-kolektiboaren sortzaileetako bat da, eta hainbat lan argitaratu ditu Ekialde Ertainari buruz.

Sari banaketa ekitaldia

2026 Euskadi Literatura Sariak emoteko ekitaldia datorren zemendiaren 20an izango da, 18:00etan Bilboko Euskal Museoan.

Euskadi Literatura Sariak

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak urtero emoten ditu Euskadi Literatura Sariak, literatura-sorkuntzearen bikaintasuna eta euskal kultureari egindako ekarpena autortzeko.

Saridun bakotxak 18.000 euroko diru-saria jasoten dau eta saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada, 4.000 euroko laguntza osogarria be jaso leike. Sarion bidez, Eusko Jaurlaritzeak literatura-sorkuntzea, talentu artistikoa eta obren nahiz euren egileen zabalkundea sustatu nahi ditu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu