Urriaren 22tik 24ra, Irudika 2026k mundu osoko 39 profesional, argitaletxe eta kultur eragile batuko ditu
2026-10-22 11:52 KultureaEuskadiko Ilustrazinoaren Nazinoarteko Topaketa Profesionalak hamar urte beteko ditu.
Sareak sortzeko eta Euskaditik lankidetza bide barriak edegiteko asmoz dator Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan, Artiumen. Topaketea aurkezteko prentsaurrekoan izan dira Vitoria-Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismo zinegotzi María Nanclares, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol foru-diputadu Ana del Valek, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Andoni Iturbe, Vital Fundazinoko zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacua, Artiumen Museoko konserbatzaile Kike Martínez, Irudikako zuzendari Elisabeth Pérez eta Euskal Irudigileak akarteko idazkari Estíbaliz Zearsolo.
Gasteizko Udalak Irudika babesten dau sormen eta kultura-industrien sektore giltzarri horretako eragileen artean sinergiak sortzea bultzatzen dauelako, nabarmendu dau María Nanclares zinegotziak. Arabako uriburuan alkarregaz igaroko ditugun hiru egun honeek esperientziak, ideak eta proiektuak trukatzeko aukera parebakoa dira. Izan be, profesionalen arteko lankidetzea oinarrizkoa da Adimen Artifizialak ekarriko dituan ondorioei aurre egiteko, gaineratu dau.
Edizino honetan, Euskadiko Ilustratzaileen Alkarte Profesionalak ilustrazino profesionala mueta guztietako publikoari hurbilduko deutso, zeharkako gai eta euskarriei erreparauta, berbarako podcastei, ikuskizunei, bideoklipei, komikiari eta intuizinotik sortzen dan marrazkirik garbienari.
Gainera, izaera soziala be gehiago indartuko dau, gitxiengoak eta bazterretan dagozan kolektiboak erdigunean jarriko dituen hitzaldien bidez; horreetan, besteak beste, Palestinatik, Frantziatik, Hego Koreatik, Herbehereetatik, Norvegiatik, Ameriketako Estadu Batuetatik, Italiatik, Argentinatik eta Mexikotik etorritako artista, argitaletxe eta sektoreko eragilek hartuko dabeparte.
Helburua da herrialde gonbidatuen dinamikak haustea eta askotariko programea eregitea, ikuskizun eta euskarri barri gehiagogaz, ilustrazino profesionalaren aurrean interesa publiko barriei helarazoteko.
Ilustrazino Profesionalaren Nazinoarteko Topaketearen edukia lau arlotan garatuko da: Hitzordu profesionalak, tailerrak, egonaldi artistikoak eta hitzaldiak, hiru jardunalditan banatuta: Sektore Paraleloak, Argitalpen Mundua eta Ilustrazino Mundua.
Danetara, 125 lagunentzako lekua izango dau formatu presentzialean, eta etorri ezin daben profesionalek online parte hartu ahal izango dabe. Horretarako, lanen galeria birtuala eta intraneta izango dira erabilgarri, eta edukia nahieran ikusi ahal izango da, jatorrizko bersinoan eta itzulita. Topaketeak eduki guztiak doban eta modu edegian emongo dira irudika.eus webgunearen bidez.
Irudikaren hamar urte
Danetara, 1.300 ilustratzailek parte hartu dabe 350 profesional gonbidaturen 150 hitzalditan. Sektorearen profesionalizazinoan ikasteko eta alkarri laguntzeko giro horretan, topaketeak 2.000 hitzordu profesional egitea ahalbidetu dau.
Euskadiko Ilustrazinoaren Nazinoarteko Topaketa Profesionalak lan handia egiten dau Euskadiko ilustrazinoaren sektorea nazinoartekotzeko eta beste kultura grafiko batzuk sustatzeko, tokiko sortzaileak aberasteko. Horretarako, 30 herrialdetako profesionalen laguntzea izan dau.
- Informazino gehiago eta egitaraua hemen.
Irudika Euskadiko Ilustratzaileen Alkarte Profesionalak, Euskal Irudigileak alkarteak, Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailaren, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzearen, Espainiako Kultura Ministerioaren, Espainiako Kultur Ekintzako Espainiako Kulturea Nazinoartekotzeko Programearen (PICE) (AC/E), Vital Fundazinoaren, Czech Literary Centre – CzechLit, eta Euskadiko Arte Garaikideko Museoaren (Artium Museoa) laguntzeari esker atontzen da, beste erakunde laguntzaile askoren artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
