Lauro Fundazinoa, euskerearen, ekidadearen eta kulturearen bidez komunidadea eregiteko jaioa da

Bizkaie! 2026-10-19 11:46   Kulturea

Komunidadea Bilbo Handiaren aurrean dauen konpromisoa osotzeko eta zabaltzeko dator.

Hamarkadatan moltsotutako esperientzian oinarritzen da euskerearen, kulturearen, kirolaren, ekidadearen eta barrikuntzearen inguruko proiektu propioa bultzatzeko. Lauro Fundazinoa Lauro Ikastolako familien kooperatiban hainbat hamarkadatan pilotutako esperientzia, ezagutza eta balioak gizartearen zerbitzura jarteko eta euskerea, kulturea, ekidadea, kirola eta komunidadea sortzea lako esparruetan proiektuak lantzeko bide barria edegiteko sortu zan. 2025ean eratutako erakundeak urriaren 19an aurkeztuko dau bere proiektua jentaurrean, Bilbon, EHUko Bizkaia Aretoko Mitxelena Aretoan (19:00retan.), euskal gizarteko hainbat arlotako ordezkariak batuko dituan ekitaldian.

Aurkezpenean parte hartuko dabe Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Lauroko komunidadeagaz eta Fundazinoaren helburuakaz loturea daben personek. Ekitaldian barriketaldia egingo da, hurrengo protagonistakaz: Julia Shershneva, Ikuspegi Immigrazinoaren Euskal Behatokiko zuzendaria, EHUko irakaslea eta Lauroko gurasoa; Iraia Iturregi, Lauroko ikasle ohia, Athleticeko jokalari eta entrenatzaile ohia eta gaur egun Espainiako selekzinoko bigarren entrenatzailea; eta Mikel Urbeltz, musikaria, ikertzailea, ‘Kafe Antzoki’-ko koordinatzailea eta Lauroko gurasoa.

Lauro Fundazinoaren helburu nagusien artean, aisialdian eta eguneroko bizitzan euskerearen erabilerea indartzea eta erabilera hori gizarteko arlo guztietara zabaltzen laguntzea nabarmentzen da, ikuspegi edegi batetik eta etorkizunera begira, hezkuntzearen eremutik harago eragina daben ekimenak sortuz. Lauro Fundazinoko presidente Xabier Manterolaren eretxiz, erakundea sortzeak orain arte egindako ibilbidean beste pausu bat emotea esan nahi dau: “Lauro Fundazinoa gizartearen erronkei erantzuteko sortu da, besteak beste, euskal kulturearen bidez personen integrazinoa sustatzeko, ekidadea bultzatzeko eta eremu akademikotik kanpo euskerearen erabilerea indartzeko. Hori guztia posible da fundazinoko profesionalen eta boluntario taldeen arteko lankidetzeari esker. Euskerea gure proiektuaren erdigunean dago, hizkuntza bat egunerokoan, aisialdian, kulturan, kirolean eta personen arteko hartu-emonetan eregiten dala uste dogulako. Euskerak gero eta presentzia handiagoa izateko beharrean gabiz eta, aldi berean, familiek alkartzeko, parte hartzeko eta komunidadea eregiteko espazioak sortzeko' adierazo dau Idoia Iruretagoienak, Lauro Fundazinoko Patronatuaren izenean. Esangura horretan, fundazinoaren jarduerea hainbat ardatzen inguruan egituratuko da, besteak beste, euskerea eta euskal kulturea, kirola, ekidadea eta barrikuntzea. Era berean, ume eta nerabe guztiek aukerea berberak izan deiezan lan egingo dua, eta egoera zaurgarrian dagozan familiei zuzendutako ekimenak bultzatuko ditu hezkuntzearen, kirolaren eta gizartearen arloetan.

Bilbo eta bere ingurunea dira Lauro Fundazinoaren jarduerearen jatorria eta eragin-eremua izaten jarraituko dabe bere komunidade osoari erantzuteko, baita Eskuinaldea, Txorierri eta Mungialdea be. Ingurune honetatik eta euskerea sustatzen kulturea eta kirolaren bitartez, euskal komunidade inklusiboa eta kohesionatua sustatu nahi da: Egiten gaituana jagon nahi dogu eta alkarlanerako bide barriak edegi, aukerak sortu eta etorkizuna ulertzeko modu honegaz bat egiten daben personak eta eragileak batu, gaineratu dau Manterolak.

Lauro Fundazioak urriaren 19an, 19:00retan, aurkeztuko dau bere proiektua, EHUko Bizkaia Aretoko Mitxelena Aretoan. Xabier Madariaga eta Teresa Aguiló izango dira ekitaldiaren aurkezleak. Era berean, Lauroko Bigarren Hezkuntzako talde batek antzezlan musikatu bat egingo dau, eta Garazi Egiguren jantzariaren eta Lova Lois abeslariaren emonaldiak be ezin ahaztu. Hori guztia erakunde barriaren ibilbideagaz eta proiektuagaz lotutako ahots eta adierazpenak buztartzen dituan programa baten parte izango da. Proiektu honegaz, Lauro Fundazinoak zeregin honi ekingo deutso:  moltsotutako esperientziaetatik ekinez, etorkizunera begira, komunidadea eta aukerak sortzen jarraitzeko eta gizarte kohesionatuagoa eregiten laguntzeko borondateagaz. Asmo hori argi jasoten dau fundazioaren leloak: Gu egiten gaituena jagonez, etorkizuna alkarregaz eregiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu