Bilbok Sareginak Jaialdia hartuko dau

Bizkaie! 2026-10-22 07:40   Kulturea

Kultura, aterpe eta migrazinoei buruzko kontakizunak aldatzeko.

Zehar-Errefuxiatuekin erakundearen eskutik, jatorri askotako 30 artista, ikertzaile, kazetari eta sortzaile baino gehiago batuko dira zemendiaren 13tik 15era, artea, pentsamendu kritikoa, musikea eta komunidade ekintzea buztartzen dituan ekimenea

Ekimenak artistak, ikertzaileak, kazetariak, ekintzaileak eta herritarrak batuko ditu migrazinoei, antirrazismoari, feminismoei eta kultura-sorkuntzeari buruz hausnartzeko, ikuspegi eraldatzailea ardatz hartuta. Jaialdiaren helburua da topaketa eta alkarrizketarako espazioak sortzea, Euskadin aterpe, migrazino, aniztasun eta alkarbizitzearen inguruko kontakizunak eraldatzeko. Bilboko egitarau nagusiaz gan, Entretejidas/Sareginak-ek hainbat jarduera atonduko ditu zemendian eta abenduan Euskadiko hainbat udalerritan, bere izaera deszentralizatua eta komunitarioa indartuz.

Ez gabiz kultura-inklusinoaz, lehendik existiduten dan errealidade kultural bat autortzeaz gabiz eta errealidade horrek erdigunean egon behar dau. Antirrazismoagaz eta migrazinoakaz lotutako kultura-adierazpenak Bilboren eta Euskadiren bihotzera eroan nahi ditugu, espazio horreetan normalean parte hartzen ez daben publikoarengaba hurbilduta. Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak bildurraren eta bazterketearen diskursoen aurrean, kultura, topaketa eta komunidadea proponiduten ditu, adierazo dau Marta García Teránek, Zehar-Errefuxiatuekin-eko gizarte partaidetza eta eragin arloko zuzendariak. Eta ondokoa gaineratu dau: Sareginak Jaialdian parte hartuko daben artistak eta sortzaileak ez datoz ordezkaritza-kuota bat beteten, gaur egungo kultura panoramako ahots barritzaile eta beharrezkoenetako batzuk dira.

Hiru egunetan, Bilboko hainbat espaziotan barriketaldiak, poesia errezitaldiak, erakusketak, tailer parte-hartzaileak, performance, antzerkia eta kontzertuak egingo dira, emakume errefuxiatuek, migratuek, arrazializatuek eta justizia sozialagaz eta bardintasunagaz konprometidutako aliatuek protagonizauta.

Zemendiaren 13an, EDE eraikinean (Manuel Allende 10) egingo dan jaialdiaren inaugurazinoa Mugatik sortu: emakume migratzaileen, migratzaileen alaben, errefuxiatuen eta arrazializatuen praktika artistikoak eta Euskadirentzako iruditeria barrien eraikuntzea ikerketearen aurkezpen publikoak markauko dau. Emakume arrazializatuen, errefuxiatuen eta migratzaileen praktika artistikoari traba egiten deutsen egiturazko baldintzei buruz hausnartzeko gonbidapena; sortzeko, ezagutzea produziduteko eta kultura-paradigmak sortzeko daben gaitasun ikaragarria autortzeko, eta hareen (kontra) narratiben prekarizazinoari eta ikusezintasunari aurre egiteko proposamenak konpartiduteko. Saio honetan, Tatiana Romero Reina, Paula Cáceres eta Qaqu arrazismoaren kontrako ikertzaileek parte hartuko dabe.

Nabarmendu beharreko beste ekitaldietako bat Kontakizuna auzitan: kazetaritza eta antirrazismoa atzerapausoen garaian barriketaldia izango da. Bertan Lucia Mbomio, Laura Arroyo eta Maryórit Guevara lako komunikazinoaren erreferenteak batuko dira. Topaketan komunikabideek arrazakeriaren, gorroto-diskursoen eta aniztasunaren ordezkaritzearen aurrean daben zeregina jorratuko da.

Programeak memoria, erbestea, identidadea, afektuak eta erresistentzia kolektiboak lako gaiak aztertzen dituen proposamen artistikoak batuko ditu eta horreen artean dagoz Zahara El Hasnaui eta Mohamad Bitariren poesia errezitaldiak, baita Rasureitor artista kolonbiarrak sustatutako Rasureitor Ile-apaindegi Disidentea esperientzia parte-hartzailea be.

Horrezaz gan, sorkuntza grafikoa, ehungintzea, argazkigintza esperimentala, afro-jantzak eta laguntza emozionala ardatz dituen tailerrak egingo dira. Tailer horreek ezagutzak, esperientziak eta komunidade-erresistentziarako moduak konpartidutako espazio lez pentsau dira. Jarduerak EDE eraikinean, Koop SF 34n (Harrobi plaza 4) eta BilbaoBaila Dantza Eskolan (Nerbioi 3) egingo dira. Egitarau osoa hemen dago eskuragarri..

Arte eszenikoek be presentzia nabarmena izango dabe

Zemendiaren 13an, barikuan, El Carmen Ekitaldi Aretoan (Simón Bolívar 4), Colectivo Caguama taldearen Paperengatik ezkontzea… egiazko maitasuna al da? antzezlana eta Asaari Bibang-en Bibang Theory bakarrizketa afrofeministea eskainiko dira.

Aniztasuna ospatzeko gunea

Amaiera jardunaldia zemendiaren 15ean, domekan, egingo da La Ribera Aretoan (Erribera 20). Musikea, topaketak eta ospakizun komunitarioa buztartuko ditu Afrika Bibang, Masta Quba eta La Tía Borracha artisten emonaldiakaz. Jaialdia zarratzeak kulturarako sarbidea, partaidetza eta gozamena kultura-eskubideen parte dirala aldarrikatu nahi dau: kultura-eskubideak giza eskubideak dira eta persona guztiek dabe kultura-bizitzan sortzeko, parte hartzeko eta gozetako eskubidea, baldintza beretan, azaldu dau Marta García Teránek, Zehar-Errefuxiatuekineko gizarte partaidetza eta eragin arloko zuzendariak.

Euskadi osoan zehar zabalduko dan jaialdia

Bilboko egitarau nagusiagaz batera, urrian eta zemendian Sareginak Ibiltaria Jaialdiaren hainbat jarduera egingo dira eta horreen artean dagoz Donostiako San Telmo Museoan Idoia Elorzagaz egingo dan Gure museoa berriz pentsatzen: Arte-sorkuntzarako laborategia eta Villabonan Rioko Fotabonegaz jorratuko dan Bertsolaritza Antirrazistaren Laborategia, biak Gipuzkoan. Arabako Errioxan, barriz, Olfa Sendesnigaz Sareginak Antzerki Sorkuntzako Laborategia egingo da, baita haren Rabia(a)-Amorrua lana be, datorren abenduaren 5ean. Jarduera horreek guztiek jaialdiaren jarrerea indartzen dabe: kultura deszentralizetea eta urigune handietatik harago topaketa, memoria eta aniztasunerako espazioak eregitea.

Informazino gehiago hemen.  


Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu