Arrate Rodriguez: 'zehaztasun txikiei erreparetan deutset'

Koldo Isusi Zuazo 2024-07-15 07:55   Barriketan

EHUko Arte Ederren Fakultadeko Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterra egin daben 16 ikaslek, Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan zabaldutako Dureza de cuero erakusketa kolektiboagaz amaituko dabe euren prestakuntza ibilbidea.

Leioako campusean emondako graduondoko ikastaro espezializatuaren promozino barriko protagonistak dira, bertoko zein kanpoko artistak: Lorena Aduna Larriba, Estefanía Aragón Orduz, Jone Córdoba Esteban, Efrén-Carlos García María, Victoria Garza Salazar, Antton Goikoetxea Ayastuy, Camila Gómez Echavarría, Sandra Gutiérrez Aldao, Claudia Hernández Bolaños, Ángela Lozano Álvarez, Lara Otiura Canepa, Alba Rodríguez Cadena, Arrate Rodriguez Martin, Nerea Ruiz Puente, Jon Soroa Ruz eta Clara Zubía García del Pino.

Erakusketearen izena Dureza de cuero da, gogortuta dagoan baina oraindino hezetasun maila jakin bat dauen buztinaren egoerea deskribiduteko.

Abuztuaren 30era arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – Beheko pisua. Bilbo), goizeko 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.


1.- Zein da Dureza de cuero erakusketearen esentzia?

Zeramikea da protagonista, hori da danok lotzen gaituana, atxakia erakusketea egiteko, Arte Ederren Fakultadeko Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterrekoak gara eta, beraz, zeramikea sano maite dogunon 16 artiston pasinoa. 

2.- Aurkeztu dozuzan obrak zelakoak dira?

Pieza handiak dira, serie baten parte; lau pieza ekarri ditut gogoan izanda erakusketa kolektiboa dala. Lanaren parte txiki bat dago Bilboko erakusketan. Batetik, lisoak eta, bestetik begetalak (petalo moduko batzuk ditue, protuberantzia batzuk, tartekatzen diranak materiari kendutako zuloakaz); kontua da ze konposaketa diferenteetan erakustea, batzuk besteen ondoan, bata besteen gainean, barruan. 

3.- Zeramika Masterrean zabiziela goagon hartuta, zer da zuretzako buztina lantzea? 

Nik neuk buztin refraktarioa edo erregogorra erabilten dot, tenperatura altuan egosten dana. Oro har, txamotea dauka, aurretik egositako buztinez egindakoak, gogortutako zatiak, ez diranak txikituko. Dakizunez, zeramikea erraz txikitu edo birrintzen da aitatu deutsudan material gogor horrek konsistentzia eskaintzen deusku, erabagigarria gure lanetarako. Txurroen teknikea erabilten dot, behetik gora txurroakaz ibilten gara, altuak diran piezak eregi ahal izateko.

4.- Ikaskideak izanik, kolaborazinorik, alkarlanik izan da?

Etenik bakoa da alkarlana, pentsaizu masterraren hasieratik erakusketara bidean zeramikearen mundua oso zabala da, mugarik bakoa, persona baten bizitzak ez dau emoten zeramikearen arlo eta ertz guztiak ezagutzeko eta, beraz, alkarlana sano beharrezkoa da, norberak ez dakiana bestearengandik jasoteko eta alderantziz. Kontuan izan, esmalte eta pigmentu zeramiko, teknika, buztiñ klase, lanketa era ugari dirala eta horreek danak masterrean jorratzen gabiz.

5.- Dureza de cuero erakusketara hemengo zein kanpoko artistak batu zarie. Norberanari eutsi ala besteek egindakotik ikasi dozu? 

Dureza de cuero da pieza bat egin behar dozun bakotxean buztiñak pasetan dauen fase bat. Teknizismoa da eta ez genekianez zer izenburu jarri konsultetan eta ibili ostean, polita, esanguratsua begitandu jakun. Larru tinkotasuna esaten ei jako fase horri eta dana dalako obran, buztiña gogortasun maila zehatzera heltzen danean, hezetasuna galdu eta larruaren tinkotasunagaz konparetan da, horixe da momentua beste pieza txiki edo handiagoak josi edo txertatzeko, ez dago bestelako koplarik. 

Beste alde batetik, asko ikasi dot, bai, oso aberasgarria da besteakandik ikastea.Tailerra alkarbanatzen dozunean, besteek egiten dabena begiratu eta aztertzen dozu eta gauza handia da hori alde onak eta txarrak, hobetu daitekezanak eta jasoten dozuz, galderak egiten deutsazuz bati, gomendioak eskatu, egunerokotasunean bizi dozuzan egoerak biziten dozuz sorkuntzan eta pozarren gabiz prozesu horretan. 

6.-  Illustratzailea, diseinatzaile grafikoa, bideogilea, liburu azalen egilea, irakurle amorratua... Zerrendea ondo dago ala beste etiketaren bat gehituko zeunke?

Nahikoa dira [Barreka]. Liburu azalen diseinuan Eider Rodriguez, Lander Garro, Miren Agur Meaberentzat egin izan ditut eta literaturea oso garrantsitsua da nire lan personalean, irakurle amorratua be banaz eta gustora hartzen ditut liburu barruetan ilustrazinoak topetan ditudanean, horreek egiten be disfrutetan dot.  

7.- Freelance ibilitakoa be bazara eta Savanna studio eta Carlos Ndungmandum be inportanteak dira zure bide profesionalean. Zer lantzen dozue?

Arlo askotan gabiz. Savanna Studioa geneukanean, diseinu grafikoaren munduan genbilzan gustora eta banakako ibilbidean, barriz, kolaborazino artistikoak eta, Ihart be ez dot ahaztuko, azkenean Hernaniko Kioskoaren zaharbarritzea egokitu jakun, Joxepa izenagaz bataiatua, Maialen Lujanbiogaz batera. 

Horrezaz gan, gustetan jatazan gauzetan, sortzen, esperimentetan ibiltea be gustetan jat. Eta erretratugintzea be ez dot ahaztuten, amorratua naz eta gauza handiak eta bai baina esentziari, zehaztasun txikiei erreparetan deutset, arpegiak dodaz aztergai, makro-mikro irudiak egiten dodaz eta jentearen izakerea usainetan, jazteko moduetan, bakotxaren gorputz-hizkuntzan dagoala jaubetuta, gizarteak edo mundu honetan bizi garen personak lotzen gaituen gauza eta sensazinoek suspertzen nabe, gauza txikietan be badagoalako zer erakutsi.  

Erronken harian, azukre koxkor seriea bideratzen nabil eta datorren ikasturteari begira zeramikeagaz jarratuko dot baina pare bat liburu sortzeko prozesuan be banabil, testua eta irudiak sortzeko esperantzeagaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu